“Operación Palace” dokumental faltsuaren harira, Xabiertxo
Ez dut ulertzen Jordi Évoleren Operación Palacek altxatu duen hautsa eta ezta alde guztietatik jasotzen ari den hainbat kritika ere. Dokumental faltsu bat da, besterik gabe. Gezur bat kontatu zigun eta amaieran bere bekatua aitortu zuen. Non dago arazoa?
Badira baita ere, dimetsio handiagoa eman nahi izan diotenak. Zertarako balio izan ote duen, komunikabideak zalantzan jarri ote dituen… Ez dut uste ezer berririk mahai gainean jarri duenik baina lokartua zebilen enpanaturen bat esnatzeko balio izan badu behintzat, ongi etorria izan dadila.
Izan dira gainera lekuz kanpo ikusi ditudan kritika batzuk eta ulertzea oso zaila egiten zaizkidanak. Adibidez, erregea indartzeko balio izan omen du monarkia krisian dagoen garai batean. Non? Noiz? Nik behintzat ez dut halako ondoriorik atera inondik inora. Beste batzuek manipulatzaile hutsa dela aurpegiratu diote, ez zela fidatzekoa eta hemendik aurrera are gutxiago. Ez dakit ba, zer nahi duzue esatea? Nahiz eta Euskal Herrian izan den bakoitzean ez zaidan bere saioen emaitza gehiegi gustatu (bat ere ez egia esan…), normalean bere saioak zintzoak iruditzen zaizkidala aitortu behar dut.
Ezjakintasunetik gerturatzen da beti errealitatera eta kazetari profesional askok baina galdera hobeak egiten ditu askotan. Beste askotan aldiz, hanka sartzen du eta barruan duen komikoa behar ez duen une zein lekuan solte uzten du. Arrisku horiek ditu ezjakintasunak. Gauza batzuk ondo egiten ditu eta beste batzuk gaizki, gainontzekook bezalaxe. Hala ere, espainiar estatuan kazetaritza (beste guztia ez esateagatik) nola dagoen ikusita, bere lanak errealitate bati erantzun eta onuragarria delakoan naiz. Gertuen dugunari egurra emateko zaletasuna dugu itxaropen gutxi pizten digunaz, ez dugula ezer espero. Horrelakoak gara.
Kontua da, ikuskizun entretenigarria iruditu zitzaidala eta eskertzekoa da egia esan, telebistak homogenizaziorantz jotzen dueen garai honetan (iritsi da dagoeneko), igande gau batean zerbait ezberdina ikusi ahal izatea. Hori da agian zergatik ez, Operación Palace honek abiatu beharko lukeen eztabaida nagusia.
Gustuko ditut dokumental faltsuak, izugarri gainera. Ez da generorik emankorrena inondik inora eta nahi baino gutxiago ikusi ditut (baten bat ezagutzen baduzue, eskertuko nizueke aipamena). Dokumental faltsuak gezur bat egia moduan kontatzea baliatzen du beste edozein generok baina gehiago eta hori gutxi balitz, hain maite dudan umore surrealistarako bidea ere ematen du (edozer gauza esan dezakezu egia balitz moduan!).
HUHEZI garaietan, guk ere egin genion generoari ekarpen txiki bat eta dokumental faltsuen gaia guztion ahotan dabilela ikusita, apaletik jetsi eta The Indezents berri honetara ekartzea erabaki dut. Xabiertxo izena du eta dokumentalak lantzeko balio izan zigun ikasgaiaren amaieran aurkeztu genuen lana izan zen. Leku ezberdinetan ikusi ahal izan zen eta Lekeitioko Zine eta Bideo Bileran fikziozko lan ez profesional hoberenari lehen saria eraman zuen (bizi osoan jaso dudan sari bakarra). Ea zer iruditzen zaizuen!
Xabiertxo from The Indezents on Vimeo.
Produkzioa: Maitane Nerekan eta Txomin Tapia
Kamera: Jon Arriaga eta Zuriñe Madinabeitia
Soinua: Nerea Ruiz de Azua
Argia: Nerea Barrutia
Itzulpenak: Josu Arizkorreta, Irati Goitia eta Xabier Azurmendi
Ilustazioak: Imanol Aizpuru
Musika: Xabier Sarasola eta Jeff Buckley
Aktoreak: Juan Kruz Mendizabal, Maria Luisa Garcia, Javier Sarriegi, Josu Lopez, Ixabel Olano, Valero Feo, Juanjo Otaño, Ainhoa Larrañaga eta Roberto Alvarez
1:11 pm 2014/03/04
Lan bikaina, benetan. Artistak!