Usurbeko kritikak: La Isla Mínima

Posted on Updated on

La_isla_m_nima-276450591-large
LA ISLA MÍNIMA

Zuzendaria: Alberto Rodríguez
Gidoigileak: Alberto Rodríguez eta Rafael Cobos
Aktoreak: Raúl Arévalo, Javier Gutiérrez, Nerea Barros, Antonio de la Torre, Jesús Castro, Manolo Solo, Jesús Carroza, Cecilia Villanueva, Salvador Reina, Juan Carlos Villanueva
Produkzioa: Atresmedia Cine, Atípica Films eta Sacromonte Films
Musika: Julio de la Rosa
Argazkia: Alex Catalán
Herrialdea: Espainia
Iraupena: 105 minutu

Gogo izugarria nuen La Isla Mínima ikusteko eta hori arriskutsua izan ohi da. Filma bat ikusteko gogo asko duzunean erraza izaten da zinetik irtetean espektatibak bete ez direla sentitzea baina kasu honetan, halakorik ez, guztiz kontrakoa.

Alberto Rodriguezen filma thriller bat eta zer nahi duzue esatea? Thriller eta zine espainiarra terminoak elkarrekin ikustean aurreiritziak izan nituela onartu beharrean naiz. Are gehiago, La Isla Mínimaren atzean Atresmedia zegoela jakitean. Ezin dut saihestu baina koadrila hau zerbait ekoizten ikusten dudan bakoitzean Mario Casas irudikatzen dut nerabeek ere nahi ez duten nerabeentzako filma batean nazka ematen.

Hori dela eta, Donostiako Zinemaldian jaso zituen kritikak irakurri ostean nire jakin mina piztu zuen. Trailerra ere ikusi nuen sarean eta… Nola? Aste bete lehenago ikusten amaitu nuen True Detective etorri zitzaidan burura. Argia, elkarrizketak, pertsonaiak, testuingurua, argumentua… Kopia lotsagabe baten aurrean ginela pentsatu nuen eta sarean begira hasi nintzen. Bat baina gehiagoren ahotan entzun nuen telesail amerikarrarekiko antzekotasun gehiegi zituela eta Matthew McConaughey eta Woody Harrelsonek protagonizatutakoaren arrakasta baliatu zutela Alberto Rodriguez eta Rafael Cobosek istorioa garatzerakoan.

Hala ere ikustera joan nintzen eta gauza bakarra atera nuen garbi alderaketa honen inguruan, trailerrak batzuetan, pelikula izorratzeko gai direla hain zuzen ere. Antzekotasunak ditu bai baina kasualak izan daitezke lasai-lasai. Agian, nahastea eragin duena istorioa gertatzen den lekua da. True Detective Luisianako kostaldean gertatzen da eta La Isla Miníma Guadalquivir ibaiaren bokale inguruan. Ez nuen inguru hori ezagutzen eta egia esan, ikaragarria da. Padura amaiezinez betea dago ingurunea eta nahi edo ez, Luisianako padurak ekartzen ditu burura paraje mota horrek. Are gehiago, True Detective ikusi berri baduzu. Horretaz gain, bertan topatzen dugun gizarteak iraganean harrapatua dirudi eta bazter guztiak paletoz josita topatzen ditugu. Misisipi ibaia eta Guadalquivir beraz uste genuena baino gertuago ageri zaizkigu bata bestearengandik baina horretaz gain, benetan, La Isla Mínima istorio originala dela esango nuke.

La Isla Mínima bikain honetan bi polizia, ideologikoki plano erabat kontrakoetan bizi direnak, elkarrekin joaten dira ipuin batekoak diruditen padura hauetara bi ahizpen desagertzea ikertzera. Lan horretan, bertako errealitate eta jendartean murgilduko dira kasuan eta beraien garapenean aurrera egiten dugun heinean.

Istorioa 1982an kokatzen da eta Espainiar estatua Frankismoan ez bizitzera ohitzen hasia da. Testuinguru historiko horrek ere, balio berezia ematen dio filmari bi Espainien arteko talka nabarmena baita bai gertakarietan, eta baita bi pertsonaien artean ere. Filma osoan zehar atzeko soinua besterik ez da errealitate hau baina filmean aurrera goazen eran, garrantzia hartzen doa. Ez dizuet spoilerrik botako baina trantsizioaren inguruan zer pentsatu ematen duelakoan nahiz.

La-isla-mínima

Raul Arevalo eta Javier gutierrez bikain daude beraien papeletan eta kolpe batez “Con el culo al aire” edo “Borjamari y Pocholo” bezelako españoladetan egindako paperak ahaztu arazten dituzte. Aipatzekoa iruditu zitzaidan baita ere Nerea Barrosen lana eta harritzekoa Antonio De la Torrek filmean zehar duen pisu urria. Luxu ederra benetan estatu aktorerik hoberenetako bat hain esaldi gutxirako kontratatu izana.

Thrillerrak garapenak egiten ditu bikain edo kaka zahar eta La Isla Mínimak hortxe asmatzen du. Informazio zein gertaerak ongi dosifikatuak daude eta pixkanaka pixkanaka eta modu naturalean iristen gara korapiloaren askaerara. Askotan, bira ikaragarriekin amaitzen dira thrillerrak eta askotan baita ere, aurretik egindako lan guztia zakarrontzira botatzen dute magoaren kapeletik ateratako amaiera sinestezin zein zentzugabeekin. Rodriguez eta Cobosek ordea, ez dute azken txilipurdia bilatzen eta kasu honetan, ez du gehiago behar istorioak. Amaierak, filmaren alor ezberdinak zabalik uzten ditu baina kasua bera, itxita geratzen da. Hori ongi egin ezkero, salto mortalak ez dira beharrezkoak.

Gidoia eta aktoreak aipatu ditut baina ez nuke Usurbeko Kritika hau amaitu nahi La Isla Mínima honetako protagonista nagusiaz hitz egin gabe. Eta nola ez, Guadalquivirreko Padura da hau. Hasieran aipatu dizuet gezurretakoa dirudiela lekuak eta horrela da. Sinestezina dirudi hasierako kredituetan ageri diren lekuak gure planetakoak izatea eta aukera ona iruditzen zait gainera hasieratik, halako garrantzia ematea. Lekua protagonista bat gehiago da filmean eta bera gabe, kontatzen diguten ezerk ez luke zentzurik izango. Gerora irakurri dudanez. Rodriguez eta Cobosek inguru hau ezagutzean hasi ziren istorioa asmatzen garbi zuten gauza bakarra, beraien hurrengo pelikula han grabatuko zutela baitzen.

Benetan, erabat gomendagarria filma on bat ikusi nahi baduzu. Arrazoi gehiagorekin thrillerrak gustuko badituzu eta gehiagorekin oraindik, espainiar zinearen inguruko aurreiritziak birrindu nahi badituzu.

30

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s