Rural Postmodern Videos

Koyote Berdearen lehen urteurrena

Posted on

Ez dira garairik hoberenak negozio berri bati ekiteko. Are gutxiago, taberna bat zabaldu nahi baduzu. Euskaldunak izaten jarraitzen dugu baina gure poteo ohiturak aldatu egin dira. Hori gutxi balitz, krisiak eta tabakoaren legeak ederki kolpatu ditu hainbat eta hainbat taberna, garito, antro eta zulo.

Hala ere, bada jende ausarta oraindik. Lana eta gogoa jarriz guztia posible dela erakusten duen horietakoa (guztia ez baina ulertzen gara). Ekaitz eta Itsaso edo Itsaso eta Ekaitz talde horretan sartzen dira. Duela urtebete Beasainko taberna klasiko bat hartu eta biziberritzeko abenturan sartu ziren eta dagoeneko, Koyote Zaharra zen  hura, Koyote Berdean bilakatu dute.

Finak dira lanean eta bezeroek ikusten dute. Ekintza zein ekimen ezberdinak antolatzen dituzte egunero jende gehiago beraien txokora biltzeko eta orain arte, ederki doakie abentura. Jazpanako Gintonic Gaua antolatzeko lanetan hasi genuen harremana eta tabernaren urte betea ospatzen pentsatzen hasi zirenean festaren bideo bat egiteko eskatu zidaten.

Gau ederra izan zen eta Ekaitzek eta nik hartutako irudien artean, Ekaitzenak erabiltzea erabaki genuen (taberna zulo hartako iluntasuna gehiegi zen nire bideokameraren irisarentzat). Edizio lanak amaitu eta Loinatz Jaiak hasteko ditugun honetan bideoa sarera bota dugu eta aurretik ditugun 6 egun eta gau hauetan tabernan zein herrian biziko den giroaren aurrerapen bat izatea espero dugu.

Koyote Tabernaren 1. urteurrena from The Indezents on Vimeo.

Irudia: Ekaitz Gerique

Edizioa: Mikel Alvarez Sarriegi 

Bezeroa edo: Koyote Taberna

Eskerrak: Bideoan agertzen zareten guztioi

Advertisements

Minutu eta hogeiko elkarrizketa bat euskal filmen izenburuekin! Beno, saiatu gara behintzat…

Posted on Updated on

Orain dela astebete edo bideo bitxi honekin egin nuen topo facebooken. Bertan, Filmeetako izenburuak erabiliz soilik hiru minutu pasatxoko elkarrizketa bat garatzen dute. Ideia ona iruditu zitzaidan baina bideoa ikusten ari nintzela, saihestu ezin izan nuen galdera bat etorri zitzaidan burura. Eta halako zerbait egingo bagenu euskarazko filmeekin?

Milaka dira ingelesez zein gaztelaniaz eginiko filmak eta uzta oparo horretan ez da hain zaila ere zentzuzko elkarrizketa bat garatzeko izenburuak bilatzea. Euskaraz ordea?

Galdera berbera Artolari plazaratu nion eta konturatzerako eta twitterren jasotako laguntzari esker, gidoia idatzita genuen arratsalde batean. Jatorrizko bideoaren omenez edo, elkarrizketa jatetxe batean grabatzea erabaki genuen eta horretarako Garbiñeri deitu genion: Utziko al diguzu bideoa Irizarren grabatzen? Baiezkoa erantzun zigun asko pentsatu gabe eta orduan, bertan agertuko zen zerbitzari bat behar genuela aitortu genion: Axola al zaizu bideoan agertzea? Behin eskuak zikinduta hori ere egingo zuela erantzun zigun baina oraindik bazen zerbait gehiago: Esaldi pare bat esan beharko dituzu… Betiko moduan lagunak ondo zaintzen.

Larunbat goizean grabatu genuen eta bi ordutan amaitu genituen lanak. Paella on bat bazkaldu eta bideoa editatu genuen. Dokumentalak, TV mobiak eta marrazki bizidunak kanpoan uztea erabaki genuen eta edizio lanetan ari ginela aukeratutako batzuk jatorrizko bertsioan gaztelaniaz grabatu zirela jakin genuen. Hala ere, hemen duzue emaitza. Egia esan, guk geuk ere ez dugu oso garbi elkarrizketa zentzudun bat garatzea lortu ote dugun. Zer diozue?

Minutu eta hogeiko elkarrizketa bat euskal filmen izenburuekin from The Indezents on Vimeo.

