#30egun30doinu
#30egun30doinu
Amaitu da #30egun30doinu erronka. Akabo egunero musika-galdera bat buruan bueltaka izateari, zure buruari zure zaletasunen inguruan galdetzeari, erabakiak hartzeari, iritzi propioak zalantzan jartzeari, besteen iritziak irakurtzeari. Akabo baita musikaren inguruan ikasteari, hori izan baita partehartzaile askoren artean gehien aipatu den gertaera: zenbat ikasi daitekeen besteen iritziei jaramon eginez! Egon da oso atsegin izan ez duen baten bat ere, baina tira, orokorrean esperientzia polita izan da.
Esperotako erantzunak egon dira, eta (agian) espero ez genituen beste asko baita. Kontraesan ugari ere: batentzat historiako onena dena, besteak ezin du jasan. Bizitzako beste edozein alorretan bezala, ezta? Akaso musika ez al da bizitzaren zati?
Orain, 30 egun hauen laburpen bat egin nahi eta ezinean gabiltza. Izan ere, egunero nabarmendu den fenomenoa hau izan da: aniztasuna. Ezinezkoa horrela ezer laburbiltzea!
Adibide gisa, 1. eguna: #ZureDiskorikGustukoena zen erronka, hona hemen erantzunak: Pink Floyd, Dut, Kuraia, Depeche Mode, Mgla, Pearl Jam, System of a Down, Strokes, The shins, Berri Txarrak, Negu gorriak, Van Halen, The clash, Devo, Ultrabox, Architects, Pantera, Fugazi, Parabellum, Dire Straits, Seguridad Social, Hesian, Lemonheads, Springsteen, Never Surrender, Vanilla Muffins, Neutral Milk Hotel, Dire Straits, Tom Waits, Frat Freddys Drop, Amparanoia, Bob Marley, Burning Heads, Eagles, Izaro, Public Enemy, Outkast, Fangoria, Zea Mays, Willis Drummond, Siniestro Total, Kerobia, Neil Young, The Smiths, Pixies, Jeff Buckley edo The loved ones. Eta haien artean errepikatu zirenetan: Pearl Jam bi pertsonek aipatu zuten baina disko ezberdinak! Gauza bera Berri Txarrak taldearekin! Eta kontutan izanik 3. eguneko galdera #EuskalDiskorikGustukoena zela, hau da, aukera bazegoela soilik atzerritarrak aukeratzeko eta bertakoak beste baterako uzteko!
Hurrengo egunetan ere aniztasunak ildo horretatik jarraitu du, eta erantzunak ez errepikatzea idatzi gabeko lege bat izan dela esan genezake. Oskorritik Zazkelera, Beatlesetik Björk arte, Amy Winehouse-tik Damien Jurado arte, denontzako lekua egon da. Bide batez, orokorrean zintzotasuna ere izugarri gailendu da: katamaloak kanpora bota ditugu!
Hortaz, egunez eguneko laburpenik ez, eta sailka ondorio batzuk aterako ditugu hemendik:
Talde eta bakarlaririk onenak:
Bertokoetan, denbora luzea daramatenen artean Berri Txarrak eta Dut gailendu dira, nahiz eta Willis Drummond, Zea Mays eta Negu Gorriak/Fermin Muguruzak aipamen asko jaso dituzten arlo ezberdinetan. Berrien artean Izaro eta JP Lohian nabarmendu ditzakegu, Belakok ere bere txokotxoa izan duen arren. Aspaldikoen artean ostera Mikel Laboa eta Itoiz taldeek hainbat txio jaso dituzte. Oso gertutik jarraitu diete Betagarrikoek. Hau irakurri izan balute, agian ez zuten beren karrera amaitutzat emango?
Aipagarria bada Gatibu, Su ta Gar edota Esne Beltza modukoek jasotako aipamen urriak: parte hartzaileen adin kontuak, edota kontzertuak lepo betetzea eta kalitatea lotuta ez daudelako agian? Era berean, oso aipamen gutxi joan zaizkie La Polla, Eskorbuto, RIP eta mugimendu hartako taldeei: memoria gutxi edota denborak kalte egin die? Mugimendu horren ondorengoek ere, Kaotiko kasu, ez dute aipamen apartekorik jaso.
Gehien aipatutako atzerritarren artean Fugazi, Dire Straits, Springsteen, Sufjan Stevens eta zenbait grunge talde askotan agertu dira (Soundgarden, Nirvana edota Pearl Jam batez ere, eta haien aintzindari izandakoak, Neil Young kasu). Hortik aurrera, talde ugari eta oso ezberdinak. Modernoenak eta egun hype askotxo sortzen dutenak, The XX taldea kasu, kanpoan geratu dira.
Gutxien atsegin dituzun taldeak:
Atal bitxia izan da hau, askoren kutunak beste askorentzat jasanezinak izan dira. Euskal Herrikoen artean bi nabarmenduko nituzke: Ken Zazpi eta Eñaut Elorrieta batetik, eta Anari bestetik. Pila bat errepikatu den zerbait izan da, hargatik hemen nabarmentzea beharrezkoa da: Iritzia bota duten askoren abeslaririk onena edo diskorik hoberena beste askorentzat txarrenak izan dira.
