Finlandia (1. atala) – 1.25

Posted on

FLAG Finlandia

 

Oporretara bakarrik joateko erabakia indarra hartzen hasi zen nahiz eta buruan bidaia irudikatzen edo antolatzen hastean, irrealtasun zantzu bat izaten jarraitzen zuen. Erabaki itxia zen baina irekiune bat zuen nonbait. Zerbaitek kale egiten zuen eta nire buruarekin zintzo  jokatzen nuenean, lotsa puntu batez onartzen nion azkenean, ez nuela potrorik izango abenturari ekiteko.

Milaka webgune bisitatu nituen Finlandiaren inguruko informazio bila eta beti topatzen nuen aitzakiaren bat bidaia alde batera uzteko (hiri gehiegi hamabost egunetan  bisitatzeko, desplazamendu luzeegiak, garraio garestiak, hegaldi oso garestiak, unikornio adar birrinduz eginak behar zuten izarez estalitako oheak…).

Hamabost egunetan Finlandian zehar burutzeko milaka ibilbide ezberdin planifikatu nituen baina guztiek zuten ibilbide berri baten bila jartzen ninduten akatsen bat. Eta akatsik ez bazuen, asmatu egiten nion. Begiratzen nuen webgune bakoitzeko urrunago ikusten nuen Finlandia eta pentsatzen hasia nintzen oporretara bakarrik joateko erabakia inori kontatu ez nionez, oraindik atzera botatzeko aukera nuela.

Halako batean ordea, eta ez dakin nola, bideo batekin topatu nintzen sarean. “Inspired by Iceland” izena zuen eta Islandiako gobernuak 2008ko krakaren ostean turismoa indartzen hasteko martxan jarri zuen kanpaina turistiko baten barnean zabaldutako iragarki bat zen. Emiliana Torriniren islandiarraren “Jungle Drum” kantua barruraino sartu zitzaidan eta bideoa ikusten ari nintzen bitartean idaztean sentitzen nuen zirrarara sentitu nuen gorputz osoan zehar. Glaziarrak, geyserrak, lur zati amaiezinak, ipuin batekoak ziruditen lekuak, Hallgrímskirkjako eliza, jende zoriontsua, neska zoragarriak… Bideo hasieran ageri den neskak zeramana bezalako jertse batekin ikusi nuen nire burua leku eder guzti haiek ezagutzen. Emiliana Torriniren kantua amaitzean, ahoan aspaldi izan ez nuen irribarre bat nuen.

Konturatu gabe, pentsatu gabe, erabakia hartua zegoen. Erabaki harri falta zitzaion itxiturak borobila osatu zuen bat-batean. Islandia ez zen Finlandia baino merkeagoa baina ez zuen axola, Reykjavikeko publizista abilen batek prestaturiko bideo hark bere helburua bete zuen nirekin. Islandia zen nire ametsetako bidaiari falta zitzaion elementua eta bideo hori zorte hutsez topatu izanak magia ukitu bat erantsi zion erabakiari. Patua zen. Nahiz eta sekula ez nuen halakoetan sinetsi.

Islandiaren inguruko informazio bila hasi nintzen orduan eta zenbat eta gauza gehiago begiratu zirrara handitu egiten zen nire barnean. Emiliana Torriniren diskografia osoa jaitsi nuen saretik eta bere “Me and Armini” diskoa entzuten pasa nuen aste bete. Aurretik Islandian egondako lagun edo ezagunak lokalizatzen hasi nintzen lehen eskuko informazioaren bila eta konturatzerako, izotz eta suaren lurraldera bakarrik nindoala ez zen sekretu bat.

Gutxi gora beherako ibilbidea pentsatu eta hegaldiei begira hasi nintzen. Nahiz eta egun konbinazio ezberdinekin saiatu, 380 eta 400 euro tartean aurkitzen nituen guztiak eta apur bat itxarotea erabaki nuen. Gauzak horrela, asteazken buru-zuri batean, eDreamseko bilatzailean eguneroko kontsulta egiten nebilela, 235 euroko hegaldi bat agertu zen nire muturren aurrean. Abuztuaren hirutik hamazortzira. Garaipen oihu batek ere ihes egin zidan eta Komando Secretarias osoa barrez hasi zen bitartean,  bere burua estatu-gizontzat zuen zinegotzi motzak erremediorik ez duenari botatzen zaion begiradetako bat oparitu zidan “Ez dakizu zein gustura egon behar naizen zu bezalako artaburu bat egunero ikusi gabe”.

Hegaldia erosi eta sentsazio arraro batek hartu ninduen. Egia zen, ez zegoen atzera bueltarik. Bakarrik joan behar nuen oporretara. Bakarrik joan behar nuen Islandiara.

Orain arte, horrela doa Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s