Gidoia, irudia eta edizioa: Jon Artola eta Mikel Alvarez

Aktoreak: Jon Artola, Mikel Alvarez eta Garbiñe Irizar

Eskerrak: Irizar Etxea (taberna) eta Goierri Telebista (tripodea)

“Operación Palace” dokumental faltsuaren harira, Xabiertxo

Posted on Updated on

Ez dut ulertzen Jordi Évoleren Operación Palacek altxatu duen hautsa eta ezta alde guztietatik jasotzen ari den hainbat kritika ere. Dokumental faltsu bat da, besterik gabe. Gezur bat kontatu zigun eta amaieran bere bekatua aitortu zuen. Non dago arazoa?

Badira baita ere, dimetsio handiagoa eman nahi izan diotenak. Zertarako balio izan ote duen, komunikabideak zalantzan jarri ote dituen… Ez dut uste ezer berririk mahai gainean jarri duenik baina lokartua zebilen enpanaturen bat esnatzeko balio izan badu behintzat, ongi etorria izan dadila.

salvados-operacion-palace-530

Izan dira gainera lekuz kanpo ikusi ditudan kritika batzuk eta ulertzea oso zaila egiten zaizkidanak. Adibidez, erregea indartzeko balio izan omen du monarkia krisian dagoen garai batean. Non? Noiz? Nik behintzat ez dut halako ondoriorik atera inondik inora. Beste batzuek manipulatzaile hutsa dela aurpegiratu diote, ez zela fidatzekoa eta hemendik aurrera are gutxiago. Ez dakit ba, zer nahi duzue esatea? Nahiz eta Euskal Herrian izan den bakoitzean ez zaidan bere saioen emaitza gehiegi gustatu (bat ere ez egia esan…), normalean bere saioak zintzoak iruditzen zaizkidala aitortu behar dut.

Ezjakintasunetik gerturatzen da beti errealitatera eta kazetari profesional askok baina galdera hobeak egiten ditu askotan. Beste askotan aldiz, hanka sartzen du eta barruan duen komikoa behar ez duen une zein lekuan solte uzten du. Arrisku horiek ditu ezjakintasunak. Gauza batzuk ondo egiten ditu eta beste batzuk gaizki, gainontzekook bezalaxe. Hala ere, espainiar estatuan kazetaritza (beste guztia ez esateagatik) nola dagoen ikusita, bere lanak errealitate bati erantzun eta onuragarria delakoan naiz. Gertuen dugunari egurra emateko zaletasuna dugu itxaropen gutxi pizten digunaz, ez dugula ezer espero. Horrelakoak gara.

Kontua da, ikuskizun entretenigarria iruditu zitzaidala eta eskertzekoa da egia esan, telebistak homogenizaziorantz jotzen dueen garai honetan (iritsi da dagoeneko), igande gau batean zerbait ezberdina ikusi ahal izatea. Hori da agian zergatik ez, Operación Palace honek abiatu beharko lukeen eztabaida nagusia.

Gustuko ditut dokumental faltsuak, izugarri gainera. Ez da generorik emankorrena inondik inora eta nahi baino gutxiago ikusi ditut (baten bat ezagutzen baduzue, eskertuko nizueke aipamena). Dokumental faltsuak gezur bat egia moduan kontatzea baliatzen du beste edozein generok baina gehiago eta hori gutxi balitz, hain maite dudan umore surrealistarako bidea ere ematen du (edozer gauza esan dezakezu egia balitz moduan!).

HUHEZI garaietan, guk ere egin genion generoari ekarpen txiki bat eta dokumental faltsuen gaia guztion ahotan dabilela ikusita, apaletik jetsi eta The Indezents berri honetara ekartzea erabaki dut. Xabiertxo izena du eta dokumentalak lantzeko balio izan zigun ikasgaiaren amaieran aurkeztu genuen lana izan zen. Leku ezberdinetan ikusi ahal izan zen eta Lekeitioko Zine eta Bideo Bileran fikziozko lan ez profesional hoberenari lehen saria eraman zuen (bizi osoan jaso dudan sari bakarra). Ea zer iruditzen zaizuen!

Xabiertxo from The Indezents on Vimeo.

Produkzioa: Maitane Nerekan eta Txomin Tapia

Kamera: Jon Arriaga eta Zuriñe Madinabeitia

Soinua: Nerea Ruiz de Azua

Argia: Nerea Barrutia

Itzulpenak: Josu Arizkorreta, Irati Goitia eta Xabier Azurmendi

Ilustazioak: Imanol Aizpuru

Musika: Xabier Sarasola eta Jeff Buckley

Aktoreak: Juan Kruz Mendizabal, Maria Luisa Garcia, Javier Sarriegi, Josu Lopez, Ixabel Olano, Valero Feo, Juanjo Otaño, Ainhoa Larrañaga eta Roberto Alvarez

Localbier (garagardo artisau bilatzailea)

Posted on

Larunbat bateko goizeko hamarretan genuen zita ondo gosaldu eta gidoia azken aldiz errepasatzeko. Odolki kurruskari bat jan nuen kafesne batekin lagunduta. David urduri zegoen eta ez zuen ebaki bat baino gehiago eskatu. Pablok ia parrandara iritsi zen bueltatxo bat eman zuen ostiralean eta ez zuen goserik (nahikoa puntual iritsi zela…). Jon lasai zen, bere lana Ataun of The Deadeko lagunek utzitako mikrofono eta pertiga heltzea zen.

