Finlandia (2. atala) – 2.4
Ilaran aurretik zituenak beraien kontsultak amaitu bitartean, erakusleihoko barran ederki ordenatuta zeuden informazio liburuxkei gainbegiratu bat ematen hasi zen. Gullfoss eta geyserrak, Dettifoss, Mivatneko lakua, Vatnajökulleko glaziarra, rafting saio bat… Hortxe zeuden haurtzaroko gelakideak gomendatutako leku guztiak eta gehiago. Bazirudien pertsona egokia aukeratu zuela Islandian ikusi beharrekoaz itauntzeko. Hamabost egun zituen aurretik Islandia osoa ezagutzeko eta bazekien denbora gutxi zela. Lehen egun hura Reykjavik ezagutzeko baliatu behar zuen baina Reykjavik City Hostelean pasa behar zituen gainontzeko egunetan zer egingo zuen erabakitzen hasi beharrean zen. Liburuxkak sakonago aztertzen hasi zen hurrengo egunean zer egin zezakeen pentsatzen hasteko eta txango gehienak, day tourrak zirela ikusi zuen. Bazirudien gainera, aterpetxean bertan kontratatzen zirela eta bertan jasotzen zintuela autobusak. “Ez da oso Indiana Jones baina tira, erosoa bai behintzat…”. Liburuxka eta liburuxka artean begira, ezagutzen ez zuen eta aho bete hortz utzi zuen leku bat topatu zuen. Argazkiek erabat txundituta utzi zuten. Probatzeko hainbeste gogo zuen ur-berodun igerileku horietako bat zirudien baina ez zuen inolaz ere igerileku publiko arrunt baten antzik. Ezerezaren erdian zegoela zirudien eta azaleratik ateratzen zen kearen artean, kas limoi kolore bitxi bat antzematen zitzaion urari. Leku hark Eraztunen Jauna edo Amaigabeko istorioa gogoratzen ote zion erabakitzen ari zen bitartean, liburuxka karpeta berdean sartu zuen hartu zituen beste lauekin batera. Liburuxkaren azalean jarri zuen begirada: Blue Lagoon. “Hor bainu bat hartu behar diat bai ala bai!”
Karpetatxo berdea ixten ari zela bere txanda iritsi zen. Kathy Bates islandiarrak irribarre batez itxaroten zuen Txominen galdera.
-Gud morning! – “Educación ante todo!”
-Good morning – Erantzun zion irribarre zabal batekin. Hala ere, bota zion irakasle zintzoaren begiradak garbi utzi zuen Kathyk jakin bazekiela Txomini behar zuena azaltzeko, ordura arte baino lan handiagoak behar izango zituela.
-Okei, kan ai bui dis dey turs here?
-Yes sure – Buruarekin onarpen keinu bat eginez eta irribarre amatiarra galdu gabe.
-Okei… – Liburuxkei begira bost bat segundo pasa zituen biharamunean egin nahi zuen txangoa aukeratzeko. Azkar egin zituen kalkuluak. Detifoss eta Mivatn ikusteko gogo ikaragarria zuen baina Islandia iparraldean zeuden eta egokiagoa iruditu zitzaion txango hura Akureyritik egitea. Vatnajökulleko glaziarra ere ikusi nahi zuen baina gehiegi izan zitekeen lehen egunerako. “Seyðisfjörðurren lotarako lekua bilatu izan banu…” – Ai guont go to Gullfoss an jeisers dei tur tumorrou. Jau matx it kost?
-9.000 króna.
Islandiara joan aurretik króna batek zenbat euro balio zituen begira ibili zen sarean eta bere harridurarako, ia ahaztua zuen pezetaren pareko zebilela jakin zuen. Euroa ehun eta hirurogeita zortzi pezetaren pare zegoen txanpon hura gure bizietatik desagertu zenean eta króna, ia balio berdinean zegoen 2010eko uda hartan, ehun eta hirurogei zehazki. Euroaren lehen urteetan hainbeste erabilitako kalkuluei herdoila kendu beharrean zen . “9.000 króna, 9.000 pezeta eta 9.000 pezeta, 60 bat euro. Ez da ba merkea ez Islandia. Ez jauna…”
-Okei, ai guont dis dei tur – Irribarre zabal batez – Kan ai pei guiz target?
-What? – “Guiz target joder! Bankukoa!” Txartela atera zuen Txominek diru-zorrotik eta eskuarekin altxatu zuen Kathy Bates gazteak ikusi ahal izateko.
-Ah! With credit card you mean – Ariketa bat gaizki egin duen ikasle artaburuari andereñoak itzultzen dion errieta begiradarekin.
-Jes, sorri. Mai inglix is beri limitid – Lotsak eragindako barre algaratxo batek ihes egin zion “Joder, ederki hasi naiz” – Bat ai trai! – Bota zion konplizitate bila.
-Kar kar kar – Egin zuen barre Kathy islandiarrak txartelarekin ordaindu ahal izateko trastea erakusleiho azpitik ateratzen zuen bitartean.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.