Finlandia (2. atala) – 2.1
2. ATALA
2010eko ABUZTUAK 4
(ASTEAZKENA)
Logelako beste aldean entzuten zen botila hotsak esnatu zuen Txomin ordu batzuk lehenago Reikjavik City Hosteleko harrera gelan ezagutu zuen neska zoragarria protagonista zuen ametsetik. Egun luzea izan zen aurrekoa baina deskantsatuta eta abenturari ekiteko prest sumatu zuen bere gorputza. Begiak ireki eta gortina luzeek uzten zuten zirrikitu batetik kanpora begiratu zuen. Reykjavik City Hostelera iritsi zenean bezain eguraldi ona egiten zuen eta bere buruari jaikitzeko garaia zela agindu zion. Gortina atzean, eta leihoaren azpian zegoen irtengunetik lotara sartu aurretik kargatzen utzi zuen mugikorra hartu zuen ordua begiratzeko. Goizeko 08:52ak besterik ez “Joder, hiru ordu puta besterik ez ditut lo egin..”. Botila hotsak bere horretan jarraitzen zuen logelaren beste aldean eta mediterraneo itxura zuen mutil bat ikusi zuen ginebra eta whisky botila pare bat barnean zituen plastikozko poltsa zuri bat ohe azpitik ateratzen. Goizean logelara iritsi zenean zurrunka ari zen gaztea zela konturatu zen. Beste aldera begiratu eta zurrungez babesteko zakua goraino zuen gelakidearen ohea hutsik zegoela ikusi zuen.
“Hiru ordu besterik ez…” errepikatu zion bere buruari. Arreta asko eskaintzen zien beti bere lo orduei Txominek. Bilbon bizi izan zenetik, lotarako zenbat ordu zituen kalkulatzen zuen ohera joan aurretik. Nahi baino gutxiago izanez gero, urduri jarri eta gehiago kostatzen zitzaion lo hartzea. Zortzi ordu zen kopuru egokia, bederatzi ikaragarria, zazpi onargarria eta hortik behera, kaka zaharra. Asko zaintzen zuen kontu hori eta bere osasunerako berebizikotzat jotzen zuen. Aldi berean ordea, kontziente zen ardura hura kontraesanean zegoela zeraman gautxori bizia janzten zuen kulpa ezarekin. “Konpentsatzeko…” esaten zion bere buruari “Lemmy gutxiago zaindu zen eta begira nola dagoen…”. Aprensiboa zela esaten zuen hipokondriako hitza gehiegi gustatzen ez zitzaiolako. Behin, hiztegian ere begiratu zuen bi hitzen esanahia eta identifikatuago sentitu zen lehenarekin. Aprensiboa: leku guztietan bere osasunarentzat arriskuak ikusten dituen pertsona. Hipokondriakoa: nahiz eta medikuak ondo dagoela esan, zerbait gertatzen zaiola pentsatzen jarraitzen duena. “Aprensiboa hobe, nahiz eta arriskuak antzematen nahikoa selektiboa naizen…”. Hori gutxi balitz, ikaragarri eragiten zioten ingurukoen gaixotasun edo heriotzek eta berak ere halako zerbait izango ote zuen pentsatzen hasten zen segituan. Sintoma hau izan zuen, edo bestea… Beti topatzen zuen baten bat bere gorputzean. Stieg Larsson berrogeita hamar urtera iritsi berri zela bihotzeko batek jota hiltzeak ere ez zuen gehiegi lagundu. Millenium idazten ari zela, egunean lau ordu besterik ez omen zuen lo egiten eta esna zegoen denbora, bi tabako pakete eta hamaika kaferekin laguntzen omen zuen. Horri, lanera joan zen egun batean igogailua izorratuta zegoela gehitu ezkero, eskailerak igotzen amaitzean jasan zuen bihotzekora iristen gara. Txomin berak ere “obra handi zein antologiko bat” idatzi behar zuen baina ez zuen halakorik gertatzerik nahi. “Saga amaitu gabe joan zitzaigun gainera… Eta Lisbeth zer?”.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify (2. atala) eta Youtuben (Osoa).
Lehen ataleko soinu banda Spotifyn hemen.