Finlandia (2. atala) – 2.18

Posted on Updated on

Hirigunean barneratzen jarraitu zuten eta autobus geltoki bat zirudien eraikin txiki batera iritsi ziren. Hiri itxura zuten eraikinez inguratu zegoen eta geltoki bat baino gehiago, autobideetako atseden guneetan zerbait jan nahian topatu ditzakezun ezleku horietako bat gogoratzen zuen. -So, I get off here. It’s been a pleasure. – Esan zion amona zoragarriak hamasei urteko neska baten erraztasunarekin eserlekutik altxatzen zen bitartean – Enjoy your stay in Reykjavik. – Esan zion Barbara Goenagak ere beretzat nahiko lukeen dotoretasunarekin. -Ttak! – Errepikatu zuen berriz Txominek lezioa ondo ikasi duenaren aurpegiarekin. “Begira zer ikasi duen gaur zakurrak! Gailetarik?”. – Gudbai! -Bless! – Eskuarekin agurtuz eta hitz berri bat erakusten ari zitzaiola adieraziz. “Beste hitz bat txakurrarentzat. Kaixo bakarrik falta zait oinarrizko hirukotea osatzeko”. Euskalduna izateak beste hizkuntzekiko interesa izatea itsatsita zeramala pentsatu zuen beti. Hizkuntza txiki bat hitz egiten zutenek jaiotzez atxikia zeramaten zerbait iruditzen zitzaion eta mundu osoak jarrera hori izanez gero, guztia errazagoa izango zela pentsatzen zuen “Agian arrazoi berberagatik gorrotatuko dut hainbeste ingelesa…”. Hori zela eta, atzerrira joan eta hizkuntza berriren batekin topatuz gero, beti saiatzen zen gutxienez kaixo, agur eta eskerrik asko bertako hizkuntzan nola esaten zen ikasten. Interes berezia zuen eskerrik asko terminoarekin eta zortzi hizkuntza ezberdinetan zekien esaten “Bederatzi honekin! Peter Brodericken And It’s Alright amona adeitsuarentzat!”. Autobuseko atera begiratu zuen amona arinak lurrera salto nola egiten zuen ikusteko eta Lily ere parada horretan jaisten zela ikusi zuen. Irribarre batez agurtu zuten elkar “Nik uste gustuko nauela… Eta nik bera? Nire buruari galdetu behar badiot ez gehiegi… Bigotten Cool Single Wedding zuretzat Lily” Hlemmurreko geltokia atzean utzi eta Reikjavíken barneratzen jarraitu zuen autobusak. Hala ere, metro gutxi barru, eremu ireki batean agertu ziren berriz ere “Eraikin dentsitate gutxiko hiria da hau…”. Zerumuga zabal hartan inguruetara begira hasi zen harri zurizko eliza desiratuaren bila. Halako batean, hantxe topatu zuen. Reykjavík altueretatik zaintzen ari zen bere muinotik. Bi segundoz erabat lelotuta geratu zen hainbeste denboran jomuga izan zuen eraikinari begira. Une hartan, harri zurien artetik argi berezi bat barreiatzen zuela ere iruditu zitzaion. Ez zekien hori ote zen amona begi urdin zein adeitsuak gomendatutako geralekua baina eserleku gainean zuen botoi gorria sakatu zuen autobusa geraleku horretan bertan geratu zedin. Hamar bat metrora ikusi zuen hurrengo geralekua. Jauzi batez eserlekutik jaiki eta autobusaren atzeko atera jo zuen. Atea erabat zabaltzerako, Snorrabraut kalea zuen mendiko boten azpian eta zuzenean elizara bidean jarri zen. Hallgrímskirkjaren atzealdean zegoen. Ingurura begiratu eta bertara iritsi ahal izateko, eraikin ezberdinen artean igarotzen zen aldapa eder bat igo beharko zuela konturatu zen. Beste ezertan pentsatu gabe aldapari ekin zion begirada dorre zuriaren puntatik kendu ere egin gabe. Etxe txiki batzuen artean sartu eta bistaz galdu zuenean, korrika zihoala konturatu zen.   Horrela doa orain arte Finlandia. Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben. Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen. Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s