Finlandia (2. atala) – 2.2

Posted on

Ohetik altxa eta Suncamp handia atera zuen ohe azpitik. Barruko arropa joko berri bat hartu nahi zuen bertatik baina erabat ahaztua zuen kremailerako giltzarrapoarekin topatu zen. Abiatu baino egun batzuk lehenago erosi zuen herriko burdindegi batean balizko lapurrak kikiltzeko asmoz eta giltza diru-zorroan zuela gogoratu zuen. Prakak koltxoi azpitik atera, giltza txikia hartu eta giltzarrapoa zabaldu zuen “Total, kremailera apurtzea kostatzen denarekin…”.  Behin Suncamp handia zabalik, goizeko dutxa kirasdunaren ondoren barruko arropa aldatu zuela gogoratu zen. Giltzarrapoa itxi eta giltza diru-zorrora itzultzean, ezkutuko zorroan ehun euro besterik ez zituela oroitu zuen. Oporrei ekin baino bi aste lehenago bankura joan zen króna batzuk lortzea posible ote zen jakiteko asmoz baina txanpon hori ez omen zegoen erabiltzen zituztenen artean. Ez zuen gehiegi konbentzitu azalpenak baina krónarik gabe irten zen sukurtsaletik “Funtzionarioak eta bankuetako langileak. Eguneroko lan errutinatik ez ateratzeagatik edozein gauza”. Bankuan kasu egin zion neska gazte panpox zein lehorrak, dirua Islandiara iritsi bezain pronto ateratzea gomendatu zion ohikoa zuen mespretxuarekin “Zein pentsatuko ote du honek dela? Nahiago nuke zure ordez Eroskiko kajera bat egongo balitz, askoz atseginagoak dira… Egunen batean kexa bat jarri behar dut…”.

Chiquilín pakete bat baino lehorragoa zen bankuko langilea burutik kendu eta arropa janzten hasi zen. Reykjavik ezagutzen hasteko ordua zen. “Dirua atera. Horixe da nire lehen misioa Islandian”. Kamiseta jantzi zuen dirua non atera harreran galdetuko zuela erabakitzen zuen bitartean. Burua lepotik ateratzean botilekin jolasean ari zen gazteak egun onak eman zizkion.

-Gud mornin! – “Joder, hau ni bezalaxe dabil ingelesarekin…

-Espanix? – “Ingeles horrekin ezin da oso urrutikoa izan. Espainiarra edo frantziarra”.

-Italian – “…edo italiarra”.

-Bonjorno!

-Buon giorno – Erantzun zion italiarrak irriparre batez – Mai neim is Lorenco

-Laik de outsaid! –“Kanpoaldean gogor jotzen ari dekena! Harrapatu dek? Ona izan dek!”.

-Guat? – Higgsen Bosoiaren teoria azaltzen ariko balitzaio moduan.

Nazin els maders – Eskuarekin ahazteko keinua eginez. “Ez egin txisteak ingelesez Txomin. Nahikoa duzu komona non dagoen galdetzen asmatzen baduzu...”

-Jaf yu a parti jesterdei? – Ohe azpian zituen botilak seinalatuz.

Baietz erantzun zion, hutsik zeudela. Oporraldiko azken gaua zutela eta parranda ederra bota zutela aterpetxe inguruan. Bere arrebarekin egin omen zuen Islandia osoko buelta. “Batzuk amaitu eta besteak hasi”. Lehen eskuko informazioa eskuratzeko baliatu zuen Txominek parada eta Islandiaren inguruan galdetu zion Lorencori. Italiarrak ordea, beste leku batean zuen zentratua bere interesa. Parranda eta alkoholaz besterik ez zion hitzik egin. Alkohola oso garestia zela Islandian eta lokal espezializatuetan besterik ezin zela erosi. Horretaz gain, garagardo marka ezberdinak gomendatu zizkion eta Brennivín izeneko edari batekin kontuz ibiltzeko ohartarazi zuen. Oso gogorra zela eta burura oso azkar igotzen zela.

Harrituta geratu zen Txomin Lorencok alkohola eta festarekiko zuen obsesioarekin. Urte batzuk lehenago, berak ere ez zuen askoz gehiago buruan baina disimulatu egiten zuen behintzat, edo hori iruditu zitzaion une hartan. Ikaragarria iruditu zitzaion Islandia bezalako leku batera joan eta hori baino helburu edo erronka gehiagorik ez izatea. Ibili, lekuak ikusi, kultura ezagutu, harreman berriak egin… “Baina zer koño ari naiz esaten?!” Bere bizitza osoan zehar, halako helburuak zituen lehen aldia zela konturatu zen une hartan Txomin eta lotsa eta harrotasunaren arteko zerbait sentitu zuen. “Flogging Mollyren Drunken Lullabies Ekhirentzat! Joder… Eta txiste hauek ez ditu inork entzun behar benetan?”.

Orain arte, horrela doa Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s