Finlandia (2. atala) – 2.17
Irribarre zabal batekin eman zizkion azalpen guztiak baina Txominek ez zion tutik ere ulertu. Geratu zitzaion artaburu aurpegiaren ezinbesteko laguntzaz eskerrak eman eta barrura sartu zen. Lily bilatu zuen begiradarekin txoferrak zer demontre azaldu zion argitzeko asmoz eta autobusaren amaieran topatu zituen betaurreko handiak. Eskuarekin ondoko eserlekua libre zegoela adierazten zion baina ikusi zuenerako, alboan zuen amona batek eskutik heldu zuen.
-You haven’t understood anything, right? Don’t worry, I’ll explain you. – Eskutik helduta goxotasunez tira egin zion Txomini bere aurreko eserlekuan eser zedin “Kaka, betaurrekoek berotzen nautenarekin”. Laurogei urtetik gora zituen baina oso ondo zahartu zen. Ile orrazkerak zein arropak Segurako edozein Margari edo Ortentxi gogoratu zezaketen baina bere aurpegiak izaera berezi bat eskaintzen zion. Ilearen kolorea sekula ikusi ez zuen zuritasun batekoa zen. Bizi on bat iradokitzen zuten zimurrez jantzia zuen aurpegia eta sudur zorroztu baten gainean harri bitxiak ziruditen bi begi urdin txiki zituen.
-You have difficulties speaking English, don’t you? – Irribarre gozo batez eta eskua askatuz. – Pétur is a kind man but he speaks like fishermen from the north of Iceland. – Bi harri bitxiek distira egin zuten barre algara batek ihes egin zionean .
Oso garbi hitz egiten zuen ingelesez eta nahiz eta hitzen batek ihes egiten zion, arazorik gabe ari zitzaion Txomin guztia ulertzen. Buruarekin onarpen keinu bat itzuli zion orduan eta irribarre batez, eta eskuez lagundurik, azalpenarekin jarraitzeko eskatu zion.
-The ticket you’ve bought lasts for 40 minutes. Until then, you can take any bus without buying any new ticket. Ok? – Oso geldo hitz egin zion eta eskuekin lagundu zuen azalpena.
-Ok, zenkiu beri matx – Erantzun zion Txominek azalpena bihotzez eskertuz “Zein adeitsua den jendea hemen. Horrela gustua ematen du…”. Ez zekien non geratu behar zuen eta autobusetik Hallgrímskirkjako elizaren bila hasi zen leihotik. Irakurri zuenagatik, ia Reykjavik osotik ikusi zitekeen beraz horrek izan behar zuen geralekua aukeratzeko bilatu beharreko erreferentzia. Horixe zen ikusi nahi zuen lehen lekua. Horixe zen azken asteetan buruan bueltaka izan zuen irudia. Horretarako, non jaitsi behar zuen amonari galdetzea ere pasa zitzaion burutik baina bere burua Hallgrímskirkja esaten irudikatzean gogo guztiak kendu zitzaizkion. Pixkanaka, hiri kanpoaldeko errepide zabalak atzean utzi eta hirigunea izan zitekeela iruditu zitzaionean murgiltzen hasi ziren.
-Don’t worry, there are four more stops before you arrive to the city center. I’ll get off at HIemmurre but you need to go on. – Azaldu zion elur-ilezko amonak poliki-poliki. “Ikaragarrizko tonto konplexuarekin itzuli behar naiz etxera…”.
-Zenkiu beri matx agen – Erantzun zion Txominek Islandiara iritsi zenetik ahoan zizelkatua zeraman irribarrearekin – Jau sei zenkiu in aislandik?
-Takk! – Erantzun zion amonak Txominen interesa eskertzen zuen harridura aurpegi batekin “Joño! Orain badakit zer esan nahi duen Sigur Rosen diska antologiko hartako izenburuak!”.
-Ttak! – Bota zion Txominek bere ahotsaren ozentasuna nahi baino gutxiago kontrolatuz.
Txalo bat eman zuen airean orduan emakumeak poztasun oihu batekin batera. Keinu hori munduko amona guztiek errepikatzen zutela pentsatu zuen Txominek. “Lastima biloba jaioberriak edo zakurrak zerbait berria ikasi dutenean egiten duten…”.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.