Errusiatik ekarritako ipuinak: Taskenteko taxi-gidariarena
Beroa egiten zuen apirila izateko. Are gehiago, goizeko hiru eta erdiak zirela kontuan izanda. Egun osoa zeraman Seat Toledo zaharrarekin Moskuko kaleetan barrena bueltak ematen. Normalean, ez zituen eguneko zazpi karrera baino gehiago egiten baina egun hartan, hamabigarren bidaia bukatu berria zen.
Goizeko seietan hasten zuen laneguna unibertsitatera lanera eramaten zuen emakume zahartuarekin, “Hiru urte lanera eramaten eta oraindik ez dakit bere izena”. Ondoren, unibertsitatetik etxera itzultzen zuen gaueko zaindari zimurtua hartu zuen. Hortik aurrera, eta iluntzean goizean goizeko bi bezeroekin kontrako bidea egin arte, zoriak agintzen zuen. Egun hartan, zortea izan zuen eta hiru lekuetan zereginak zituen negozio gizon batekin pasa zuen goiza. Ez zuen gustuko bezeroekin hitz egitea baina gizon hark umore txarrez jarri zuen. Bidai osoa mugikorretik hizketan pasa zuen eta buruko minez utzi zuen “Egunero amorru gehiago ematen dit jendearen ahotsak”. Atsegin zuen autoa isiltasunean gidatzea. Aspaldi hasi zen bezeroei irratia izorratua zegoela esaten.
Zortzi urte ziren Uzbekistandik Moskura joan zela bizi hobe baten bila eta ez zitzaion gaizki joan. Auto zaharra lehen astean ezagutu zuen herritar bati erosi zion eta horrezkero, taxi-gidari lanetan ibili zen. Aberia gutxi eman zizkion autoak eta izan zituenak, berak konpondu ahal izan zituen. Ateratzen zuen diruaren gehiengoa etxera bidaltzen zuen Taskenten utzi zituen emazte eta bost seme-alabek aurrera egin ahal izateko. Moskura joan zenean negarrez agurtu zituen etxekoak eta gehienera, handik hiru urtera berriz ere etxean izango zutela hitz eman zien. Ez zuen hitza bete baina dagoeneko ez zuen errunduntasunik sentitzen. Batzuetan gaizki sentitzen zen samin gabezia horrengatik baina besteetan, familiak elkarrekin bizi zirenean sentiarazten zion ardura gogoratzen zuen. Ez zituen aspaldi ikusten ez baina dirua bidaltzen zien astero. Horrek bere kontzientzia lasaitzen laguntzen zion eta bera, lasaiago bizi zen “Nahikoa egiten dut”.
Turista mordo bat zebilen egun haietan Moskun eta taldetxo bat baina gehiago eraman zuen leku batetik bestera. Bazirudien gidaren batean Moskura behin joanez gero, taxi ilegal bat hartu behar zela jartzen zuela edo. Urduri hasten ziren ordaindu beharreko diru kantitatea adosterakoan eta isil isilik pasatzen zuten bidaia, hori gustatzen zitzaion. Autotik ateratzean, lehoi baten aurka borrokatu izan balute moduan begiratzen zioten elkarri. “Gustura geratu badira…”. Bezero onak ziren turistak, beti ateratzen zizkien bertakoei baino berrehun edo hirurehun rublo gehiago. “Aluak…”.
Turistetan pentsatzen ari zela Taskentez orioitu zen. “Hara ez da turistarik joaten…”. Aspaldiko partez herrimina sentitu zuen eta Igor txikiaz oroitu zen. Seme gazteena zuen eta alde egin zuenean, urte bete besterik ez zuen, “Dagoeneko gizontxo bat izango zen”. Eta Kati, hemeretzi urte izango zituen dagoeneko. “Agian ama izango da… Agian aitona izango naiz”. “Bere amaren antza izango du ziur”, emazteak ere Katia izena zuen baina umeekin ez bezala, bere aurpegia lausotzen hasia zen bere oroitzapenetan.
Une batez, etxera itzultzeko unea izan zitekeela pentsatu zuen baina ideia hori barruraino sartu zitzaion beldur batek uxatu zuen. Burua astindu, aspaldi itzalita zuen irratia piztu eta azken bidaia bat egitea erabaki zuen “Nire pentsamenduak ere buruko mina ematen hasi zaizkit azkenaldian…”.