Islandiarako bidaia proposamen bat (edo bi) #2

Posted on

1. Eguna: Gullni hringurinn edo Urrezko zirkulua

Lehen atalean esan nizuen moduan azken zazpi urteetan Islandiak jasan duen boom turistikoa izugarria da eta horrek, inguru turistikoenak jendez lepo egotea ekarri du. Hala ere, onartuko dizuet bertan lehen aldiz aurten egon den jendeak esan didala ez dela nik diodana bezain besterako. Hau da, jende asko dago baina ez gogaikarria izateraino. Agian nire kasuan, leku berberak inguruan inor izan gabe ezagutu izanak gaur egungo egoera gehiegizkotzat jotzera eraman nau. Gehiago aurreko esperientziarekiko alderapenagatik beraz gaur egun bertan dagoen jende kopuru objektiboagatik baino.

Eta zergatik diot hau orain? Ba Urrezko zirkulua Islandia osoko zonalderik turistikoenetako bat delako (hobe kolpea lehen egunean jaso eta hurrengo egunetan lasaitasunaz gozatu). Zirkulu hau Reykjavíketik oso gertu dago eta egun bakar batean ikusteko hainbat leku zoragarri biltzen ditu. Izenak dioen bezala, zirkulu moduko bat da eta Reykjavíketik hasi eta bertan amaitzeko modua eskaintzen du bitan leku berdinetik igaro gabe.

Esan beharrik ez dago bai lehen txango honetan eta baita gaoinontzekoetan ere aipatuko ez ditudan leku zoragarrriak topatuko dituzuela bidean. Ez izan alper eta geratu burutik pasatzen zaizuen guztietan.

Þingvellir Parke Nazionala

Lehen ataleko bitxikerietan aipatu nizuen moduan, Þingvellir demokrazia modernoaren jaiolekua da. 930 urtean bertan bildu ziren Islandiako biztanleak eta guztia bozka bidez erabakitzen hasi ziren (Þ ingelesera Th bezala itzultzen dute eta gure Z baten modukoa da). Lekua ez zuten ausaz aukeratu Þingvellir leku magikoa baitzen ordurako. Dakizuen bezala plaka europar eta amerikarra elkartzen dira izotz eta suaren lurraldean eta bi plaka horien arteko tartea, bi zentimetro handitzen da urtero. Bertakoek dioten moduan, hemendik milaka urtera Islandia bi irla izango dira.

Bitartean, irla eder bat izaten jarraitzen du eta hain justu bi plaka horiek talka egiten duten puntuan kokatzen dira Þingvellir eta garai bateko Alþingia. Historiaz beteriko lekua da geologikoki bitxi zein zoragarria izateaz gain eta garai bateko islandiarrak bozkatzeko elkartzen ziren lekua Islandiako bandera batek zaintzen du gau eta egun.

Bertan eta asko urrundu gabe, eliza zahar bat, etxe tipiko multzo bat eta Oxararfoss ur-jauzia dituzue. Ibilaldi polita da eta merezi du. Gainera, bertako paisajean murgiltzen hasteko leku bikaina da.

Geysir eta Gulfoss

Þingvelliretik atera eta aurrera jarraituta topatuko ditugu. Oso gertu daude bata bestetik eta pena merezi duten lekuak dira biak. Geysir, ondo pentsatu duzuen moduan geiser bat da. Islandia, dagoeneko ondo dakizuen moduan sumendi lurraldea da eta aireportutik Reykjavíkera bidean ziur kea ikusiko duzuela behin baino gehiagotan lurretik ateratzen. Magmak zirrizkuak bilatzen ditu lur azpitik ateratzeko eta lortzen duen lekuetan halako parajeak sortzen dira (batzuk besteak baino martzianoagoak ikusiko duzue). Hala ere, nahiz eta leku askotan ur gris lodi bat borborka ikusiko duzuen, ez omen da hain ohikoa geiserrak sortzea. Nik dakidala hauxe da Islandia osoko bakarra. Gutxi gorabehera pare bat minuturo lehertzen da eta zerbait esaterarren nahiko barregarria da beste 100-200 pertsonarekin batera noiz lehertuko zain egotea (guztiok kamera eskuan eta tonto aurpegiarekin). Aurten bertan izan ginenean izugarrizko zaparrada ari zen erortzen eta ezin izan nuen fundamentuzko bideo edo argazkirik atera. Horregatik, saretik lapurtu dut hau.

maxresdefault
Argazkia: Jean-Pierre Lavoie

Gulfoss ur-jauzia ikaragarria da, sinestezina, txundigarria (foss hitz amaierak ur-jauzia esan nahi du). Natura zein handia den kontziente izatera eramaten zaituen horietako leku bat. Gogoan dut lehen egunetan errepide bazter guztietan geratzen ginela mendi, laku, erreka edo edozein ur-jauziren parean lekuaz gozatu eta argazki bat ateratzeko. Gulfoss ikusi ostean ordea, bisitariaren exijentzia mailak gora egiten du eta errepide bazterreko geldialdiak gutxitu egiten dira.

