Finlandia (1. atala) – 1.9
Alde batetik, Gullfoss eta Dettifoss ur-jauziak ikusi nahi zituen, baita Haukadalurreko geyserrak ere eta bestetik, Vatnajökull eta Langjökull glaziarrak. Eta nola ez, Eyjafjallajökull sumendi madarikatu zein ahoskatu ezina “Ikasi behar dut ba izen hori ahoskatzen!”. Apirilaren hamalauan izan zuen erupzioa eta iskanbila ederra eragin zuen mundu osoan. Zortziehun bat pertsona atera zituzten inguruetatik eta inor akabatu ez bazuen ere, aireko trafikoan arazo ederrak sortu zituen. 20.000 hegaldi geratu ziren bertan behera mundu osoan zehar. Hasiera batean Islandiako turismoarentzat negatiboa eman zezakeen gertaera horrek ordea, izotz eta suaren lurraldea mapan jartzea lortu zuen. Erupzioa eta bi hilabetera, inoizko udarik oparoena espero zuten Islandiar turismoarentzat.
Bera ordea, ez zen talde horretako kide sentitzen. Berak ere Eyjafjallajökulleko erupzioaren ostean erabaki zuen bertara joatea baina sumendi ahoskatu ezinak ez zuen eraginik izan erabakian. Islandia aspaldi zegoen Txominen mapan “Lehen diskotik ezagutzen nuen”.
Fantasiazko lekuak ziren derrigorrez bisitatu beharreko leku horiek guztiak; ur-jauzi amaiezinak, ezerezetik agertu direla diruditen glaziarrak, lurretik ura jaurtitzen duten zuloak… Hala ere, bazen leku bat Islandian paraje magiko haiek baino gehiago erakartzen zuena eta inork bereziki gomendatu ez ziona. Leku hori, hiriburua bera zen, Reykjavik.
Herri handi eta hiri txikiak gustatu izan zitzaizkion beti Txomini eta hortxe sentitzen zuen erosoen bere burua. Reykjavikek 119.000 biztanle besterik ez zituen “Donostia eskandinaviar bat”. Ikaragarrizko bizia zuela irakurri zuen nonbait, kale guztietan kultura apur bat topatu zitekeela eta bazuela argazkietan hauteman ezin daitekeen zerbait. Asko erakartzen zuen Reykjavikek, are gehiago udan izaten duten klimarekin, hamalau gradu eta zerua aratz, “Paradisua…”. Garbi zuen gainera hiriburura iritsi bezain pronto nora joan behar zuen. Bere lehen geldialdia Hallgrímskirkjako eliza izan behar zen. Ez zen batere elizkoia inondik inora ere baina leku hark magia berezia zuen beretzat. Argazkietan besterik ez zuen ikusi baina bazekien elizako plazako bankuetako batean eserita etxean bezalaxe sentituko zela. Lotura berezi bat sentitzen zuen leku harrekin eta ez zekien azaltzen zergatik. Reykjavikeko postalik ezagunena zen eliza luterano eder hura eta egia esan, ez zen zaila ulertzen zergatik. Muino baten gainean dago eta hiriko txoko guztietatik ikusi daiteke “Hiria berak zainduko balu moduan”. Europa zaharreko beste eliza batzuekin alderatuta ez da altuegia baina hala ere, Islandiako erakinik altuena da. Aldamenez begiratu ezkero, eliza bat gehiago besterik ez da baina ate nagusiaren parean duen Leif Eriksson, Erik Gorriaren semeari eskainitako estatuatik begiratuta, beste dimentsio bat hartzen du. Hirurogeita hamalau metro eta erdi harri zuri, dorre sendo bat erdian eta bertatik aldamenetara, ia lurrera arte erortzen diren eskusoinu formako bi harrizko hego. Pentsatzearekin bakarrik bertan egoteko grina piztu zitzaion Txomini. Hallgrímskirkjako eliza parean Sigur Rósen kontzertu batez gozatzea zein ederra izango zen amets egin zuen leihotik begiratzen zuen bitartean.
