Renée Zellwegeren aurpegi berria betiko munduan

Posted on Updated on

Gogoan dut Renée Zellwegerez maitemindu nintzen eguna. Jerry Maguire ikusten ari nintzen eta erabat tontotuta utzi ninduen bertan ageri zen neska zoragarriak. Pertsonalitatez betetako aurpegia zuen eta bere begiradak ordura arte irudikatu ere ezin izan nuen goxotasuna iradokitzen zuen. Begi eder haien aurrean mototsetik erortzen zitzaion ile xerlo bat agertzen zen noizean behin eta irudi horrek, edozein egunetan kalean topatu zenezakeen neska batean bilakatu zuen. Hizketan ari zenean ere ez zuen magia hura apurtzen eta konturatzerako bere ezpain haragitsuetara begira nintzen edozein unetan “maite zaitut” esatera joango balitz moduan. Renéek emakume gorputza zuen gainera, benetakoa, berea. Eta horrek egiten zuen hain berezi, hain arrunt zein zoragarri.

800jerry macguire brdlarge jerry macguire blu-ray1

Zoragarria zen. Bai, nahiz eta Tom Cruisekin amaitu filma amieran (Tom Cruisekin amaitzea ez da erraz barkatzen dudan zerbait). Ederra zen hitzaren zentzurik zabalenean eta hori dela eta gehienbat (horrelakoxea da gaur egungo zinea. Edo betikoa…), ezaguna egiten hasi zen. Bridget Jonesek egin zuen falta zen lana eta izar artera eraman zuen kolpe bakar batez. Eta hain justu, ospera eraman zuen pertsonaia Bridget izatea bitxia da gutxienez, filma hartan agertu baitzen sekula baino haragitsuago. Bridget Jones hark maitemindu zuen mundua eta ez Renée argalak. Handik gutxira, aurrekontu handiko filmetan parte hartzen hasi zen eta Oscar bat ere irabazi zuen bidean. George Clooney edo Jud Lowrekin ikusi genuen istorio epikoak protagonizatzen eta urte batzuetan zehar, izar handienen artean egon zela esan dezakegu. Ordurako ordea, bere aurpegia ez zen Jerry Maguireri bizitza salbatu zion hartakoa eta are gutxiago, bere gorputza. Urrun geratu ziren denbora eta kiloetan Bridget Jonesek Hugh Grant eta Colin Firth zoratu zituenekoa.

Photo Credit: Jason Bell.

Begietan operazioren bat egin zuela garbi zegoen baina ez zen hori bakarrik izan, botox madarikatuarekin eskua joan zitzaion eta barkatu baina, aste bete kaka egin gabe zeramala iradokitzen zuen aurpegia geratu zitzaion. Aurpegi berriak benetakoa izateari utzi zion eta dagoeneko, bere aurpegiak ez zuen inondik inora bere garaietako ez izaera eta ezta indarrik ere. Guztiz kontrakoa…

Zahar” bilakatzen joan zen zinearen mundu gezurti zein merkantilizatuarentzat eta dagoeneko, bere managerrak ez zituen lehen bezain beste gidoi jasotzen. Denbora generaman Renée filma batean ikusi gabe eta atzo gauean agertu zen berriz ere mundu aurrean ameriketan hain jarraituak diren ekintza “sozial” horietako batean.

Medio guztietan izan du oihartzuna Renéeren aurpegi berriak eta guztiok ikusi ahal izan dugu gaur. Bai sarean eta baita informatiboetan ere. Zertan dabilen galdetu diogu gure buruari, ea burua bere lekuan duen. Hainbat mediotan barre ere egin diote Sylvester Stallone edo Donatella Versacerekin alderatuz baina… Hori al da Renée ederraren aurpegi berriak sortu beharreko hausnarketa?? Ez al litzateke galdera zuzena puntu horretara zerk eta zergatik eraman duen izango?

Gaur egungo zineak ez ditu neska normalak maite. Beno, batzuk bai. Eta arrakasta handia izaten dute gainera! Baina badirudi arrakasta horiek ez direla adibide esanguratsuak. Jendeari gustatzen zaizkio eta mirestu ere egiten dituzte. Normalak direlako, gu bezalakoak direlako… Baina ez, zineak ez du hori izan behar. Zinea beste errealitate batean mugitu behar da. Bertan gertatzen diren gauzek, agertzen diren pertsonek beste maila batekoak izan behar dute, bestela, ez ditugulako ikusi nahi izango. Edo hori pentsatzen dute ekoiztetxe handiek behinik behin… 3D programa batekin egindako estereotipoak indartu eta bultzatzen dituzte eta jendeak, estreotipo “ideal” horiek ditu eredu. Eta hori… Gazteei dagokienean!!! Gaia askoz bizarroagoa jartzen baita adin batetik aurrera goazenean.

Renée txikia Katy, Texasetik irten zenetik zineaz bizi izan zen baina egun batean, zineak, berarekin egoteko zaharregia zela esan zion. Renéek, bere bizitza irauli eta ordura arte egin zuenaren erabat ezberdina zen zerbait egiten hasi beharrean, inork hitzez esaten ez ziona baina begiradarekin mundu guztiak eskatzen ziona egin zuen.

Renee-Zellweger-Plastic-Surgery-Before-After-Photos

Emaitza, beldurgarria da. Niri pertsonalki, barregura baino gehiago, ezinegona sortu dit. Jerry Maguire hartan maitemindu ninduen neskaz gogoratu naiz eta inguruan jasan behar izan dituen presio estrukturaletan pentsatu dut. Bizi dugun mundu gezurti zein azalekoan… Eta zein faltsuak garen, guk geuk, nahiz eta gaur Renée gajoari barre egin, eredu horiek bultzatu eta zabaltzen ditugulako.

Niretzat, egun tristea da gaurkoa. Tristeagoa esango nuke ez baitut uste, Renéeren aurpegi berriak Katy, Texasetik Holliwoodera ametsez beteta iristen den hurrengo neskaren bizitza ezberdin egingo duenik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s