Disko hau Islandian grabatu izan balute, aurrezten ibiliko zinatekete kontzertu batera joateko: Entelekia
GITBk 10 urte bete ditu eta ospakizun urtea dugu aurtengoa (Hemen duzue urteurrenerako prestatu genuen dokumentala edo). Garai bateko saioak webgune berrira igotzen ari gara aitzakia horrekin eta lan horretan, Goierri Irrati Telebistan lanean hasi nintzeneko saioak topatu ditut. Beraien artean, GCC (Goierri Creation City) izan da osorik sareratu dugun lehena. Saio txukunak geratu zitzaizkigulakoan naiz eta oso interesgarriak, nahiz eta azken puntu hau, gonbidatuek egin zuten posible.
Beldurtuta utzi nau lehen esperientzia haietan zenbat lagun zein ezagunez baliatu nintzen eta beraien artean, aspalditik blog honetan txoko bat merezi duen batekin topatu naiz.. Bera, Asier Lopez musikari beasaindarra da.
Alkartasuna Lizeoan ikasi zuen ni bezalaxe eta txikia nintzenetik oroitzen dut astero ilea kolore ezberdin batez margotuta zeraman tipoa bezala. Gerora, Goierrik eman duen talderik handienetako baten bateria-jolea izan zen, Amen talde ormaiztegiarrarena hain zuzen ere (Mila esker bide batez Euskal Maketak erabiltzaileari Youtuben halako taldeak biltzen egin duen lanagatik, bejondaizula!). Asier, edo Lopez, garai haietan ezagutzen genuen moduan, ume moko bat zen orduan baina Amenen edozein kantuko bateria erritmoak entzutea nahikoa da aparteko talentua zuela ikusteko.
Gerora, bateria utzi eta gitarrarekin hasiz, Fitter Happier taldean aritu zen (ez dut bere garaiko piezarik topatu). Urte dezente igaro zituen talde honetan eta bere hitzetan, “oso berezia izango da beti talde hau suposatu zuen guztiagatik“. Hala ere, musikak Asierrentzat berebiziko garrantzia zuen eta musikaren munduan murgiltzen jarraitu zuen. Donostiako Kontserbatorioan ikasketak burutu zituen eta horrek, “bere alde on eta txarrekin” beste ikuspegi bat eman zion (Gaur egun, Bilboko Kontserbatorioko irakaslea da). Musika klasikoa eta modernoa uztartzen saiatu da horrezkero eta makina bat proiektuetan hartu du parte. Nabarmenena, GCCa egin genion garaian martxan zuena, Pax Avant. Proiektu hartan, musikari talde bat bildu zuen bere baitan eta kantu sorta eder bat prestatu zuen. Kantu horiek dira hain justu, bakarkako formatuan, 2010eko Donostiako Jazzaldian bertako artisten artean aukeratua izatera eraman zutena.
Orain artekoa, Asierren inguruan ideia bat egiten joateko besterik ez da izan gaurkoan, artista handi hau blog honetara ekartzeko arrazoi nagusia, bere azken lana baita, Entelekia. Ikusi duzuen moduan, ez da geldirik egotekoa Asier eta pasa den urtean lan berri batekin agertu zitzaigun. Aitortu beharrean naiz bere garaian hobeto ulertu nuela Amen, Fitter Happier baino baina gaur egun, gauzak ezberdinak lirateke. Estilo aldetik gertuago harrapatu nau agian azken honek baina onartu beharrean naiz, lan ikaragarria iruditu zaidala.
Nire mantra nagusia, zuek ere askotan sufritu behar izan duzue, euskaraz gauza ezberdinak egitearen beharra izan da eta diskoaren kalitate eztabaidaezinaren gainetik, horixe da nabarmendu nahiko nukeena. Asierrek beste modu bateko musika egiten du, munduan zehar antzekotasunak dituena bai, baina euskaraz. Naturaltasunetik du ordea gehiago erabaki honek militantziatik baino eta horrek izan behar luke bidea. Entelekia zortzi kantuk osatzen dute eta bere bandcampean duzue entzungai hasieratik amaierara (ez da ale fisikorik existitzen). Oso erraz entzuten den lana dugu Asierren azkena eta nire kasuan behintzat, zenbat eta gehiago entzun, gehiago gustatzen zait. Urte bete inguru da nire esku artean erori zenetik eta errepikari bilakatu da nire idazketa saioetan. Bere hitzetan, beste jarrera bat izan du kantu sorta hau sortzean, bai animo aldetik eta baita hitz aldetik ere eta horrek, uneka hunkitzen zaituen disko bat izan du emaitza. Instrumentu zein programazioak melodia ederrekin nahasten ditu kantuz-kantu eta entzuten duzun aldiro, zerbait berria topatzen duzu bertan.
Ez nuke nahi post hau herriko artista baten moduan idazten dudan post soil baten moduan pasatzea hori baino askoz gehiago baita. Entelekia 2013an entzun ditudan diskorik borobilenen artean sartuko nuke eta “Joan orduko”, urteko kantuen artean.
Euskaraz gauza ezberdinak egin behar ditugu; asko, onak eta txarrak, garrantzitsuak eta hutsalak baina ikaragarrizko nahigabea sortzen dit halako lan batek, merezi duen arreta ez jasotzea euskarazko musika merkatuaren muga zein hipokresiagatik. Asier Reykjaviken jaio izan balitz, guztiok izango genuke bere berri eta Donostia edo Bilbon noiz jo zain egongo ginateke.
Amaitzeko, Entelekia argitaratu zuenean egin genuen Ikusi Irratiarekin uztea gustatuko litzaidake kantuan ez ezik, oso interesgarria baita Asier Lopez hizketan entzutea. Ez dadila post hau ahanzturaren zuloan galdu. Guztiok izango dugu zer irabazi.
Ikusi Irratia – Asier Lopez from GITB on Vimeo.