Basuraindik Ordiziara joan nintzenekoa

Posted on Updated on

Larunbatean Ordiziarocken izan ginen eta ederki pasa genuen bertan. Ordiziako Rock jaialdia Goierriko beteranoenetako bat dugu Sustraiez Blai klasikoarekin batera eta bertan egonda, bizkor ulertzen da zergatik egin duen hain aurrera denboran. Antolakuntza zein giro bikaina bizi izan genituen bertan eta ez nuke post hau amaitu nahi jan genituen BurgerRock zoragarri haiek ere aipatu gabe (garrote).

Hala ere, eta jaialdiarekin zerikusirik izan gabe, arreta deitu zidan Ordiziara iritsi eta lehen ordu erdian bizi izan nuenak. Gure nerabezaroa (luzea, 24 bat urte artekoa) Ordizian pasa genuen. Milaka ordu igaro genituen Bogan lehendabizi eta Sugaarren ondoren eta nire bizitzan leku berezia duen herria da. Aita bertakoa dut eta lan ere bertan egiten dut gaur egun. Hori gutxi balitz gainera, nire familia berria ere Ordiziako da.

Gustuko dut Ordizia baina azken urteetan gutxiago gerturatu gara bertara (badakizue, adinak alfertu egiten gaitu). Hori dela eta, gogo berezia nuen larunbatean Ordiziara joan eta bertako giro, taberna eta aspaldikoez gozatzeko. Kontua da, herrira iritsi eta ordu erdi batean hiru ezagunekin egin nuela topo. Besterik gabe agurtu eta kontzertuez, giroaz edo grabitateaz hitz egin genuen. Rigorezko elkarrizketa hutsal horietan ordea, Beasainekiko gorroto edo nazka moduko bat sumatu nuen. Bai, ez naiz pike sano batez ari, gorroto edo nazkaz ari naiz eta bai, hirutik hiru elkarrizketetan.

Entzun nituen komentarioen arabera, bazirudien barkamena eskatu edo esplikazioak eman behar nituela beasaindarra izan eta nire aisialdian Ordiziara joateagatik: “Gaur bai e? Gaur etorri zarete Ordiziara…”, beasaindarra izateagatik soilik egun santu osoan Ordiziarekin sartzen aritu eta gustuko zerbait egotean burua jaitsi eta bertara joan bagina moduan. Edo, “Beasaindarrak ere etorri dira eta!” guretzat Ordiziara joatea mailaz jaistea dela pentsatuko bagenu moduan. Horretaz gain, 14 urte nituenetik entzuten ez nuen “Basurain” terminoa ere entzun behar izan nuen pare bat aldiz.

Erdi brometan eta parranda testuinguru batean esandakoak dira bai baina hain denbora gutxian jarrera berdina hiru aho ezberdinetatik entzun izanak zer pentsatu eman zidan. Ziur naiz ordiziar guztiek ez dutela horrela pentsatzen baina esanguratsua ere bada ezta? Esandakoa, gustuko dudala Ordizia eta horixe esan nion solaskide izan nituenetako bati. Orduan bere erantzunak harrituago utzi ninduen posible bazen behintzat: “Eta Beasain gustatzen zaik?” Harriduraz, Ordizia gustuko izateak zentzutasunez jantzi eta horrek Beasain Basurain dela ikusteko gaitu izan banindu moduan. Aho bete hortz baietz erantzun nion, gustuko nuela eta harro nagoela gainera beasaindarra izateaz. “Atsegin dut nire herria baina baita zurea ere, ez dut hor kontraesanik ikusten”. Are gehiago, Beasaingo gauza batzuk gehiago gustatzen zaizkidan moduan, badira Ordizian nire herrirako nahiko nituzkeenak ere. Horixe dute ona herriek, izaera propioa dutela eta bakoitzak berea duela; ona, eta txarra.

Antzinakoa da Beasain eta Ordiziaren arteko pikea eta haurtzaroan gehienbat guk ere egin genituen bromak kontu honen inguruan. Hala ere, inondik inora ez genuen gorrotorik sentitzen Ordizia edo ordiziarrekiko. Zaharragoen kasuan ordea bai sumatu dudala jarrera hori (Bai Beasainen eta baita Ordizian ere) eta egia esan, zentzugabea eta sinpletasun ikaragarri batekoa iruditu zait beti.

Hasieran aipatu dut aitaren aldetik ordiziarra naizela eta agian, erdian egote horrek pike alu horietatik at egotera eraman nau baina nire inguruan ere, koadrila edo lagunartean, ez dut sekula Ordiziaren aurkako halako jarrerarik sumatu.

Beste edozeren gainetik pena eman zidana, ondoan dauden eta batak besteari hainbeste eman diezaioketen bi herriren arteko ezinikusia berpizten ari dela ikustea izan zen. Gerora, jende ezberdinarekin hitz egin dut anekdota honetaz eta ikusi dudanagatik, gori-gori dagoen gaia da azkenaldian. Ez naiz kausa edo ondorioak aztertzen hasiko zentzurik ez lukeelako izango alde batetik, eta ezagutzen ez ditudalako bestetik. Besterik gabe, hausnarketa hau plazaratzea besterik ez nuela nahi. Ordu erdian topatu nuen hiru horietako batek irakurri eta pentsatzeko ematen badio, ni gustura.

Horrela, berriz ere joan ahal izango naiz Willis Drummond ikustera Ordiziara Basurain terminoa entzun gabe.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s