Finlandia (1. atala) – 1.6
Egunerokoa itxi eta bolalumarekin batera Quechua txikian sartu zuen trenak zein hots gutxi egiten zuen konturatu zen bitartean. Plaza: 14B, horrelaxe zioen bi aste lehenago renfe.com webgunean erosi zuen tren txartelak eta gustatu zitzaion 14B hura. Trena jendez lepo zen baina bere alboko eserlekuan ez zegoen inor. Suncamp handia eserleku gaineko maletategian gorde eta Quechua txikia libre zegoen alboko eserlekuan utzi zuen. Trenari arreta eskaintzen hasi zen orduan eta ordura arte hartu zituen aldirikoetatik oso ezberdina zela ikusi zuen “A ze elegantzia!”. Hori pentsatu bezain pronto, beasaindarrengan ohikoa den bilaketa errituari ekin zion eta azkar topatu zuen nahi zuena. Bagoi hasierako paretan zegoen ederki torlojututa begietara begiratzen zion eta Alkainen Bittori Irratia gogoratu zion amona baten eserlekuaren gainean. CAF zioen metalezko plakatxoak eta harrotasunez bete zuen Txomin aurkikuntzak. Ez zen sekula bertan sartu baina beasaindar eta goierritar gehienen moduan, CAFeko makina bat langile zituen familia zein koadrilan. Bazuen halako harrotasun bat munduan zehar zebiltzan tren asko eta asko bere herrian eginak zirelako eta oporretan edo kanpoan zegoela, “Beasain hori” non demontre zegoen galdetzen ziotenean, kokotsa altxatuz erantzuten zuen trenen herria zela “Trenak eta Argiñano noski!”. Urte batzuk lehenago koadrila osoa Bartzelonara joan zirenekoa gogoratu zuen orduan. Metroan sartu ziren lehendabizikoan, bere lagun Iker argazki bat eskatzen hasi zen oihuka halako metalezko plaka baten azpian eta CAFeko langile txartela eskuan zuela. “Trenak, Argiñano eta odolkiak!” Ez zen asko beasaindarrek munduan zehar beraien herria goraipatzeko zutena baina nahikoa zen beretzat.
13:40etan iritsiko zen tren beasaindarra Santseko geltokira beraz ia bost ordu zituen aurretik Txominek. Momentuz ez zuen ezer gehiago egunerokoan idazteko eta iPodari heldu zion berriz ere. Agian ez zen une txarra Arcade Fireren The Suburbs berria lehen aldiz entzuteko baina motz antzera geratuko zitzaiolakoan zen “Bost ordu…”. Gainera logura ere sartzen ari zitzaion gizaki guztioi trenetan gertatzen zaigun moduan eta lokuluxka bat egitea erabaki zuen azkenean “Nik uste haurtzaroko haur-kotxeen kulunka gogoratzen digula triki-traka honek… Ez dakit Freudek zer pentsatuko duen honetaz”. Lokartzen joateko, Montrealekoen diskografia osoa jarri zuen martxan. “The Suburbsera iristerako esnatuko naiz”. Jazpanako kotoizko kaputsadun jertsea hartu, eserleku eta leihoaren artean jarri eta begiak itxi zituen burua bururdi inprobisatuan kokatzen zuen bitartean. Neighborhood #3 (Power out) kantura iristerako ametsen munduan murgiltzen hasia zen eta betiko moduan, istorioak asmatzeko probestu zuen argiaren klikaren eta ametsaren hasieraren arteko unea.
Horrela doa Finlandia orain arte.
Eta horrela doa Finlandiako non-original soundtracka.