Finlandia (2. atala) – 2.6

Posted on

 

FLAG Finlandia
Udaletxeko ordenagailu batean inprimatu nuen hegaldiaren xehetasunekin posta elektronikora iritsi zitzaidan agiria. Erabakia hartua zegoen eta ez zuen atzera bueltarik. Islandian bakarrik pasa behar nituen 2010eko oporrak. Irudikapenak alde batera utzi eta bidaia prestatzen hasteko ordua zen.

Islandian egon zen jende ezberdina topatzen saiatu nintzen ezagunen artean alde batetik eta interneteko foroetan bestetik. Zerbitzuetako teknikari baten anaia bi urte lehenago egon zen lagun batzuekin bertan eta telefonoa eskatu nion kafe bat hartu eta Islandiaren inguruan ahal bezain beste informazio eskuratzeko. Harren bidez jakin nuen beraiek egon ziren uda berdinean Islandian bi aste pasa zituen beste beasaindar baten berri. Taldean joan ziren bi espedizioak eta ados egon ziren Islandia ezagutzeko modurik egokiena, auto bat alokatzea zela esatean, 4×4 bat ahal izanez gero. Nik ordea, bakarrik egin behar nuen oporraldia eta auto bat alokatzearena ez zen aukera bat. Aurrekontua ikaragarri igoko zuelako alde batetik, eta bakarrik joatearen alde onetako bat, aterpetxe eta bidaia ezberdinetan jendea ezagutzea zelako bestetik. Auto batean bakarrik ibiliko banintz alde batetik bestera, oso bidaia bakartia izaten amaituko luke eta ez nuen hori nahi inondik inora. Bakarrik joan bai, baina bakarrik egon, ez. Aspaldi ikasi nuen bakardadea eta ni ez garela adiskide onak.

Hiri batetik bestera mugitzeko garraioen inguruan galdetu nien orduan baina ez zuten horren berri. Han topatu zuten jendearen artean ba omen ziren autobusez mugitzen zirenak baina ez zekiten ez non hartzen ziren, ez noiz eta ezta preziorik ere. Hala ere, bakarrik joanez gero, auto bat alokatzea baino merkeago aterako litzatekeela iruditzen zitzaien. Gainera, autobus askorekin egin omen zuten topo errepidean. Trenik ba ote zegoen ere galdetu nien eta zerbitzuetako teknikariaren anaia, galdera horren zain zegoela iruditu zitzaidan. “Islandia osoan ez dago trenbide bakar bat ere!”. “CAFekoi abisatu beharko diegu” erantzun nion.

Ikusi beharreko lekuez galdetu nien eta bai aurrez aurre izan nituenak eta baita foroetan erantzun zidatenek ere, leku berberak gomendatu zizkidaten. Gainera, guztiak bat zetozen bidaia egiteko moduarekin. Egokiena, Reykjaviketik irten, iparraldera abiatu eta irla osoari buelta ematea omen zen. Reykjavikeko egonaldia Gullfosseko ur-jauzia eta geyserrak ezagutzeko probestu zitekeen eta Akureyrikoa, Detifoss eta Mivatneko lakua ezagutzeko. Vatnajökulleko glaziarra, Islandiako guztietan handiena hego-ekialdean zegoenez, itzuli amaieran Reykjavikera bueltan ikusi zitezkeen. Langjökull eta Hofsjökull glaziarrak aldiz, Reykjavik eta Akureyri artean zeuden irlaren erdialdean.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s