Esan bezala, ur-jauzi bat da baina Islandian sekula izan ez bazarete ziur beste ur-jauzi mota bat duzuela buruan. Txikiagoa ziur eta ur gutxiagorekin are ziurrago. Behin baino gehiagotan aipatu dizuedan boom turistikoa nabarmen ikusten da Gulfoss inguruan gainera garai batean parking txiki bat zegoen lekuan parking berriak agertu baitira. Horretaz gain, ur-jauziaz gozatzeko ibilbidea ere zainduagoa dago. Leku ezberdinetatik Gulfoss ikusteko aukera eskaintzen du gaur egun eta merezi du ibilbidea osorik egiteka.

Kerið

Geysir eta Gulfoss ingurutik hegoaldera jarraitu eta Reykjavik bidean Kerið topatuko duzue. Kerið lur gorriz inguratuta dagoen eta ur berdez beteriko krater bat da. Lehen egunetan ikusteko leku ederra da Islandiako paisajearen bakartasunaz kontziente izaten hasteko balio baitu. Hau ere nola ez, lur azpiko magma santuak sortutako elementu geografiko bat da. lehen aldiz bertan izan nintzenean autoa errepide alboan utzi eta oinez igotzen zinen. Gaur egun parking bat jarrri dute eta sarrera ordaindu behar da. Sarrera 400 krona dira eta hori hiru euro inguru. Erreferentzi hori bidaia osoan zehar erabili genuen prezioak gurera itzuli ahal izateko.

Hellisheiðarvirkjuneko Energia Geotermiko Zentrala

Aurrera jarraitu eta Reykjavikera iritsi baino lehenago topatuko duzue. Esan bezala Islandia sumendi lurraldea da, plakek talka egiten dute bertan eta horrek paisaje zein lurralde oso berezi bat eman die. Ondo baliatu dute gainera eta gaur egun erabiltzen duten energiaren %99,9a lurretik ateratzen dute. Horrek energia ia guztia bertan sortzea ekarri du eta ur beroa adibidez oso oso merkea da islandiarrentzat (hotza debaldekoa da eta ulertuko duzue zergaitik bertan egun batzuk igarotzean).

Islandiarrek oso barneratua duten zerbait da energia geotermikoaren erabilera eta ingurunearekiko oso arduratsuak dira. Horregatik eta herrialdea hobeto ezagutzeko oso gomendagarria da zentral honetako museoan sartu eta nola funtzionatzen duen ikustea. Energiaren sorkuntzaz gain, irlaren geologia eta historiaren inguruko hainbat datu ezagutu ahal izango dituzue bertan.

Laugardalslaug igerileku termal publikoak

Eta egun osoko txango baten ostean zer hobeto Islandiako bainu termal famatuak ezagutzea baino? Laugardalslaug igerilekuak Sundlaugavegur kalean daude Reykjavíkeko kirol eremuaren alboan. Igerileku publikoak dira eta hauek ere lurretik ateratako energiarekin berotzen dituzte. Euskal igerileku batekin alderatuta merkeak dira. Guk 7 euro inguru ordaindu genituen Beasaingoetan sartzeko 11 euro pasatxo ordaindu behar direnean (gurean baino merkeagoak diren gauza bakarra dira igerilu publikoak). Hala ere, aipatuko dizuet duela zazpi urte  euro inguru ordaindu nuela sartzeagatik. Esan zigutenagatik, prezio igoera turista ardura zein errespetugabeen olatua gelditzeko neurri bat izan zen.

Eremu ikaragarri handia da eta gune ezberdinak ditu. Ur epeleko igerileku olinpiko bat, lasai egon edo jolaserako erabiltzen duten sakonera txikiko igerileku bat (haurrentzat jolasez betea eta txirrista zoragarri bat duena), ur beroko helduentzako igerileku txiki bat, 38, 40, 42 eta 44 gradutako putzu bana eta 0 gradutik gertu dabilen putzu txiki bat.

Lagun islandiar batek esan zigun moduan, Islandiako plazak igerilekuak dira. Urtean zehar hotza egiten du eta eguraldiak ez du laguntzen beraz jendea igerilekuetan elkartzen da lanetik irtetean gu tabernetan bezala.

laugardalslaug-thermal-pool
Argazkia: www.whatson.is

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s