Finlandia (1. atala) – 1.7
INGENIARI GALAKTIKOARENA
2012 da baina lasai, ez da mundua amaitu behar, kontrakoa! NASAk, Agentzia Espazial Europarrak edo Soriako Astronomo Elkarteak (Ze axola dio!) planeta berri bat topatu du gure galaxiatik haratago. Sonda zein robot ikertzaile ezberdinak bidali dituzte bertara eta ziurtatu dute han ere, gurean bezalaxe, oxigenoan oinarritutako bizia dagoela. Lurraren tamainaren laurdena du gutxi gorabehera planeta berriak eta ez dago bizitza inteligentea deitu daitekeenik bertan. Bai milaka animalia zein landare mota baina ez tresnarik egin edo erabiltzen duen izakirik.
Proposatzen dutena hurrengoa da. Mundu osoko 10.000 pertsona bidali nahi dituzte planeta berria kolonizatzera. %70 emakumezkoak eta % 30 gizonezkoak (ugalketa errazteko, besterik gabe…).
Mota guztietako jendea nahi dute; hizkuntza, erlijio zein kultura ezberdinetakoak, lanbide zein ikasketa ezberdinak dituztenak (zientzialariak, ingeniariak, kazetariak, filosofoak, argiketariak, iturginak, igeltseroak, artistak…). Ideia, zibilizazio berri bat sortzea da eta bide batez, hango material zein lehengaiekin industria edo medikuntzarako baliagarriak izan daitezkeen esperimentuak burutzea. Posible izango al da gure gizartean jaio eta hezitako 10.000 pertsonek gure planetan egindako akatsak ez errepikatzea?
Gazte gipuzkoar bat da gure protagonista. Mondragoiko Politeknikan ingeniari ikasketak amaitu berri ditu 28 urte bete dituen egunean eta lan bila dabil (Zer? Lasaitasunez hartu du…). Neskalagunak adinekoak zaintzen egiten du lan eta gure protagonista, lan duin bat topatu arte, (kottadua…) neskaren kontura bizi da alokatua duten 35 metro karratuko etxean.
Halako batean ordea, harremana krisi batean sartzen da, neskak segurtasuna behar omen du eta bere soldata xixtrinak ez omen du biak bizitzeko ematen. Amaren etxera itzuliko dela erantzuten dio gure protagonistak “Zuregatik edozer…” Eta neska sutan jartzen da (Ingeniari izateak ez du inteligentzia emozionalik ematen…). Asko maite omen du baina bien artekoa amaitu egin omen da; “Horrela ezin gara batera egon”. Bere bizitzari ekiteko esan eta portalean uzten dizkio maleta, arropa, eskiak, alemaniatik ekarritako garagardo pitxarra elegante eta Playstationa.
Bizitza birplanteatu beharrean da gure ingeniaria eta hurrengo egunean egunkarian irakurtzen du planeta berriaren kontua. Nazioarteko casting bat zabaldu behar dute! Ez da etxera itzultzerik ziurtatzen baina trukean, mundu berri eta hobe bat sortzeko aukera eskaintzen dute!
Gurean jarraitzeko zuen arrazoi bakarra bere bizitzako amodioa zen eta behin hori galduta, ez du ezer sorterrira lotzen duenik beraz diaspora moderno honetan parte hartzeko erabakia hartzen du. Izena ematen eta mutila, ingeniaria, katoliko ez praktikantea, edale amorratua, porro zalea, bideo-jokuetan aditua eta euskalduna izateak 10.000ko talderako ateak irekitzen dizkio. Altxor bat lagin estratifikatuarentzat!
…
Horrela doa Finlandia orain arte.
Eta horrela non-original soundtracka.