Badator TAOa! Prest?

Posted on Updated on

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
Argazkia: Goierriko Hitza

Astelehenean jarriko da indarrean TAO sistema Beasainen eta erabaki honek, Goierrin eman den hondakinen iraultza-iskanbila-eztabaidaren antzeko sentsazioak sortu dizkit barnean azken asteetan. Sentsazio horiek kontraesanak besterik ez dira. Kontraesan maiteak kontraesanak gauza ona direlako! Beti ere, zure barnean identifikatzen dituzunean. Alde batetik,  egoera bat objektibotasun gehiagoz aztertzen laguntzen dute eta bestetik, oraindik erabat itsututa ez zaudela erakusten dizute. Hori dela eta, nire barnean dabilkidan eztabaida plazaratzea gustatuko litzaidake gaurkoan The Indezents honetan.

Kontraesanak diot, lehen kolpean, nire herrian autoa aparkatu ahal izateagatik ordaindu behar izatea, ez zaidalako bidezkoa iruditzen. Kalea beti izan da herritarron eremu komun bat, guztiona, errespetuz eta eskuzabaltasunez erabiliz gero, guztion eskura egon dena. Hortxe dago ordea lehen kontraesana; errespetu eta eskuzabaltasunean hain zuzen ere. Hortxe ikusten ditut harremanean gainera TAOaren kontua eta hondakinen iskanbila.

Badira gauza batzuk sen arruntekoak besterik ez direnak. Planeta zaintzeko, zaborra sailkatu behar da eta herritarron egunerokotasuna errazteko, disuasio-aparkalekuetan utzi behar da autoa egun osoan ez baduzu erabili behar. Hori bezain sinplea da baina bai batean, eta baita bestean ere, gure gibelaren pisuak gure zentzutasunak baino indar gehiago du. “CAFera lanera noa goizero eta Mataderoan uzten dut autoa” (Benetan, ez dago nahikoa aparkaleku CAFen bertan?). “Segurarra naiz eta trenez noa Donostiara lanera egunero, ba autoa Gernika Pasealekuan uzten dut goizeko zazpietan eta arratsaldeko zazpietan hartzen dut“. Bi adibide besterik ez dira baina tamalez, jende kopuru ikaragarri batek jarraitu ditu praktika hauek urteetan zehar. Bitartean, Bernedoenea (disuasio-parkina), oinez, CAFetik zazpi minutura eta tren geltokitik seira dagonea (konometratu egin dut) autoa uzteko lekuz josita.

Kexak entzuten ditugu egun hauetan kalean TAOaren inguruan baina zaborrarekin bezela, aurretik gauzak behar den moduan egin izan bagenitu, agian, ez litzateke momentu hau iritsi ere egingo. Ez naiz sekula derrigortzearen aldekoa izan, kontrakoa ere esango nuke! Baina benetan, ez dago inon gu baino gibel-haundiagorik. Otsoari hortzak ikusi arte guztiaz paso egiten dugu eta gero, gerokoak… (Zahartzen ari naiz bai…).

Argazkia: Goierriko Hitza
Argazkia: Goierriko Hitza

Hala ere, badira TAOaren ezarketa honetan oso garbi ikusten ez ditudan bi puntu. Beno, lehendabizikoa, bigarrena abuztuko zeru bat baino aratzago baitaukat. Goazen pixkanaka. Bernedoenea aipatu dut disuasio-aparkaleku moduan eta horixe da sistema honi ikusten diodan hankarik motzena. Bernedoenea dela alegia, herrian dugun disuasio-aparkaleku bakarra. Aparkaleku hori gainera, anbulatorioaren eremuan kokatzen da eta anbulatorioak berez, badu dagoeneko kontuan izan beharreko auto joan-etorri bat. Azken urtean, ez da dagoeneko lehen bezain hutsik ikusten eta goizetan gehienbat, aparkaleku amaierara arte joan behar izaten da autoa bertan uzteko. Herrian TAOa jarri eta lehen Matadero edo Gernika Pasealekuan autoa uzten zutenek, ordaindu behar ez izateko Bernedoeneara jotzen badute, xurgatuko al du bertaratuko den auto samalda anbulatorioko aparkalekuak? Zalantza handiak ditut. Kontua da, esan bezala, Beasainen ez dagoela aparkaleku gehiago kanpoaldean eta lekurik ere ez dagoela besterik egiteko. Zein da B plana Bernedoeneak gerturatzen zaizkion autoekin ezin badu? Konponbide zaila ikusten diot.

Argazkia: Goierriko Hitza
Argazkia: Goierriko Hitza

Bigarren puntua, abuztuko zeru bat baino aratzago ikusten dudan hori (poetiko esnatu naiz gero eh?) egoiliar txartelaren kontua da. Azkenean 40 euroan jarri dute eta egokia iruditzen zait kuota. Arazoa beste leku batean ikusten dut. Nik pertsonalki, beste askok bezala, ez dut garajerik. Lanetik atera eta ordu erdi baino gehiago pasa behar izaten dut autoa aparkatu nahian (eta ez zait axola izaten etxetik zazpi edo zortzi minutura aparkatzea). Hori horrela, TAOa indarrean jarriko zela entzun nuenean poztu egin ninduen erabaki horrek, derrigorrez, kalean aparkaleku libre gehiago izatea ekarriko zuelako. Zergatik? Ba badelako oso ongi ulertzen ez dudan fenomeno bat. Bada jendea, garajea izan eta autoa kalean uzten duena (helduiok honi!). Kalea autoz betea ikusten dugu beti beasaindarrok, hori da bere egoera naturala baina azti! Elur edo kazkabar arriskua dagoenean, autoak kaleetatik desagertzen dira. Hau da, askok eta askok, autoa kalean dute baina badute non utzi. Zer esan nahi du honek? Ba CAFera edo trenaren bila joan eta autoa kalean uzten dutenak bezain gibel-haundiak direla. Lehendabizikoak arrastoan sartu nahi ditugu baina badirudi bigarren hauei bizitza barkatzen diegula. Nola? Ba garajea izanda ere, egoiliar txartela eskuratzeko aukera eskainiz. Eta zergatik galdetzen dut nik. Argudio ezberdinak entzun ditut baina ez nau bat berak ere konbentzitu. Are gutxiago, TAOak atzean duen mugikortasun zein eskuzabaltasun aldarrikapenei jarraiki. Egoiliar txartel bat garajerik ez duen auto bakoitzeko, hori izan beharko litzateke neurri egokia. Are gehiago, zentzudunak izanda, etxe hutsen aurka ari garen bezalaxe, garaje hutsen aurka ere aritu beharko ginatekelako etxe bat erosi ezi duenari kalte egiten dioten moduan, garajerik erosi ezin dugunoi ere kalte egiten baitigute.

Ez dut uste post honekin ezer konpondu dudanik baina nire buruan ideiak apur bat ordenatzeko balio izan dit behintzat. Astelehenean hasiko da TAOaren festa eta egia esan, ordura arte ezingo dugu ziurtasun osoz esan erabakia ona edo txarra izan den eta ezingo dugu jakin aurretiko beldur hauek errealitate bilakatzen ote diren. Gauza bat ordea garbi daukat, orain arte gaizki egiten genituen gauzez konturatzeko balio badu gutzienez, ongi etorria izango da TAO santua.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s