Usurbeko kritikak: Her

Posted on Updated on

Her-716403893-large

HER

Zuzendaria: Spike Jonze
Gidoigilea: Spike Jonze
Aktoreak: Joaquin Phoenix, Scarlett Johansson, Amy Adams, Rooney Mara, Olivia Wilde
Produkzioa: Spike Jonze, Megan Ellison, Vincent Landay
Musika: Arcade Fire eta Karen O
Edizioa: Jeff Buchanan, Eric Zumbrunnen
Estudioa: Annapurma Pictures
Herrialdea: AEB
Iraupena: 126 minutu

Kevin Smith eta Wes Andersonekin batera Spyke Jonze da nire zine zuzendari kuttunetako bat (Guy Ritchie ahaztu gabe. Beti ere, Madonnarekin ezkonduta egon zeneko tartea kenduta noski).  Onartu beharrean naiz ez dudala Being John Malkovich ikusi nahiz eta alde batetik, batzuk bere obra goren moduan izan eta bestetik, ikusi beharreko zerrendan urte asko eraman. Bideoklipgile moduan ezagutu nuen lagun batek orain urte batzuk (dezente egia esan) bere bideoklip hoberenen bilduma bat utzi zidanean (oraindik ez diot itzuli, barkatu). Ikaragarri gustatu zitzaidan bere lana eta bideoklipgintza bezain arte estereotipatu bat iraultzea posible zela ikusi nuen (Guy Ritchie ere kontuan hartu beharreko zuzendaria da arlo honetan).

Gerora, John Malkovichen buruan sartzeko lagun izan zuen gidoigile berberarekin, Charlie Kaufmanekin hain zuzen ere (Eternal Sunshine of the Spoteless Mind zoragarria beste batzuen artean) Adaptation egin zuen eta ez dizuet gezurrik esango filma horrek markatu egin ninduela aitortzen badizuet (Nicolas Cageren lan bat gustuko izatea lortu zuen beraz atera kontuak). Ondoren, Where The Wild Things Are lanaren berri izan nuen Arcade Firerekin txoratuta nenbilen garaian. Wake Up kantua zen soinu bandako kantu nagusia nahiz eta gainontzeko soinu banda Karen O and The Kidsek sinatu zuten. Zinean ikusi nuen eta berriz ere ikaragarri gustatu zitzaidan Jonzeren lana. Azken honetan ordea, ez zuen Kaufmanen laguntzarik izan eta zuzendariaren barne mundua ikusten hasi ginenaren sentsazioa izan nuen.

Gauzak horrela, Her iragartzen hasi ziren eta ikusi beharreko filmen zerrendan sartu nuen. Spike Jonzeren azken lana izatea gutxi balitz, I’m Still Here egin zuenetik Joaquim Phoenix ikusteko aukera eskaintzen zuen eta buru hori bere lekuan ote zegoen ikusteko aukera bikaina iruditu zitzaidan (Scarlett Johansson ere ageri da bai baina kolonia iragarki aluak egiten hasi denetik jainkosa izatetik petardilla izatera pasa da…). Usurbe Antzokian nahiko fin dabiltza kudeatzen duen enpresa aldatu eta herriko gazte batzuk hartu dutenetik eta herriko antzokira iritsi arte itxaroteko erabakia hartu nuen (ondo ari denari lagundu egin behar zaio ahal den heinean).

Igande honetan iritsi da Beasaina Jonzeren lan txalotua eta zer nahi duzue esatea? Ez dit hutsik egin inondik inora. Ikaragarri gustatu zait eta nahiz eta gustuko izateko aurretiko jarrerarekin joan nintzen zinera, Her uste nuena baino gehiago dela onartu beharrean naiz.

her-joaquin-phoenix-3

Where The Wild Things Are lanarekin bere barne mundua erakusten hasi bazen, erabat biluztuta ageri zaigu Jonze Her eder honetan. Planteamendu sinple zein arriskutsu batetik abiatzen da Rocvilleko zuzendaria (herri izen ederra zalantzarik gabe) eta arriskutsua diot, beste edozein zuzendariren eskuetan erori izan balitz, komedia alu bat izaten amaitzeko aukera asko zituelako alde batetik, eta aktore batengan pisu gehiegi jartzen duela pentsatu daitekeelako bestetik. Ba ez bat, eta ezta bestea ere.