Bat batean, hots ezagunak entzun zituen atzealdean. Nafarroatik irten berriak besterik ez ziren baina harritu egin zuen atzeko eserlekuetan jendea euskaraz hitz egiten entzuteak. Bi eserleku atzerago zeuden bi neska gazte ziren eta hitz egiteko moduagatik nondarrak ziren galdetu beharrik ez zegoen, “Azpeitiarrak zalantzarik gabe”. Oporretara bidean ziren beraiek ere baina Txominek ez zuen entzun nora. Deseroso sentitu zen beste batzuen elkarrizketa entzuten eta bere Ipodeko musikara itzuli zen. Euskarazko hitzik entzungo al zuen zetozen bi asteetan? Moldatuko ote zen ingelesez? “Eskerrak euskaldunak leku guztietan topatzen dituzun…”.
Bakardadeaz pentsatzen hasi eta Bartzelonaz gogoratu zen. Ez zekien zer demontre egingo behar zuen Santseko geltokitik El Prateko aireportura iristeko, “Ezin da oso konplikatua izan… Bartzelona bezalako hiri batek garraiobide ezberdinak ederki komunikatuak izan behar ditu”. Bere burua lasaitzen saiatzen zen baina ez zuen askorako balio izan. Bitxia zen, bi aste igaro behar zituen bakarrik izotz eta suaren lurralde magikoan ingelesez tutik ere jakin gabe, eta beldur gehiago sortzen zion Bartzelonan hamar orduz egoteak.
Urte batzuk lehenago koadrilakoekin Bartzelonara egindako bidaiaz gogoratu zen berriz ere, Rambletatik paseoan sentitu zuen segurtasun ezaz. “Loreak saltzen ari zen amonaz ere ez nintzen fido…”. Esan bezala, herri handi zein hiri txikiak zituen gustuko Txominek eta Bartzelona handiegia zen. “Herri handi eta hiri txikiek kontrolpean dituzunaren sentsazioa eskaintzen dute. Bartzelona kontrolaezina da ordea, edoizein unetan erasotuko zaituztenaren sentsazioa duzu bertan… Hori izango da nire arazoa agian… Dena kontrolpean izan nahi dudala… Nahiz eta ni neu desastre bat izan”.
Bi maleta zeramatzan berarekin eta bidaiarako oso garrantzitsuak ziren gauzak zituen bertan. Beldur zen Bartzelonan igaro behar zituen hamar orduetan lapurreta egingo ote zioten. Zer egingo zuen orduan? “Oporrak porkulo hartzera… Ezin ditut inolaz ere galdu”. Koadrilako Joseba eta Uxune Bartzelonara joan zirenekoaz gogoratu zen orduan. Santseko geltokian ordutegi panel bat begiratzen aritu ziren minutu eta erdian maleta bat ostu zieten. “Ez zait horrelakorik pasako! Pixa egiteko ere ez ditut askatuko…”.
“Ez ditut gustuko hiri handiak…” errepikatu zion bere buruari haserretu berri den haur baten moduan besoak bildu eta estutzen zituen bitartean.
Bagoieko leihotik zelai amaiezinek sortutako zerumugari begira zegoela bere burua psikoanalizatzen hasi zen berriz ere. Oso ohikoa zuen ariketa hogeita bi urterekin psikoterapeuta bat ikusten pasa zuen urte betea eta gero. Zergatik zituen hainbeste beldur? Zergatik sentitzen zuen freno moduko bat egiten zuen guztian? Zerbait egin nahi eta beti topatzen zuen arrazoiren bat “Aitzakiaren bat hostia!” gauzak zeuden bezala utzi eta ezer ere ez egiteko. “Beti geldi, ezer mugitu gabe…”. Haurra zenetik horrelakoa izan zenaren sentsazioa zuen, parkean jolasean, eskolan, unibertsitatean, lanean… Eneritzekin. “Gauzak beste modu batera egin banitu…”
Burua leihotik kendu eta pentsamendu haietatik ihes egin nahian iPoda heldu zuen berriro. Ordu eta erdi inguru falta zen oraindik Bartzelonara iristeko eta beste lokuluxka bat botatzea erabaki zuen.
Orain arte, horrela doa Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka.