JAZPANA! Fest 2015

Posted on Updated on

Sei urte pasa dira dagoeneko doako jaialdi honen abentura martxan jarri genuenetik. Azkar esaten da sei urte eta azkar pasa dira. Hala ere, abiada hartuak ginen eta konturatzerako, JAZPANA! berri bat aurkezten hasiak gara. Ez dakigu ziklo berri bat irekitzen den edo guztiak berdin jarraitzen duen baina sentsazioa dugu jaialdiak egonkortuz jarraitzen duela edizioz edizio eta horrek ematen duen konfiantza eta gogoarekin antolatu dugu zazpigarren JAZPANA! hau. Urtero, jaialdira ekintza berriak gehitzen goaz eta aurtengoan oso pozik gaude kirol minotario bati lotutako ekintza berri batekin gatozelako, kirol minoritarioa baino pixkanaka pixkanaka herrian indarra hartzen doana, monozikloa. Orekan Bizi Naiz elkartearekin elkarlanean I. Nazioarteko Monoziklo DH Beasain ekintza antolatu dugu Urriak 3an, non ikusi ahalko ditugun mundu mailan jaitsiera modalitatean top 15ean dauden partaideak, europako leku ezberdinetatik etorrita, Sagastiguti parketik Bideluze plazaraino jaisten lasterketa ikusgarri batean. Ikuskizuna arratsaldeko 17:00tan hasiko da, eta pixkat lehenago, 16:00ak eta 17:00ak artean, Gustavo Perezen estatuko errekor saiakeraren amaiera ikusiko ahalko dugu, monozikloaren gainean ehun milia osatu behar dituelako.

Gustura gaude kartelarekin eta talde gazte zein klasikoen eta lokal, nazional eta nazioartekoen artean oreka eder bat bilatu dugulakoan gaude. Aurten gainera, ikusgai egongo den talde kopurua handitu egingo da, ostiralean sei kontzertu eta DJ batez gozatzeko aukera izango duzue Bernedoeneako karpa erraldoian eta larunbatean, 9 talde eta DJ batez. Eta guztia nola ez, DEBALDE. Bestela, ez litzateke JAZPANA! izango. Aurten berrikuntza bezala afaltzeko gunea ere indartuko dugu eta food truck‐etan ibiltzen diren profesional batzuk ekarriko ditugu beraien produktuak eskaini eta jendeak mugitu gabe eta jaialdiko ezer galdu gabe afaldu dezan.

Betserik gabe, hauek dituzue JAZPANA! Fest 2015ean izango diren taldeak!

Jazpana kartel definitiboa-2015

 

Urriaren 23 (Ostirala)

 

BORROKAN

Zer gosaltzen ote dute Beran? Edo bazkaldu? Edo parrandan edan, edo hartu? Nik zer dakit… Kontua da ez dela normala Nafarroa iparraldeko herri txiki horrek duen kalitatezko musikarien produkzio maila. Joseba Irazoki, Petti, Mikel eta Fernan irazoki, Joseba B Lenoir, Beñardo Goietxe, Sexty Sexer erdia baino gehiago eta nola ez, Borrokan. 1994an jaio zen eta lehen egunetik kontuan hartu beharreko taldea izan da. Euskal esperimentazioaren txokoan leku bat egin zuten beraien lehen bi lanekin Akauzazte, Lisabö edo Anariren alboan besteak beste. 2014an argitaratu dute taldearentzat aurrera pauso bat suposatu behar lukeen “Zuak” lana prestakuntza lanetan sekula baino denbora zein patxara gehiago hartu baitute. Lasai ordea, beratarren kontzertuak patxara edo lasaitasunarekin harreman gutxi izaten jarraituko dute eta.

SACCO

Urteak dira elkartu zirenetik, 2009 dagoeneko zaharkituan. Urteen joanean beti ere mantso, soseguz, pakidermo astunak oihanean lez. Azkarregi joan gabe, aukeran nahiago dute mantsoegi joan, ibili, sortu. Hirukoa eta Irungoa da Sacco. Irungoa eta Moskukoa. Errusiara bidaiatu gabe Irunen aurkitzen baita Mosku. Mantso, soseguz, entsaiu lokalari darion lizunheze sunden goxoan lasai. Lokalaren epeletik ateratzeko beti beldurrez. Ezkutuan ez, baina fokuetatik at, herabe, lotsati, zomorro. Erraz zenba daitezke zuzenekoak. Ez dira asko izan. Diska hitza singularrean idatz daiteke. 2014ko hondarrean atera da argitara. “Azkenean!” diola dirudi baten batek. Adiskideen artean, mantso, soseguz, ehunduriko diskoa da. Besteak beste, Karlos, Mikel, Nagore, Ramon, Javi. Mantso beraz, soseguz baina iritsi dira eta Jazpanan izango ditugu behingoagatik.

COLAPSO

JAZPANA bat ez da JAZPANA bat herriko talderik gabe eta lehen urtetik, gure xedean izan da Colapso. Hala ere, Galan, Keki eta Xirlak gauzak beraien modura eta erritmoan egiten dituzte. Hirukote beasaindarrak hardcore bizkorra egin izan dute beti eta konturatzerako, kontzertu kopuru eder bat dute bizkar gainean. Ondo pasatzeko jotzen dute eta ilusio zein indar berberarekin aurkezten dituzte beraien kantuak kontzertu bat eskaintzen duten bakoitzean. Ez dakigu zer pasatu zaien burutik baina bat batean JAZPANAko eskenatoki handiak ez die iraganean sortu dien nagitasuna eragin eta gurean jotzera animatu dira. Eta gu pozik. Oso pozik eta urteetan gogoratuko dugun kontzertu batez gozatzeko prest.

THE UNFINISHED SYMPATHY

Badakizue zenbat gustatzen zaigun talde mitikoak JAZPANAra ekartzea. Are gehiago, The Unfinished Sympathy kataluniarren garrantzia zein eragina izan duten talde gutxi dira. 10 urteetan zehar 5 LP eta hainbat EP argitaratu ostean taldea bertan behera uztea erabaki zuten 2010ean. Ordurako, 400 kontzertu baino gehiago eskaini zituzten Europa eta Estatu Batuetan zehar. Tartean, John Peel handia zenak BBC katean zuzentzen zuen Peel Session saioan egon den estatuko lehen taldea izateko ohorea izan zuten. Taldea utzi ostean hainbat proiektutan murgildu zen laukotea eta proiektu berri horien barnean JAZPANAn izan ditugu kideetako bi. Joan Colomo “La Celula Durmiente” taldearekin eta Eric Fuentes abeslari eta kitarjolea “It’s Not Not” berpiztuekin. Badirudi gustatu zitzaiela gure jaialdia eta The Unfinished Sympathy BCore disketxearen 25. urteurrenerako berreskuratu ostean, jaialdi beasaindarra izango da beraien geldialdi eskasetako bat. Ohore bat.

BULLET PROOF LOVERS

Imaginatu Nuevo Catecismo Catolico, Discipulos de Dionisos, Ladislao, Señor No edo Txorlitoheadeko musikariak nahastu eta ibilbide zabaleko kantari amerikar zoro zein indartsu batekin nahasten dituzula. Lo orduak kendu besterik ezin duen hipotesi honekin ordea ez zara urrunegi iritsiko. Zergatik? Ba ez delako hipotesi bat. Gertatu da eta 2014an argitaratu zuten beraien lehen EPa. Kurt Baker eta konpainiak rock & roll gogor eta power popa uztartzen dituzte eta oso ondo egiten dute gainera. Hainbeste, beraien debut laneko “It’ll Be Allright” kantua the coolest song in the world moduan izendatu zutela Bruce Springsteen handiaren E Street Band taldeko Steven Van Zandt kitarjole mitikoak zuzentzen duen irratsaioan. Helduiok horri!

THE CONNECTION feat. THE NEW TROCADEROS

Kurt Baker amerikarra biran dator eta Bullet Proof Loversekin jotzeaz gain, bere hamaika proiektuetako bat gehitu du eskaintza berezira. The Connection Brad Marino eta Geoff Palmerrek 2011an New Hampshiren sortu zuten rock & roll eta power pop taldea dugu. Gerora, Kurt Baker ezagutu eta berarekin, The New Trocaderos jarri zuten martxan. Formazio bakar moduan datoz baina bi taldeen kantuan eskainiko dizkigute. Nahas‐mahas ederra dugu bai baina ziur gaude halako irabiatu batetik, gauza bakarra atera daitekeela: Festa eder bat. Ez duzu galduko ezta?

DJ GÖO

Bada jendea geldirik egoten ez dakiena eta horietako bat dugu Fermin A.K.A. “DJ Göo”. Promotore lana, taldeen komunikazioa eta musika, musika eguneko ordu guztietan. 2004an hasi zen musika jartzen DJ naparra eta ordundik Bartzelona, Ingalaterra edo Suedian izan da bizi eta musika jartzen. Gaur egun Iruñeako Nicolette klubean dabil bertako DJ moduan eta hilabetean bi aldiz izaten da La 2 de Nitsa‐n (Apolo‐ Barcelona). Primavera Sound edo BBK Live bezalako jaialdietan ere izan da musika jartzen izena Sonic Youthen disko bati zor dion DJa (Göo, 1990). Leku guztietan dantzan jarri du jendean bere musika nahasketa zoragarriekin. Popa, indiea eta elektronika helburu bakar bat xedean duela, jendeak dantza egitea.

 

Urriaren 24 (Larunbata)

 

ANARI

Kalean disko bakarra zuela aldizkari batean agertu zen bere izena. Ez zen berari eginiko elkarrizketa bat ordea. Hizketan ari zena Mikel Laboa zen. Bertan, garai hartan Euskal Herrian egiten zen musikatik zer atsegin zuen galdetzen zion kazetariak. Laboak lehen diskoarekin harrituta utzi zuen Anari azkoitiarra eta garai haietan bi bateriarekin jotzen zuelako soilik ezagutzen genituen Lisabö izeneko talde irundar bat aipatu zituen. Denborak erakutsi digu tendentziak harrapatzen ere, apartekoa talentua zuela Mikel Laboa zenak. 1998 hartatik Anari handi egin da eta gaur egun, Euskal Herriko musikaririk garrantzitsuenetako bat dugu. Bere bosgarren lan luzea aurkeztera dator JAZPANAra, “Zure aurrekari penalak” (2015), eta onartu beharrean gaude, aspaldi ez genuela halako pozik sentitzen artista bat gurean izateagatik.

MENDETZ

“The Boola Shines In The Pink Neon Room” dantzagarri zein festa sortzailearekin ezagutu genituen bartzelonarrak 2006 dagoeneko hain urrun hartan. Garai haietan beraien lehen diskoa aurkezten zebiltzan eta esan beharrik ez dago gauzak asko aldatu direla ordundik. Talde hasiberria zenak mundu osoan zehar kontzertuak eskaini ditu gaur egun eta elektronika poparen barnean kontuan hartzeko izen batean bilakatu dira. Esate baterako, 2015 honetako udan Glastonbury jaialdi mitikoan jo dute, Ingalaterrako jaialdi garrantzitsuan izan den estatu mailako lehen taldea izanik.. Delorean edo We Are Standardekin batera estatu mailako elektronikari bultzada bat eman zioten eta aipatutako bi taldeak bezalaxe, beraien bidea egin dute. Une honetan non dauden ezagutu nahi? Ba baliatu JAZPANAko aukera ez baitituzu askoz gehiago izango hemen inguruan. Ez zara damutuko. Dantzara!

MAMMUT & THE PALMERAS STUCK

Hainbat taldeetan jo eta su ibili ostean, Mammut & The Palmeras Stuck proiektuan elkartu zaizkigu oraingo honetan beasaindar hauek. Denbora daramate entseatzen baina urte bete inguru kontzertuak eskaintzen. Pasa den urtean JAZPANAn izan genituen The Lookers lapurtarrekin ikusi genituen Beasaingo gaztetxean eta gustatu zitzaigun egiten dutena eta garrantzitsuagoa dena, nola egiten duten. Beraien hitzetan garage punka egiten dute, The Sonics, Chuck Berry edo Pleasure Fuckers bezalako taldeen influentziarekin, baina beste batzuk punk primitibo eta basatia bezala definitzen dute beraien musika. Frogatu beharko da!

SEÑORES

Erromeria. Horixe da Señores bilbotarrek beraien azken lana den “Verbena en la plaza del pueblo” (2015) EPan islatu nahi izan dutena. Erromerietako ospakizuna, gehiegikeria eta grina. Ez da erraza egiten dutena hitzetan azaltzea. Popa dela esan genezake baina motz geratuko ginateke. Hitzak ikaragarri landuta daudela ere esan genezake baina horrek ez lieke estrofa zein lelo zoragarri horiei justiziarik egingo. Señores kontuan hartzeko taldea da eta kontzertura joan aurretik bere kanturen bat bilatu eta entzuten baduzu, ez dituzu hamar segundo baino gehiago beharko horretaz konturatzeko. Beno, hori, eta hitzak ikasten hasten hasi ahalko duzula Señoresen hitzak, erromeria honetan bezala, guztion artean abesten direlako.

JOSEBA B. LENOIR GANG

Joseba Baleztena naturaren indar bat da, sorkuntzaz gainezka egiten duen jario etengabeko ibai bat. Sexty Sexers, Sumission City Blues, Willis Drummond edo Joseba B. Lenoir moduan eskenatoki baten gainean ikusi duenak badaki zertaz ari garen. Rock zikin eta izerditsutik pop edo folkerako bidea egiten hasi da eta bidegurutze batean, bere kantuetan ahotsa sartzen ere amaitu du kitarrarekin soilik komunikatzen zela zirudien mutil tximaluze isilak. Bide horretan, ez ditu nolanahiko lagunak egin Josebak eta “Band Gang” honetan naturaren beste lau mirari bildu ditu bere bueltan: Willis Drummondeko Felix eta Xan eta Napoka Iriako Miren eta Ander. Honek ibaia izateari utzi dio eta olatua da, azti ibili.

MOURN

Gogoratzen 1992ko Bartzelonako Olinpiadak? Ba beraiek ez. Bartzelonakoak dira bai baina Mourn martxan jarri zuten Jazz eta Carla lau urte beranduago jaio ziren. Bai, ez galdu denbora kalkuluak egiten, oso gazteak dira. Bien artean kantuan egiten hasi ziren PJ Harvey edo Patti Smith entzunez (bai lasai, ez dituzu kalkuluak gaizki egin) eta bide kide taldera batu ostean mundu guztia aho bete hortz utzi zuen disko batekin atera ziren estudiotik. 15 eta 19 urte artean dabiltzan gaztetxo hauek gogor ekin diote rock izar izateko bideari eta uda honetan, Ameriketan bira zabal bat egiteaz gain, pena merezi duten Europako Jaialdi gehienetan egon dira. JAZPANAn Mourn zuzenean ikusteko aukera galtzen baduzu, hurrengoa estadio batean izango duzu eta ziur egon zaitez, ez dela debalde izango.

EVERYBODY HERE WANTS YOU

Jeff Buckleyren “Grace” lana. Zer esan daiteke batzuon musika ulertzeko modua eta ia‐ia bizitza aldatu zuen disko zintzo, gordin, leun zein basati honetaz? Zaila da 90. hamarkada markatu zuen lan bikain hau deskribatzea baina are zailago, konplexuago zein arriskutsuagoa da lan hau zuzenean defendatzeko ausardia erakustea. Lan horretan murgildu ziren Joseba Basarte, Koldo Amondarain, Joseba de Arriba eta Xabi Lopez musikari ordiziarrak. Atzetik, hainbat omenaldi banda ezberdinetan pilatutako esperientzia zuten baina oraingo honetan, ausardia inkontzientekeriarekin nahastu zen. Emaitzak ordea, aho bete hortz utzi gaitu eta bide batez, JAZPANAk Jeff Buckley handiari omenaldi xume hau eskaintzeko aukera eskaini digu hemen ere, guztiok maite baitugu Jeff handi zein hilezkorra.

GIRLS NAMES

Gauzak garbi. Belfastekoak gaur egun mundu mailan dagoen post‐punk talderik handienetako bat dira. Beraien aurreko lanak, “The New Life, (2013)”, ederki erakutsi zuen kantu luze, sakon zein ilunak erraz menperatzen dituztela eta goranzko norabidean jarraitu zuten 2015eko maiatzean argitaratu zuten “Zero Triptych” singlearekin. Oraintxe, lan berria dute labean eta dagoeneko badu izena, “Arms Around A Vision”. Kritika zein zaleak irrikaz itxaroten dugu Ipar Irlandako taldearen lan berria entzun al izan ditugun kantuen ondoren, itxura guztia baitu hirugarren disko honek nazioarteko musikaren lehen mailara igaroko dituela. Bira penintsularra eskainiko dute urri amaiera eta azaro bitartean eta Madril, Bartzelona eta Lisboatik igaroko den birak Beasainen izango du lehen saioa. Bira osoan, debalde izango den bakarra.

RURAL ZOMBIES

Rural Postmodern. Horixe dugu JAZPANAren leloa jaio zen egunetik eta dakizuen bezala, guk geuk ere arazoak izaten ditugu lema horrek zer esan nahi duen azaltzeko. Arazo gutxiago ditugu ordea lema horrek nora eramatea nahi dugun jakiteko. Nora? Ba herritik, herriko izaerarekin baina munduari begira eginiko musika euskaraz egiten duten taldeak topatu eta aukerak eskaintzera. Bide horretan topatu dugu “ruralismorik basatiena” ordezkatzen omen duen talde Zestoar hau. Beran ezezik, Zestoan ere ez dute artista ekoizpen eskasa eta Grises egonkortuen ostean, gaur egungo elementuak orain hamarkada pare bateko iluntasunarekin uztartzen dituen Rural Zombies harrigarri hauek agertu dira plazara. Bejondaizuela!

TUTU & LUCIENT (DJ SET)

Jaialdia ospatzen denetik lagun asko egin ditu JAZPANAk urtez urte eta lagun horiek, lagun gehiago egiten lagundu digute. Hau, ezinbestekoa izan da nahi genituen taldeak gurean izatea lortu ahal izateko. Hala ere, badira salbuespen batzuk eta Tutu eta Lucient edo Gemma eta Mario, salbuespen horren adibide dira. Eta ez JAZPANAren lagun egin ez direlako baizik eta jaialdia lehen aldiz ospatu aurretik, gure lagunak zirelako dagoeneko. Jaialdia ezagun egin aurretik bertan izan genituen DJ saioen maila oso altu jartzen eta beraiei esker larunbateko festa amaierak antologikoak izan dira behin baina gehiagotan. Moog, Apolo edo Razzmatazz bezalako lokaletan musika jartzen aritzera ohituak daude baina urri amaieran tartetxo bat egingo diote berriz ere beraien bigarren etxean topatu duten jaialdi honi.

Hementxe duzue ba Jazpana Fest jaialdiaren egitaraua bere zazpigarren edizioa ospatzeko. Mila esker eta JAZPANA!n ikusten gara! Zatoz Ruralismo Postmodernora!

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s