Beste hainbat talderekin ere gertatu da, baina ez horrenbeste: Zuloak taldeak goraipamenak eta gorrotoak jaso ditu, Willis Drummond-ek baita, baina ez da horren modu hedatuan.
Badakizue zer den onena? Inork ez duela arrazoi edo bi aldekoak dutela!
Atzerritarren artean ez dago iritzi bateraturik, mass media produktuak salbu. Antza, gorrotatzeko/gustoko ez izateko aukera asko daude! Zerbait aipatzekotan, reggaetoia gorrotatzen duen asko agertu dela Twitterretik egun hauetan. Agian erabiltzaile gazteagoak izango balitu webgune honek emaitzak oso bestelakoak izango lirateke…
Erantzun bitxiak:
Espero nuenaren kontra, #MusikaZeFormatotanErostenDuzun galderak erantzun xelebreenetarikoak jaso zituen (erantzun zintzoak gainera!)
Espero baino gutxiago aipatu da Youtube , eta ez pentsa Spotify gehiegi txiokatu denik. Apple music edota Bandcamp-ek are aipamen gutxiago jaso dituzte. Argi dago ordaintzen dutenek formato fisikoei lehentasuna ematen jarraitzen dutela. Eta bertako produktua lehenesten dela kanpokoaren aurrean: euskal taldeen diskoak asko erosten dira.
Norbaitek uste bazuen binilo pila salduko zirela gaur egun, lasai, erantzunen arabera CDek oraindik bizitza luzea izango dutela dirudi.
#OspaEginZenuenkontzertua horretan ere erantzun politak, denetarik! Bis arte itxaroten dutenak, jaialdietatik ospa egiten dutenak, edota kontzertu batetik sekula alde egingo ez luketela diotenak.
#BesteekGoraipatuArrenSartzenEzZaizunDiskoa atalean erantzun bateraturik ez, baina izen handiak bai! Pentsa: Bon Iver, Springsteen, Berri Txarrak, S.A., Offspring, Rolling Stones, Michael Jackson, Velvet Underground… Espero ez zenitzakeen asko agertu dira hemendik.
#GustokoDuzunBainaOnartzeaKostatzenZaizunDiskoa atalak irabazle bat izan zuen: Manzanita! Oso egun polita izan zen, eta nire burua islatuta ikusi nuen behin baino gehiagotan. Eta ziur ez naizela bakarra izan: erantzunak ikusita, nork ez du bere burua bertan ikusi? Zintzotasuna eskertzekoa da hemen ere, eta txiolariak “armairutik irten” direla esan genezake!
Hemen doaz onenetariko batzuk (nik, egia esan, rancherak gehiagotan aipatzea espero nuen).
Ingelesa, gaztelaniera, euskara
Bitxia gertatu zait hizkuntzaren kontua. Talderik onena galderan, ingelesez edota euskeraz abesten duten taldeak agertu ziren batez ere; gazteleraz ezer gutxi. Euskal talde/disko onena galdetzerakoan, ez da gaztelaniarik agertu. Baina euskal talde/disko txarrenengatik galdetzerakoan ere hizkuntza horren aipame gutxi! Nik La Oreja de Van Gogh edo Amaia Montero, Duncan Dhu eta halakoen inguruan aipamen gehiago espero nituen, baina ezer ez! Atzerriko talderik txarrenen artean bai agertu zaizkigu Andres Calamaro, Maná eta tankerakoak, baina onenen artean askoz gehiago kostatu da dirudienez.
Agerian geratu da parte hartu dugunetariko askok gaztelaniaz abesten duten euskal taldeak ez ditugula oso kontutan hartzen: Grises, Señores, Kaotiko eta horrelakoentzako lekurik ez da egon.
Hala ere, ondorio azkarrik ezin da atera. Izan ere, 30 egun hauetan nahiko argi geratu zait (ikuspuntu bat baino ez den arren) Euskal Herrian ez garela txobinistak, baina bertokoa baloratzen badakigu. Diskorik onena edota kantarik onena zein den galdetu eta erantzunen artean bertakoak aipatzen ditugu kanpokoen neurri bertsuan. Gauza bera talderik txarrenaren kontuarekin: gai gara bertakoen akatsak ikusteko, eta kanpokoenak kritikatzea ere erraza zaigu. Euskal musika osasuntsu dagoen bezala, euskal musikazaleen gaitasun kritikoak ere osasun onean daude!
Eta orain, zer?
Galdera ugari geratu dira patriketan: kontzertu aretorik onena, jaialdirik onena, huts nabarmenena egin duen diskoa, musika libururik onena, gogo askorekin espero duzun talde/diskoa, diru gehien ordainduko zenuen kontzertua… Agian bigarrengo txanda bat antolatu daiteke, #30egun30kontzertu abian jarriz.
Baina argi dagoena da, erronka honek utzi duen onena abesti eta artista berriak ezagutzeko aukera izan dela. Barre egingo duzu ziur erantzun batzuekin, txiolari interesgarriak aurkituko dituzu… Twitterrek eskaintzen dituen aukerak profitatu eta ez zara damutuko. Parte hartzea ugaria izan eta merezi du guztien iritziak irakurtzea. Bitartean, ez utzi musika entzuteari!