Finlandia (2. tala) – 2.7

Posted on

Bidaia forma hartzen ari zen pixkanaka eta googletik atera nuen Islandiako mapak zirriborro gehiago zituen gainean egunero. Hala ere, hiri bakoitzean zenbat gau pasa behar nituen zehazten hasi beharrean nintzen. Ezer lotua izan gabe Islandiara joateak, deseroso sentiarazten ninduen oraindik. Are gehiago, elkarrizketatuek kontatutakoa eta gero. Hotelak ikaragarri garestiak zirela azaldu zidaten. Euskal Herritik joandako batentzat, aterpetxeak omen ziren aukera bakarra beti ere, kooperatiba bateko edo CAFeko langile ez bazinen behintzat. Aterpetxeak ordea, azkar betetzen ziren udan eta erreserbak aurretik egitea komenigarria zen. Zinegotzi aluak mahai azpian zituen hamaika kaxetako batetik Beasaingo Udalak urtero ateratzen zuen egutegietako bat lapurtu eta abuztuko orria kendu nion.  Hortxe idatziko nuen nire ibilbidea.

Interneten begira hasi eta Islandiako aterpetxe gehienak Hostelling International katekoak zirela ikusi nuen. Urte batzuk lehenago, koadrilakoekin Portugalera joateko atera nuen aterpekide txartelaz gogoratu nintzen orduan. Etxeko tiraderetan begira hasi eta topatu nuen azkenean baina iraungita zegoen dagoeneko. Horrelakoak egiteko Ordiziako Gazte Bulegora joan behar zen garai hartan eta bertan atera nuen berria. Txartel hau ez da beharrezkoa Hostelling International aterpetxeetan lo egiteko baina eduki ezkero, kontuan hartzeko moduko deskontu bat egiten dizute.

Hostelling international katearen webgunean sartu eta aterpetxeak begiratzen hasi nintzen. Reykjaviken bi atera zitzaizkidan: Reykjavík Downtown eta Reykjavík City Hostel. Lehena hirigunean zegoen eta bigarrena erdigunetik hamar bat minutura autobusez. Reykjavík Downtownek itxura ederra zuen baina gau bakoitza hogeita zortzi euro inguruan zebilen. Reykjavík City Hostelean berriz, gau baterako ohea hamazazpi euroren truke eskuratu zitekeen. Hamalau gau igaro behar nituen Islandian eta  askoz erakargarriagoa egin zitzaidan  bigarrena. Zer dira gainera hamar minutu autobusean?

Zenbat egun beharko ote nituen Reykjavik ondo ezagutzeko? Eta bertatik egin beharreko txangoak burutu ahal izateko? Reykjavík, Gullfoss, geyserrak… Vatnajökull? Islandia handia zen eta denbora gutxi nuenez, Reykavíken lehen hiru gauak pasatzeko hautua egin nuen. Nahiz eta Beasaindik abuztuaren hiruan irten, iristerako abuztuaren laua izango zen. Lehen egunak ez zuen ezertarako balioko. Laua hiriburua ezagutzeko eta bosta, ikusi beharreko leku horietakoren bat ezagutzeko baliatzea erabaki nuen. Bakarrik joanda ez nuen arazorik izan Reykjavík Cityn ohea topatzeko eta egutegian lehen zehaztapenak idatzi nituen: Abuztuaren hirutik seira Reykjavíken.

 

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s