Finlandia (1. atala) – 1.29
Autobusa hiritik ateratzen hasi zen orduan eta ordura arte nagusi ziren hotel eta bankuak ziruditen etxe-orratzen ordez, Europa iparraldeko ezaugarri diren etxe txiki koloredunez osatutako auzoak hasi ziren. Berde eta urdinez margotuta zeuden gehienak baina gorriren bat ikusteko aukera ere izan zuen. Lasaitu egiten zuen paraje hori ikusteak soilik eta kale horietan zehar ibiltzen hasteko gogoa piztu zitzaion. Futbol estadio handi bat barnean zuen kirol gune bati begira zegoela txoferrak aspaldi entzun nahi zituen hiru hitzak oihukatu zituen: “Reykjavik City Hostel!”.
Autobusean geratzen zen bikotea eta txoferra agurtu eta bere bi motxila maiteen bila joan zen maletategira. Autobus geraleku batean utzi zuten baina ez zitzaion gehiegi kostatu aterpetxea topatzea. Bi motxiletatik begirada altxatu eta Hostelling International guztietan ohikoa den bandera ikusi zuen atari batean. Metro batzuk egin eta panel zuriz estalitako erakin aurrefabrikatua ikusi zuen. Bi solairu zituen eta belardi eder bat sarrera parean. Gustatu zitzaion lekua eta mugikorra atera zuen zein ordu zen begiratzeko. Oraindik ez ziren goizeko bostak eta eguzkia indarrez jotzen hasia zen. Hala ere, behin baino gehiagotan irakurri eta desio izan zituen hamalau graduak ez ziren inondik ageri. “Hotza!”.
Motxilak gainean hartu eta aterpetxeko atera zuzendu zen. Barruko argiak itzalita zeuden eta islandiarrak eguzkiarekin batera esnatuko ote ziren edo eguzkia ahaztu eta ordutegi arrunta jarraituko zuten galdetu zion bere buruari. Ingurura begiratu eta kalean arima bakar bat ez zegoela ikusi zuen. Txirrina jo eta ate bat ireki zen atetik pare bat metrora. Gelatik zetorren argiarekin batera neska gazte zein eder bat gerturatu zitzaion atea irekitzera “Egia izango da islandiarrez kontatu didatena”. Irribarre batekin agurtu zuen Txomin eta barrura sartzeko gonbitea egin zion.
Horrela doa Finlandia orain arte.