El Ministerio del Tiemporen tripetara begira

Posted on

Hain ona al da El Ministerio del Tiempo? Ba bai, hain ona da. Eta ez gidoi aldetik edo teknikoki Ameriketatik datozen telesailen pare dagoelako (ez baitago) baina hain ona da bai, ausarta delako, estatu puta honetan sekula ikusi edo irudikatuko genukeena baino askoz ausartagoa.

Aldi berean, paradoxikoa ere bada (hitz polita denboran bidaiatzeaz hitz egiten duen telesail batez ari garela kontuan hartuz) telesail hau noiz agertu den. Krisi garaian alde batetik (aurrekontu altua behar du bai ala bai) eta Urdaciren garaietatik muturren parean izan dugun TVE zaharkitu eta ozpinduena jasaten ari garelako bestetik. Hala ere, apustu egin dute Olivares anaien istorioagatik eta telebista publikoek  sorkuntzaren bidean zabaldu beharreko atea zein den erakutsi digute (TVEk izorrai…)

761

Eta bai, nola ez, gure ETB maitatu zein gorrotatuaz gogoratzen naiz hau idazten ari naizela, euskaraz den lehendabizikoaz bereziki. Historiako TVErik beldurgarrienak El Ministerio del Tiempo jarri du abian eta gu bitartean… Zer demontretan ari gara gu? Ba ez dakit zehazki baina badirudi ETB1en helburu bakarra hiltzear egongo den ikusle fidelez osatutako taldetxoa mantentzea dela (Inork ezagutzen al du talde honetako inor?). Hori alde batetik eta bestetik, Gu ta Gutarrak eta Gaztearekin sortzen ari garen gaztetxo elitea. Horiek dira dirudienez datozen urteetako ETBren publiko potentziala (bai, hasi errezatzen. Ez du axola Jainkoan sinesten duzuen edo ez, beharko dugu).

p036_f01

Hala ere, nire gaurko intentzioa ez zen gure telebista publiko maitea egurtzea beraz ordenagailu aurrean jarri nauenari helduko diot, El Ministerio del Tiempo bikainari hain zuzen ere. Bikaina? Beno, ez hainbeste onartuko dizuet baina bai urteko produktua estatu mailan zalantzarik gabe. Azkenaldian denboran zeharreko bidaiak protagonista dituen filmak ikusten aritu naiz eta onartuko dizuet baita ere, nahiko maniatikoa naizela…

Zientzia Fikzioa zientzia fikzioa da eta nahiz eta horrek errealitatea bere horretan islatzearen arduratik libratzen duen, zientzia fikzioak, beste genero batzuk baino gehiago agian, istorioaren barne planteamenduaren logika erabat beharrezkoa du. Hau da, iman moduan funtzionatu dezakeen pertsonai bat sortu dezakezu baina pertsonai horrek ezingo du inoiz zuhaitz bat erakarri. Adibide hau esajerazio bat besterik ez da baina sentsazioa dut El Ministerio del Tiempori halako akats asko barkatu zaizkiola hain zuzen ere, ikusleen artean ilusioa sortu duelako (Basamortu batean lore bat aurkituz gero ez genuke zapalduko ezta?)

Lehen ataletik, erabat lotuak ez zeuden puntuak sumatu ditut ministerioaren ateen funtzionamenduan eta hauek zuekin elkarbanatzea gustatuko litzaidake hala balitz, nire akatsak zuzentzeko (Deseatzen naiz norbaitek oker nabilela esan eta telesaila, ezin egona sortzen didaten puntu hauek gabe gozatu ahal izateko).

elministeriodeltiempo

1.- Lehen atalean ongi azaltzen duten moduan, ez dago etorkizunera eramaten duen aterik “Denbora dena da, ez gehiago”. Iritzi ezberdinak irakurri ditut honek zentzurik ez duela esanez baina ez nator ados. Gidoigileak dira unibertso honek arkitektoak eta libre dira bere egitura zehazteko. Planteamendu horrek ordea, akats bat du bere barnean. Ados, “Denbora dena da, ez dago gehiago”, baina noizbait izan da gehiago ezta? Hau da, Ateak XV. mendean topatu zituzten, egun hartatik existitzen du Denboraren Ministerioak. Horrek esan nahi du, garai haietan ez zegoela adibidez  1982ra eramango zuen aterik. Ulertzen dut beraz, denborarekin ate berriak agertzen joan direla baina telesailean ez da halakorik esaten (Oraingoz behintzat 2 atal atzeratuta bainoa). Gaur egun ere, ate berriak agertzen jarraitu beharko lukete hemendik 10 urtera 2015era itzultzeko aukera izateko. Ministerioak bizitza propioa izan beharko luke eta denbora aurrera doan eran, sortzen doazen garai berrietarako ateak agertu beharko lirateke.

