Finlandia (1. atala) – 1.17

Posted on

Eguerdiko ordu biak besterik ez ziren. Ez zuen hegazkinik gaueko 23:25ak arte eta hori gutxi balitz, bazkaldua zen dagoeneko. “Asko aspertu behar naiz gaur“. Une batez, eguna Bartzelona bisitatzen eman zezakeela pasa zitzaion burutik baina azkar uxatu zuen pentsamendu hura kaskezurretik motxilak gauerdira arte uzteko kontsigna baten bila hasteko. Eztabaida bat baino gehiago izan zuen lagunekin jarrera hori medio zela. Oporrak Palamosen balira adibidez, Txominek Palamosera iritsi nahi zuen lehendabizi eta orduan hasten ziren oporrak, ez lehenago. Behin baina gehiagotan saiatu ziren koadrilakoak erdibidean beste zerbait ikusteko konbentzitzen baina men egin zuen gutxietan gogoz kontra izan zen. Nonbait zegoela sentitu behar zuen lasai egon ahal izateko. Ez zituen igarotze egoerak atsegin “Etxetik tabernara noala kale nagusian jendearekin hizketan geratzea ere ez dut eta atsegin…”

Esan ziotenagatik, ez zegoen kontsignarik bigarren terminalean baina bai ordea lehendabizikoan. Autobusa hartu beharko luke horretarako eta ondoren berriz bigarrenera itzultzeko. Pixka bat pentsatu ondoren, gehiegizkoa iruditu zitzaion paseoa bere paranoiarako. Motxilak hartu eta zigarro bat erretzera atera zen kalera.

Sekulako beroa egiten zuen eta bere oin kiskaliei begiratu zien. “Mendiko botak eta bakeroak… Aupa hi! Garagardo azokako ukondo bat baino egosiago bukatu behar dut eguna…“. Itzalpe batean jarri eta zigarro bat atera zuen poltsikotik. “Eskerrak bi kartoi ekarri ditudan… Tabakoa ere ez da merkea izango izotz eta suaren lurraldean ez jauna!“.  Zigarroa amaitzen ari zela Iker eta Aitzolez gogoratu zen berriz ere.

Telefonoa hartu eta Ikerri deitu zion. Ez zen telefono zaleegia eta ez zuen normalean modu horretako deirik egiten. Txominen deiak zerbaitetarako izaten ziren beti; geratzeko, esan beharreko zerbait kontatzeko edo “non zaude?“ galdetzeko. Iker eta Aitzolek ordea ez zuten halako arazorik telefonoarekin eta behin baino gehiagotan deitzen zioten besterik gabe zertan zebilen galdetu eta tertulian aritzeko. Ez zituen dei horiek batere atsegin baina oraingo honetan, asper-asper egina zegoen eta denbora-pasa egokia iruditu zitzaion.

Cambadoseko jatetxe batean omen zeuden mariscada eder batez gozatzen eta ez zuen batere harritu ez mariscadak eta ezta ederki gozatzen aritzeak ere. Ondo jan eta edateko zaletasuna zuen koadrila zen Txominena “Eskeeerraak!!”. Egun hartan hondar-oroitzapen bilakatu zen Bartzelonara eginiko aste santuetako bidaia gogoratu zuen berriz ere “Zein ederki pasa genuen… Kar kar kar”. El Masnouko kanpinean zuten kanpamendua eta alboan zegoen badulake batean egiten zituzten erosketak egun osoa Kondearen Hiria goitik behera ezagutzen pasa ostean. Hiru egunetan ikaragarrizko erosketak egin zituzten bertan eta azkenekoan, ea hurrengoan itzuli behar ziren galdetu zien jabeak. Hala balitz, garagardo gehiago eskatu behar zuela. Barre algara ederrak bota zituzten tontakeriarekin eta jabearekin argazki bat ere atera zuten.

Ikerren ahotsaren atzean Aitzolen oihuak entzuten zituen Txominek; “Domingoooooo!!!”. Umore ederrean ari ziren bazkaltzen eta Albariñoa eragina egiten hasia zen. Aitzolen laguna eta koadrilakoak oso jatorrak zirela zioen eta ederki portatzen ari zirela beraiekin. Aurreko gauean parranda ederra bota zutela kontatu zion eta oso lo gutxi egin omen zuten. Neska batekin ere aritu omen zen hizketan denbora luzez eta hortxe-hortxe izan omen zuen. Bere trikimailu izarra ere erabiliko zuen ziurrenik, “Perdón. ¿A que hora cierran esto? Esque no soy de aquí”. Sinestezina iruditzen zitzaion Txomini halako alukeri batekin petrolioa aurkitzen amaitzea baina Ikerrekin, logikak ez zuen ezertarako balio.

Aitzolek telefonoa kendu zion Ikerri halako batean eta gezurra zela esaten hasi zen. Ez zuela hortxe-hortxe izan, ez ziola batere kasurik egin eta azkenean buelta erdia eman eta bakarrik utzi zuela. “Nik behintzat zerbait in nian!” ohiukatu zuen Ikerrek atzetik. Gainera, jarraitu zuen Aitzolek, gaua bizi txarreko antro batean amaitu omen zuten eta mariskoa eta Albariñoa probatu ostean, Galiziako hirugarren produktu ezagunena ere probatu nahi izan zutela. Bihotz oneko gamelu baten bila hasi eta begiak Ohiane Mateos baino irekiago eta aurpegia Manu Marichalarrek baino haziago zuen tipo bat ikusi omen zuten barra alboan. “Ez zegoen kale egiterik”. Gerturatu eta farloparik ba ote zuen galdetu zion Ikerrek. Tratuan hasi eta halako batean, bizi txarreko antroko hontza kokaina hura Oubiñarena zela esaten hasi zitzaion Ikerri, oso ona zela. Ikerrek orduan, zer bota eta ea Oubiña hori BNGko baten bat ote zen galdetu zion. “Batzuetan ez dakit beraz barre egin edo bera gu guztioz barre egiten ari den…“ pentsatu zuen Txominek Aitzolek telefonoaren beste aldetik barre eta barre egiten zuen bitartean. Iker eta konpainia lanperna guztiak bukatzen ari zirela aitzaki agurtu zen Aitzol eta Ikerren “Ligau zak islandesa bat!“ oihua entzun zuen agurtu eta deia mozten zuen bitartean.

Terminalean sartu eta libre zegoen eserleku baten bila hasi zen Txomin Suncampa eta Quechua ondo helduak zituela. Lan horretan ari zela, eguneko hegaldi guztien berri ematen duen panel bat topatu eta berearen bila hasi zen. Reykjavik, 23:25. Hortxe zegoen, zerrendako azken postuan. Buelta erdia eman eta libre zegoen eserleku bat topatu zuen muturren aurrean. Eseri, Katherine Nevilleren El Ocho Quechua txikitik atera eta bere alboan utzi zuen motxila. Suncamp handia bere aurrean jarri eta hankak luzatu zituen motxila lurra eta hanken artean harrapatuta utziz. “Ea zer kontatzen digun Katherinek…”

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s