Usurbeko kritikak: Loreak
LOREAK
Zuzendaria: Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga
Gidoigileak: Jose Mari Goenaga Jon Garaño eta Aitor Arregi
Aktoreak: Nagore Aranburu, Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Joxean Bengoetxea, Egoitz Lasa, Ane Gabarain, Joxe Ramon Soroiz, Jox Berasategi
Produkzioa: Irusoin eta Moriarti
Musika: Pascal Gaigne
Argazkia: Javi Agirre Erauso
Herrialdea: Euskal Herria
Iraupena: 99 minutu
“Baina azken batean, loreak baino ez dira”. Horixe dugu ikusi aurretik filmaren inguruan izan dugun pista bakarrenetako bat. Zuzendariek ez dute askoz gehiago kontatu nahi izan eskaini dituzten elkarrizketetan eta egia esan, eskertzekoa da.
Filma ikustera sartu eta dakigun gauza bakarra, Nagore Aranburuk bikain gorpuzten duen Ane astero loreak jasotzen hasten dela da; egun berdinean eta ordu berberean. Sentsibilitate ikaragarriko aktorea dugu Nagore eta sekula plater bat hautsi ez izanaren aurpegi hori, indarrez beteriko begirada batekin uztartzen du. Gidoi bikaina da Jose Mari Goenaga eta Jon Garañok Aitor Arregiren laguntzarekin idatzi duten hau baina ez da hau Moriartikoen meritu bakarra Loreak zoragarri honetan. Hiru emakumeen istorioa dela irakurri dugu han eta hemen azken asteetan eta a zer hiru emakume! Aktore aukeraketa bikaina egin zuten eta hauek proiektuan erabat murgiltzea lortu dute gainera. Nagore Aranburu dugu trailer eta aurrerapenetan gehien ikusi dugun aktorea baina Itziar Aizpuru eta bereziki, Itziar Ituñoren lana ikaragarria da baita ere.
“Loreak baino ez dira…” eta hala da. Loreek ez dute sentimendurik, ezta zentzu zehatzik ere, guk islatzen ditugu hauek beraiengan erosi, oparitu edo nonbait jartzen ditugunean. Loreakeko loreek ere zentzu ezberdinak dituzte eta hiru emakume hauen begiradatik ikusten dugu nola erramu berdinak, oso erantzun ezberdinak sortu ditzaketen.
Loreaken erritmoa lasaia da, pausatua, baina aldi berean, denbora gutxian gauza asko kontatu eta gehiago iradokitzen dituenaren sentsazioarekin amaitzen duzu filma. Kontatzeko moduaren aldetik, eta nahiz eta kontakizuna orotara kronologikoa den, collage itxura du. Leku ezberdinetatik hartutako pasarteak ikusten goaz, askotan, beste une batean gertatu diren elkarrizketekin jantzita. Hori gutxi balitz, atal ezberdinetan banatzen da filma eta hala ere, gidoi makinaria perfektu batez lotutako eraikuntza bat miresten ari zarenaren sentsazioa duzu.
Makinaria horretan engranaje pertsonaiak ditugu eta Beñaten kasuan ezik, ederki garatu eta aurkeztuak daude guztiak. Pertsonaia bakoitza agertzen den lehen eskenan ez dituzu hamar segundo ere behar nolakoa den jakiteko eta hori, oso zaila da alferrikako elkarrizketetan erori gabe. Beñaten kasuan ordea, zuzendariek beraiek aitortu dute pertsonaiaren anbiguotasun hori nahita hartutako erabaki bat dela eta behin filma ikusita, erraz ulertzen da zergatik. Hala ere, eta esandako guztia ona izan ez dadin bada ere, nire barneko kuxkuxeroak informazio gehiago eskatzen zidala onartuko dizuet. Hala egin balute ordea, filma berdina izango ote zen? Emaitza berdina lortuko ote luke? Ziurrenik ez.
Loreak – Trailer VOSE from Irusoin on Vimeo.
Ohituak gaude filmeetan New York, Chicago, Madril edo Paris ikustera eta nahi edo ez, horrek distantzi moduko bat ezartzen du ikusle eta filmaren artean. Urruneko lekuak ditugu eta hori dela eta, beste errealitate batekoak iruditzen zaizkigu askotan. Horrek abantaila garbi bat du, istorioa hain urrun ikusita, errazagoa baita sinesgarri egitea. Ez duzu han zer gertatzen den ezagutzen, ez dakizu nola bizi diren egunerokotasunean eta edozer gauza irensten duzu. Hor topatzen dut Loreakek, edo gurean kokatutako edozein filmak, izan dezakeen erronka nagusia guztiok ezagutzen ditugun eta ia etxeko sentitzen ditugun lekuak agertzean (ia salto bat eman nuen autobideko kartel batean Ormaiztegi Beasain ikustean), atzerriko edozein filmak baino sinesgarriago izan behar baitu ikusleak ezer arrarorik ez sumatzeko. Zalantzarik ez izan ordea, gertutasun une horiek filmaren alde jartzen dituztela eta Goenaga eta Garañok. Garañok eta Goenagak arazorik gabe gainditzen dute erronka hori filmak irauten dituen 99 minutuetan zehar istorioa, etenik gabe eta jario natural baten moduan igarotzen baita ikuslea filmetik une bakar batez ere atera gabe (ondokoari mugikorra dantzan hasten zaionean kenduta. Hain zaila al da zinera sartzean mugikorra isiltzea?)
Ederra da Loreak, zoragarria, eta ez dakit zertan ari zareten oraindik ikustera joan ez bazarete. Ez dut nik zuzendariek egin ez dutena egingo, pelikula destripatzea hain zuzen ere baina hala ere, polita da filmeetatik inon irakurri ez duzun irakurketak ateratzea eta nik ere, nirea utzi nahiko nuke Usurbeko Kritika honetan. Bada elementu bat pelikulan ia loreak bezain garrantzitsua iruditu zaidana eta hori, denbora da. Loreek ez dute zentzu zehatzik, guk ematen diegu zentzua baina denborak, errealitatea finkatzen du, nahiz eta orain bost urtekoa izan. Berri Txarraken azken lana kalean izateko aste bete inguru falta den honetan, filma hau hoberen definitzen duen esaldia disko hirukoitz horren izenburua delakoan nahiz. Hain zuzen ere, denbora dela, poligrafo bakarra.
Ikusi Irratia – Joxe Mari Goenaga eta Jon Garaño (Loreak) from GITB on Vimeo.