u2

Finlandia (1. atala) – 1.21

Posted on

Buruan zituen ideiak aldendu nahian edo, hegazkina hartu aurretik zerbait jatea erabaki zuen Txominek. Berandu iritsiko zen Reykjavik City Hostelera eta horixe izango zen ziurrenik zerbait jateko izango zuen azken aukera. Kafetegira bidean, maletak plastikoz forratzen dituzten horietako postu bat topatu eta bere Suncampari horrelako zerbait ederki etorriko zitzaiola pentsatu zuen. Soka mordo bat zituen zintzilik eta hegazkinera bidean, horietako bat nonbait trankatu eta motxila galtzea zen nahi zuen azken gauza. Lehendabizi, bost euro eta hirurogeita bost zentimo kostatu zitzaion sandwicha jan zuen hiru euroko koka-kola baten laguntzarekin. “Islandiako prezioekin ohitzen joateko…”. Soberakinak zakarrontzira bota eta Suncamp handia plastikoz janztera joan zen. Zaku eta guzti forratzeko eskatu zion postuan jo eta su lanean zebilen hegoamerikarrari eta honek lana amaitzean, errugbi baloi erraldoi bat itzuli zion. Hegaldien informazio panelari begiratu eta oraindik berearentzat leihatilarik ez zegoela konturatu zen. Quechua txikia bizkarrean eta errugbi baloi erraldoiari ostikoka, kanpora abiatu zen hegazkinean sartu aurreko azken zigarroa erretzera “Erretzaile eserlekurik ez duzue ezta?” .

Zigarroak ez zion hiru minutu baino gehiago iraun eta Islandiara iristeko ikaragarrizko gogoa zuela konturatu zen. Irribarre txiki batek ihes egin zion pentsatze soilarekin. Terminal barrura sartu zen berriz ere bere ontziratzea zein leihatilatan egingo zen jakiteko grinaz “Venga hostia! Urduri jartzen ari naizela!”. Zortea izan zuen eta zigarroak iraun zituen hiru minutuetan bere hegaldiaren egoera aldatu eta alboan hogeita hamabi bat agertu zitzaion. Hogeita hamabigarren leihatilara gerturatzen hasi zen orduan eta bere harridurarako, hamabost bat pertsona topatu zituen bertan ilara egiten. “Ez nintzen asper-asper eginda zegoen bakarra gero! Zein da azkena?”.

Horrela doa Finlandia orain arte.

Eta horrela non-original soundtracka.