euskal zinea
Minutu eta hogeiko elkarrizketa bat euskal filmen izenburuekin! Beno, saiatu gara behintzat…
Orain dela astebete edo bideo bitxi honekin egin nuen topo facebooken. Bertan, Filmeetako izenburuak erabiliz soilik hiru minutu pasatxoko elkarrizketa bat garatzen dute. Ideia ona iruditu zitzaidan baina bideoa ikusten ari nintzela, saihestu ezin izan nuen galdera bat etorri zitzaidan burura. Eta halako zerbait egingo bagenu euskarazko filmeekin?
Milaka dira ingelesez zein gaztelaniaz eginiko filmak eta uzta oparo horretan ez da hain zaila ere zentzuzko elkarrizketa bat garatzeko izenburuak bilatzea. Euskaraz ordea?
Galdera berbera Artolari plazaratu nion eta konturatzerako eta twitterren jasotako laguntzari esker, gidoia idatzita genuen arratsalde batean. Jatorrizko bideoaren omenez edo, elkarrizketa jatetxe batean grabatzea erabaki genuen eta horretarako Garbiñeri deitu genion: Utziko al diguzu bideoa Irizarren grabatzen? Baiezkoa erantzun zigun asko pentsatu gabe eta orduan, bertan agertuko zen zerbitzari bat behar genuela aitortu genion: Axola al zaizu bideoan agertzea? Behin eskuak zikinduta hori ere egingo zuela erantzun zigun baina oraindik bazen zerbait gehiago: Esaldi pare bat esan beharko dituzu… Betiko moduan lagunak ondo zaintzen.
Larunbat goizean grabatu genuen eta bi ordutan amaitu genituen lanak. Paella on bat bazkaldu eta bideoa editatu genuen. Dokumentalak, TV mobiak eta marrazki bizidunak kanpoan uztea erabaki genuen eta edizio lanetan ari ginela aukeratutako batzuk jatorrizko bertsioan gaztelaniaz grabatu zirela jakin genuen. Hala ere, hemen duzue emaitza. Egia esan, guk geuk ere ez dugu oso garbi elkarrizketa zentzudun bat garatzea lortu ote dugun. Zer diozue?
Minutu eta hogeiko elkarrizketa bat euskal filmen izenburuekin from The Indezents on Vimeo.
Gidoia, irudia eta edizioa: Jon Artola eta Mikel Alvarez
Aktoreak: Jon Artola, Mikel Alvarez eta Garbiñe Irizar
Eskerrak: Irizar Etxea (taberna) eta Goierri Telebista (tripodea)