Hautatutako bankura gerturatu eta lehen entseguekin hasi ginen. Davidek ideiak zituen bere pertsonaiarentzat eta normal eseri beharrean, ipurdia bizkarrekoaren gainean jarrita esertzea proposatu zuen. Bere pertsonaiak Pablorenaren gainetik behar zuen zentzu guztietan. Ideia ona iruditu zitzaidan eta nahi zuen lekuan jartzeko esan nion.

Goizeko hamaiketan piztu genuen kamera eta bazkaltzeko tarterik egin gabe ere, arratsaldeko bostak laurden gutxiagotan hartu genuen azken planoa. Ordurako, Davidi, eta bereziki bere ipurdiari, ez zitzaion hain ideia ona iruditzen bankuaren bizkarrekoan esertzea.

Abentura ordea, hiru aste lehenago hasi zen. Haurtzaroan gurasoen koadrilakide nuen Igorrek deitu zidan Londresetik. Proiektu berri bat omen zuen martxan eta iragarki bat nahi omen zuten. Lagun batek egin behar zien baina bizitzera Brasil aldera joateko erabaki hartua zuen. Orduan gogoratu zen bere jaioterrian jarraitzen zuen umetako lagun hartaz eta bazuen zantzuren bat garai batean bideoak egiten ibiltzen zenarena.

Garai hartan, The Indezents berria martxan jartzeko azken ukituak besterik ez zitzaizkidan falta eta egun hartan bertan jaso nuen Rural Potsmodern Videos sasi-produktora martxan jartzeko behar nuen kamera. “Patua da Igor” esan nion.

Edizio lana erraza izan zen nahiz eta montajera, ia hiru orduko materialarekin iritsi nintzen (toma faltsuekin DVD bat atera genezake…). Piezak bakar-bakarrrik enkajatu zuten eta konturatzerako, bi arratsalderen buruan, bideoa amaitua zegoen. Ahotsa eta musika sartzea besterik ez zen falta eta musika libreko bankuetan murgildu nintzen behar nuen kantuaren bila. Ia zoratu nintzen bila eta bila baina ez nuen balio zidan ezertxo ere topatu. Orduan, haurtzarotik lagun mina dudan eta oraindik aguantatzen nauen Igorri deitu nion (beste Igor bat). Azkenaldian etxean bertan musika ekoizten zebilen eta iragarkirako piezaren bat egin ahal zidala pentsatu nuen.

Telefonoz deitu nion baina oso liatuta omen zebilen. Ez omen zuen denborarik izango eskatzen nion denboran kantu bat prestatzeko. Lastima.

Hurrengo egunean ordea, familia artean bazkari eder batez gozatzen ari nintzela, mail bat jaso nuen mugikorrean. Igorren kantu bat zen. Melodia eta ukitu elektronikoa atsegin nituen baina irlandar mozkor ukitu bat behar nuela aitortu nion. Hurrengo egunean jaso nuen nire espektatiba guztiak gailendu zituen kantua.

Ahotsa sartzea besterik ez zen falta iragarkia amaitzeko eta profesionala naizenez, nik neuk sartzea erabaki nuen. Ez nintzen kontziente ordura arte erderaz nuen azentuaz. Zazpi saiakera egin nituen s eta rr-ak disimulatu nahian eta txukunenarekin geratu nintzen (bai, besteak entzun beharko zenituzkete…).

Aktoreak: David Camarero eta Pablo Sanchez

Soinua: Jon Artola

Musika: Igor Alustiza / Nikkin (nikkinband@gmail.com)

Bezeroa edo: Localbier

Eskerrak: Katihotsak (mikrofonoa eta pertiga) eta Goierri Telebista (tripodea)

Rural Postmodern Videos (aurkezpena)

Posted on Updated on

Gidoiak idaztea eta bideo mundua izan dira nire ametsa handitan zer izan nahi nuen garbi antxean ikusten hasi nintzen egunetik. Garai batean, gogotsu heldu nion kontu honi baina adinak edo ez dakit zerk demontrek eraginda, alde batera utzia nuen gorputza zirrara olatu batez betetzen zidan zaletasuna. The Indezents (Rural Postmodern Videos) zirrara horri berriz heltzeko erditu dudan euskarria da; bideoklipak, laburmetraiak, enkarguak eta harrikarak, harrikara asko.