Finlandia (1. atala) – 1.15

Posted on

Egunak eta hilabeteak pasa ziren, baita urteak ere eta nire bizi berrira ohitu nintzen. Teknikari lanak ez zidan independizatzeko aukerarik eskaintzen eta gurasoen etxean jarraitzen nuen bizitzen. Ez zegoen gehiagorako aukerarik eta nahi edo ez, beti alboan izango nuen bakarra familia zela konturatzen hasi nintzen. Bizitzari ez ekiteko aitzakia berri bat besterik ez zen agian baina etxekoekin harremana hobetzen eta zentratzen hasteko aukera eskaini zidan egoerak.

Halako batean, gazteria zinegotzi anormalari bere ohiko anormalkerietako bat burua jetsiz onartzen nion horietako astearte puta batean, argia ikusi nuen. Alboko mahaiean dudan eta Komando Sekretariaseko kide den Marianjeles bere alabaz hizketan hasi zen. Behin baino gehiagotan eskatua nion txantxa artean aurkezteko, amaren antza pixka bat bazuen ezagutu nahi nuela. Barre egiten zuen orduan eta halakorik pentsatu ere ez egiteko erantzuten zidan. Bere alabak, ni bezalako parrandero bat baina zerbait hobea merezi zuela. Hala ere, ez nion sekula jaramon handirik egin eta ez nekien zer egiten ari zen bere bizitzarekin Kattalin liraina.

-Laburmetraia bat egin behar omen du! Bai bai, gidoia idatzita omen du dagoeneko!

Ikusentzunezko Komunikazioa ikasten ari omen zen Katalin ederra (Oso ona zegoen. Benetan…). Karrerako azken urtean zegoen eta lagun batzuekin batera laburmetraia bat grabatzekotan omen zen. Une hartan, aspaldi ez bezala, nire buruak gorputza bulego alu hartan utzi zuen oso urrunera joateko. Buruan egunero asmatzen nituen istorioetan pentsatzen hasi nintzen eta nire burua istorio horiek gauzatzen irudikatu nuen. Idazten, gidoi bat prestatzen, filma bat grabatzen! Azken aldiz B.B.B. garaietan sentitu nuen grina bat hasi zen nire gorputza zeharkatzen. Aspaldi ikusi ez nuen lagun min bat ikusi banu moduan sentitu nintzen eta zirrara ahaztu hura berreskuratu beharrean nintzela erabaki nuen. Ezin nion ihes egiten utzi.

Orduan gogoratu nuen nola nik ere Ikusentzunezkoak ikasteko ametsa nuen hamalau-hamabost urte nituela. Nola baztertu nuen ideia hura karrera hura hautatzeko 8,7ko batazbesteko nota bat behar zela jakitean. Horren aurretik ipuinak idazten eta marrazten igaro nuen denbora guztian pentsatu nuen. Marrazki zein istorioz betetzen nituen liburuez gogoratu nintzen eta salako mahai borobilean lan horietan igarotzen nuen denbora guztiaz…

Egun hartan, lana amaitu eta etxera iristean, prezintatuak ziruditen nire logelako tiradera zaharrak zabaltzen hasi nintzen. Orduak pasa nituen bertan topatu nituen ipuin eta marrazki koaderno amaiezinei begira. Une hartan konturatu nintzen garai haietatik aurrera ez nuela ezer berririk gorde logelako tiraderetan. Ezta apaletan ere. Harrezkero, nire bizia pause egoeran egon zela  eta nola ez, play-ari sakatzeko garaia zela.

Afaltzeko orduan topatu nuen guztiaz hitz egin nien etxekoei, gorputza zeharkatu zidan sentsazio olatu hartaz eta hiruek, irribarre oso zein katartiko batez begiratzen nindutela konturatu nintzen. Bazirudien ni neu nintzela nire bizitzarekin gertatzen ari zenaz konturatu ez zen bakarra. Ohera joan arte aritu ginen idazten eta marrazten pasatzen nituen garaiak gogoratzen.

Aste betera zabaldu nuen bloga eta musika artikulu eta ipuin txikiak argitaratzen hasi nintzen bertan. Ondo sentitzen hasi eta nire egoera, zoriontasunetik hurbilago zegoela konturatu nintzen. Zoriontsu izatea aukera bat zela ikusi nuen eta ordurarte, ez nuela horretan pentsatu ere egin. Bapatean, artikulu txiki haiek motz geratzen hasi zitzaizkidan eta zerbait handiagoa idatzi behar nuela konturatu nintzen. Ez zerbait luzeagoa idatzi nahi nuelako baizik eta kontatu nahi nuena, ezin zelako post soil batean idatzi.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s