2.- Ateak une berberera daramate beti. Hori diote behintzat. Adibidez, ate batek 1642ko Toledora eraman dezake. Hori da telesailean azaltzen zaiguna baina atalero, planteamendu hau zentzurik gabe uzten dute etengabe. Sartzen garen bakoitzean leku berberera eraman beharko gintuzke, une berean, baina hori ez da gertatzen. Adibidez, 3 protagonistak misio batera joan daitezke eta hortik 8 ordura beste bi agente laguntzera bidali. Kasu horretan, bi agente horiek, gure 3 protagonistak azaldu diren une berera joan beharko lirateke baina telesailean, 8 ordu beranduago agertzen dira.

Akats hau da larriena zalantzarik gabe telesail osoa zentzurik gabe uzten baitu. Demagun, Picassoren Gernika berreskuratu nahi dute norbaitek faktura desagertu arazi duelako Espainiar Estatua artelanarekin egin zen egunean. Historiaren aldaketa hori ekiditeko bidaltzen dituzte protagonistak eta aukera bakarra dutela dirudi okerra konpontzeko. Ba planteamendu orokorraren arabera, horrek ez du zentzurik misioan kale eginez gero, berriz itzuli eta aldatzeko aukera izango bailukete anhi bezain guztietan. Baten batek esango du lehendabizikoan konpontzen ez badute historia dagoeneko aldatua egongo dela eta Ministerioak ez lukeela jakin ere egingo Gernika Reina Sofian egon zitekeenik. Ados, posible da baina ez nau konbentzitzen arrazoi bakar batengatik. Protagonistak bidaltzen dituztenerako, badakite faktura falta dela eta planteamendu horren arabera, dagoeneko Gernika ez litzateke sekula Reina Sofiara iritsiko, Ez lituzkete sekula agenteak bidaliko akatsa konpontzera.

Akats honi lotuta, bada kirioak dantzan jarri dizkidan beste atal bat. Ateak Isabel erreginari erakutsi zizkion judutarra salbatzera joaten direnean, ate hori bukle egoeran dagoela azaltzen digute. Egun hartara behin eta berriz joan omen daiteke. Ba barkatu baina planteamendu orokorraren arabera, ate guztiekin berdina pasa beharko litzateke beti leku zein une berberera eramaten baitute.

descarga

3.- Lan eguna amaitzean, etxera joan behar dira agente guztiak eta etxe horiek, beraien garaian zituztenak dira. Hau agian, ez da planteamendu edo egitura akats bat aurreko bien moduan eta susmoa daukat Julian eta Ameliaren arteko harremanaren arku trama errazteko erabaki bat besterik ez dela. Hala ere, ez du zentzurik bere gurasoekin bizi den XIX. mendeko neska batek egun eta gauak misioetan igarotzeak eta bere gurasoek ezer arrarorik ez susmatzeak. Are gehiago! Ateak beti une berberera eramaten badute, beti egun berberera itzuliko lirateke eta ez luke zentzurik izango behin eta berriz egun berbera bizitzen jarraitzeak.

Hala ere, akats hauek konpondu ditzakeen azalpen bat ere bada baina nik behintzat ez dut halakorik entzun edo ulertu telesaila ikustean (Hala bada, eskertuko nuke zein ataletan eta noiz esaten den esatea). Demagun ateak garai eta leku batera eramaten dutela baina gure denboraren moduan aurrera doazela. Hau da, gaur 1880ko abuztuaren 12ko Salamancara eramaten duen ateak, bihar, urte bereko abuztuaren 13ra eramango luke Salamanca bertara. Kasu horretan, ateak egunero une ezberdin batera eramango lukete eta ateen planoa egunero aldatuko litzateke. Planteamendu honek ordea, badu akats bat. Hori horrela izango balitz, denbora aurrera doan eran une bat iritsiko litzateke non ezingingo genukeen 1205era joan ate guztiek, egun hori igaro dutelako dagoeneko.