Theodore Twomly (Joaquin Phoenix) gutun idazlea da gertuko etorkizun batean. Badirudi jendeak, etorkizun horretan, internet bidez enpresa bati ordaintzen diola bere bikote, lagun edo familiari gutunak idazteko (ez dakigu hartzaileek badakiten edo ez nahiz eta erantzuna baiezkoa den ulertzera ematen den). Horretan ari dela hasten da Her eta lanbidea bera elementu bikaina da gizarte aurreratu hori nolakoa den ulertzen joateko. Gaur egungo teknologia berriez hitz egin nahi digu Jonzek eta hauek eragiten ari diren norbere baitan biltze eta bakartzeaz. Kalean milaka pertsonekin gurutzatzen da egunero Theodore baina arreta mugikorrari konektatua dagoen eta belarrian duen pinganilloan du aurrean topatzen dituen guztiek bezalaxe. Teknologia berri eta sare sozialen kritika horretatik abiatzen da beraz baina giza izaera, behar zein desioez hausnarketa sakon bat egiten amaitzen du.

Twombly jauna orain urte bete banandu zen eta oraindik ez dio bueltarik eman. Lur jota dago eta ezinezkoa egiten zaio bere bizitzan aurrera egitea. Testuinguru horretan, sistema operatibo berri bat erosten du eta hor sartzen da Scarlett Johansson. Sistema iraultzaile honek inteligentzia artifiziala du eta ikasi egiten du bezeroaren beharrei egokitzen den oinarri batetik. Esan beharrik ez dago gizon eta makinaren arteko harremana dela Her honen ardatz nagusia eta nola ez, maitasun istorio bat sortzen dela bien artean.

Ez dut argumentua zanpatu nahi eta ez dizuet gehiago kontatuko bere inguruan baina aurreratzen dizuet harreman horretatik eratorritako egoerek guztiok barnean ditugun zalantza, beldur eta ametsak azaleratzen dituela (gaur egungo gizartearen berekoitasuna, amodio idealen tranpa, oroitzapenen kartzela…). Tekla egokia sakatzen du Spike Jonzek eta guztiok Theodoreren azalean jartzea lortzen du irribarre bat baino gehiago lapurtuko dizun filma honetan.

I’m Still Here ikusi ondoren Joaquin Phoenixen buruak bere lekuan jarraitzen ote zuen zalantzak zituen edonor (ni barne) bere akatsaz konturatuko da. Aktore sanjuandarra (Puerto Ricoco San juan, ez Pasaiakoa) oso handi ageri da bere lanik hoberenetakoa izan daitekeen honetan. Samantha (Scarlett Johansson) ahotsa besterik ez da eta horrek Joaquinen pantaila aurreko minutuak ikaragarri biderkatzen ditu filma arrunt batekin alderatuz (onartu beharrean nahiz Samen bikoizketa  izan dela kale egiten duela iruditu zaidan gauza bakarra. Jatorrizko bertsioa ikusi beharko dut filmaz erabat gozatzeko). Pisu handia du Phoenixek filma osoan zehar baina izugarri ondo darama bizkarrean. Ez da plano-kontra planorik eta elkarrizketa gehienetan bakarrik ageri da. Ikuslea bere biboteaz aspertzeko arriskua ordea, oso ongi saihesten du Jonzek eta irudi iradokitzaileekin janzten ditu hainbat pasarte. Horrek guztiak, erritmo pausatu bat eskaintzen dio filmari eta zu ere erritmo horretan sartzen zara bihotz taupadak Arcade Fireren soinu bandaren pare jarri arte.

Where The Wild Things Are bikainean kantu nagusia Arcade Firek eta Soinu Banda Karen Ok egin bazuen, rolak aldatu ditu oraingo honetan Spike Jonzek eta Karen Ok (Yeah Yeah Yeahs) kantu nagusia egin duen bitartean (ederra benetan) Montrealekoek soinu banda osoa gorpuzteko aukera izan dute. Nik dakidala, halako zerbait egiten duten lehen aldia da eta emaitza, txapela kentzeko modukoa da.

Ez nuke nahi kritikatxo hau amaitu jantzigintzaren alorra aipatu gabe normalean, ihes egiten didan kontu bat bada ere, oraingo honetan nire arreta eta nirekin zeudenena eskuratu baitu. Gertuko etorkizun hori osatu eta barneratzen laguntzen digu beraz, bere funtzioa ongi betetzen duelakoan naiz baina ezin izan nuen saihestu, filma osoan zehar, praka madarikatu horiek bere lekuan jartzeko pentsatzen aritzea.  Zuk ere pentsatuko duzu ziur, ikustera joaten bazara behintzat. Nik, zalantzarik gabe gomendatzen dizut.

her-fp-0835

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s