Finlandia (1. atala) – 1.18

Posted on Updated on

FLAG Finlandia

 

Koadrilako oporrak ez ziren sekula abenturazaleegiak izan. Gidoi finko bat jarraitzen zuten eta egia esatea nahi baduzue, ikaragarri gustatzen zitzaidan. Inguru bat aukeratu, kanpamendu base eroso bat muntatu (Kanpin edo bungalowez osatua normalean), goizean inguruko zerbait ikustera abiatu eta hamar metroro garagardo bat hartu. Ondo bazkaldu eta beste zerbait ikusi hamar metroro garagardo bat hartuz. Kanpamendu basera itzuli, afaldu eta garagardoak edaten jarraitu ohe, koltxoneta eta lurrera seko erori arte. Aspergarria? Ba itzel pasatzen genuen!

Pixkanaka ordea, plan mota hau jarraitzaileak galtzen joan zen eta pixkanaka garagardoa pisua galtzen joan zen gauza gehiago ikustearen edo… Azti! Mendira joatearen alde adibidez! Nire mundua goitik behera zetorren. Hala ere, erresistentziakoek lanean jarraitu genuen eta talde txikiagoetan bazen ere, garagardo way of life motako oporralditxoak antolatzen jarraitzen genuen noizean behin. Iker, Aitzol, Unai, Joseba eta Uxune, Eneritz, Harkaitz eta noizean behin batu zitekeen sateliteren bat. Horiexek osatzen zuten nire erresistentzia eta oso pozik sentitzen nintzen talde horren barnean.

Hasierako hamaikako horrekin plan ezberdinak burutu genituen ikasketak amaitu eta lehen langile oporraldietan baina urtero zailagoa bilakatzen hasi zen espedizioari ekiteko quoruma osatzea. Horrela egin genituen Tarragona, Portugal, Landak edota Maltako bidaia baina… Maltara hiru bakarrik joan ginela esaten badizuet…

Gauzak horrela, 2010eko oporraldietan pentsatzen hasteko ordua iritsi zen.  Abuztuan nituen oporrak eta koadrilako gutxik zituzten oporraldiak garai berdinean. Gutxi horietatik batzuk, bikote edo beste lagun batzuekin  prestatu zituzten (Beste lagun batzuekin? Tio! Koadrilatik kanpo bizia duzu?). Gainontzekoek aukeratutako lekuak Venezuela edo India izan ziren. “Ez naute hor harrapatuko ez jauna…”. Kaletik noala itxura arraroko norbait ikusi ezkero urduri jarri eta martxa azkartzen dut eta! Nola hostia bururatuko zait ba halako kriminalitate tasa edo txirotasun maila duen herrialde batera oporretan joatea? “Oporrak gozatzeko dira ez beldurra pasa edo miseriak ikusteko…”.

Urte guztia udaletxe puta horretan argi gutxiko zinegotziak eta bere burua jainkotzat duten dinosauro sailburuak jasaten pasa ostean, opor batzuk behar nituen. Opor on batzuk. Venezuela eta Indiarako gonbiteei uko egin eta bakarrik bidaiatzearen ideiari bueltak ematen hasi nintzen. Hasiera batean, nire buruarekin nuen txantxa bat besterik ez zen “Guay egongo litzateke….”. Indiana Jonesez jantzita irudikatzen nuen nire burua munduko txoko ezberdinak ezagutzen eta ondo sentitzen nintzen pelikula horiekin. Nola molatzen duten irudikapenek ezta? Garai haietan ez nuen gehiago behar izaten. Bizitza trenak pasatzen ikusten igaro behar baduzu, zer axola dio geltokitik edo ganbarako leihotik begiratu…

Hala ere, azken urtean ni neu ere nire ingurunea eta bizitza zalantzan jartzen hasia nintzen eta banituen arrazoi ezberdinak bakarrik bi astez lotura guztietatik aske egotea oso erakargarri egiten zutenak. Alde batetik, buruan nuen ideia handiaren inguruan pentsatu eta ideiak ordenatzen hasteko parada eskainiko zidan eta bestetik, Eneritz betiko ahazteko behar nuen aukera izan zitekeen. Nire sentimenduekin nazkatzen hasia nintzen eta Eneritz eta ingurukoen jarrera ikusita, azkena nintzen egoera horretara iristen. Ahaztu egin behar nuen eta bakarrik alde egiteak herrian egonda lortu ezin nuen erreseteatzea ahalbideratuko zidalakoan nintzen. Iraganeko kate astunez libratu beharrean nintzen behingoz nire bizitzari ekiteko.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s