6a00d8341bfb1653ef01bb07f6ac0f970d

Akatsak akats, badira gauzak El Ministerio del Tiempo zoragarri honek ongi egiten dituenak eta hortik hain zuzen ere, lortu duen arrakasta. Denboran bidaiatzeaz ari da baina edozeinek ulertzeko moduan hitz egiten du, espainiar kultura eta historia hizpide ditu etengabe eta hori, gaurkotasunez janzten duten elementu edo esaldiekin uztartzen du. Hori guztia medio, telesaila idetifikagarria egiten du iksulearentzat eta hori gutxi balitz, Espainiaren historia eta kultura indartu eta zabaltzen ditu.

Eta amaitzeko, nirearekin jarraituko dut. Zergaitik ez dugu horrelakorik egiten demontre!? Euskal kultur eta historia ardatz…? Imaginatzen…? Beno, utzi egin behar zaituzten Gu ta Gutarrak hasten da eta!

Bonus Track: Aipatu dizuet azken asteetan denboran bidaiatzeaz hitz egiten duten filmak ikusten aritu naizela eta ez nuke post hau amaitu nahi oso sentimendu ezberdinak piztu dizkidaten bi aipatu gabe. Lehena, oso oso ondo kontatuta dagoen baina planteamendu akats ikaragarri bat duen Predestination eta bigarrena, ondo planteatuta baina oso oso gaizki kontatua dagoen Primer. Ikusi biak eta hitz egingo dugu.

One thought on “El Ministerio del Tiemporen tripetara begira

    Demonocrazy said:
    10:11 am 2015/04/27

    Atzo amaitu nuen lehen denboraldia. Nahiko ados hemen esandakoekin, ausarta da, estatuan aspaldiko partez interesa piztu eta gustura ikusteko moduko telesail bat. Ez da gutxi, eta euskaldunok inbidiaz begiratzea… Goenkalek utziko duen tokian zerbait berritzailea jartzeko aukera baliatuko dugu? Esperantza gutxi, onena Katiohotsak-eko jendea telesail bat guztiz libre egiteko kontratatzea. (Segi amesten…)

    Gaira itzuliz: Ausardiak, umoreak eta komunitatea sarean nola kudeatu duten ikusteak puntu asko ematen dizkio. Bestalde, telesaila ez da inondik inora plano egonkor batean mantentzen. Denbora bidaiak kudeatzeko zailak dira, egin diren film gehienei paradoxa eta raccord arazoak egotzi zaizkie. Argi dago alderdi zientifikoa ez dela azaldu nahi (horregatik zientzia fikzioa baino, fantasiazko generoan sartu beharko genuke taliban jarrita), baina hartutako lizentziak momentu batzuetan gehiegizkoak iruditu zaizkit. (Gutxienez Chronotron-en pixka bat jokatu beharko lukete http://www.kongregate.com/games/scarybug/chronotron)

    Zuk diozun arazoari dagokionez, ateek ez dute denbora absolutu batera eramaten, etengabe aurrera doaz, hau da, orain ate batek 1977ko abenduaren 24ko goizeko 11:00etara eramaten bagaitu, ordu bete barru 12:00etara eramango gaitu. Hori liburua ematean azaltzen da (eta mugikorreko aplikazioa hortik dator). Dena den, hau ere ez da errespetatzen (Groundhog day unean, eta Madrileko futbol partidaren anekdotan adibidez). Hori gutxi balitz, ez da denbora antolamendu zehatz bat adosten (historia ezin da aldatu, hau da, lineala da eta egingo ditugun aldaketa guztiak berez egingo genituela aurreikusita zeuden) edo kaosaren teorian bezala, aldaketa orok etorkizuna aldatuko du? Bigarrena aukeratzen dela dirudien arren, azken kapituluko kotxe ezbeharrak aurkakoa aditzera ematen du. Gainera, planteamendu osoa dago dantzan, atzera joaten bagara zerbait aldatzera, eta ondo irteten bada, gaur egunera ez da hasierako arazoa iritsiko. (Ze kritikatua izan den Marty Mcflyren argazkien erabilera…). Paradoxak zenbaezinak dira.

    Gidoia ere zaila da sinisten, txisteak, garai bakoitzeko “kasualiteateak”, eta bereziki hizkuntza. Garai guztietan gaztelera berbera hitz egiten da?

    Frikiok maitatzen ditugun telesailei akatsak aurkitzeko dugun zaletasuna jakinda. Zorionak proiektu honen atzean ibilitako jendeari, ea laster bigarren denboraldia datorren, paradoxekin, klixeekin, logikatik kanpo, baina historia modu ludiko eta “kritiko” batean prime TIMEan gozatzeko bokazioz.

    PS: Denbora bidaietan gehiago sakontzeko gomendio bat: “Frequently Asked Questions About Time Travel” filma

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s