Euskal Herrian ez da bideoklipik egiten! Edo bai?
GITBko Ikusi Irratia saiora animatzen diren gonbidatu guztiek bina bideoklip aukeratzen dituzte. Askotan, eta oso ohikoa izaten da, gonbidatuak atzerriko bideoklip bat aukeratzen du lehenik eta bigarrena, euskalduna nahi izaten du (nik uste halako egoera batean egonez gero, erabaki berbera hartuko nukeela). Bigarren hori aukeratzean ordea etortzen dira arazoak, Euskal Herrian, oso bideoklip gutxi egiten baita.
Gustuko dut bideokliparen generoa eta gaur egun, gorantz behar lukeen zerbait dela iruditzen zait. Internet, sare sozialak, mugikorrak, honek guztiak taldeei eskaintzen dizkieten aukerak… Grabazio aldetik ere, garai batean baina askoz errazagoa da bideoklip txukun bat egitea baina badirudi, zirkuitu alternatiboan dabiltzan taldeei ez zaiela erakargarri egiten bideokliparen kontu hau.
Bideoklipa estigmatizatua dagoela esango nuke. MTV eta kirakoek hasiera batean zuen arte izaera lapurtu eta haragi eta produktuen erakusleiho soil bilakatu dute baina beste hainbat espresio artistikoekin egiten dugu moduan, ez genuke genero oso bat mass medien ekoizpenetara mugatu behar. Bada musika komertziala baina horregatik, eredu hori atsegin ez dutenek ez diote musika egiteari utzi ezta?
Ba bideoklipekin berdina gertatu beharko litzateke. Taldeen onurarako alde batetik baina baita, eta bereziki, gure hizkuntzarengatik. Euskarak, eremu guztietan aukera bat izan behar du gerturatzen den edonerantzat eta gaur egun hain modan dagoen fenomeno batean presentzia izatea, berebizikoa da.
Atsegin dut bideoklipak ikustea eta urte hasieran, urteko bideoklip hoberenen zerrendak begiratzen ibiltzen naiz. Nazioartekoak gehienak eta baita estatu mailako baten bat ere. Polita litzateke egunen batean, Euskal Herrian eginikoekin bakarrik ere, zerrenda bat egin ahal izatea.
Oraingoz, ez naiz halako top bat egiteko gai sentitzen ez baita euskal bideoklipak ezagutzeko eremurik (Badok.info-k ekarpen ederra egin dezake alor honetan) baina aletxo bat jartzearren, aurten egin denetik eta ezagutzen dudanetik, aukeraketa txiki bat egin dut. Ez dezatela esan Euskal herrian ez dela bideoklipik egiten!
Propopsamenik baduzue, ongi etorriak izango dira.
PD: Sorta honek ez du zerrenda izaerarik. Ordena ausazkoa da erabat.
NIÑA COYOTE ETA CHICO TORNADO – Lainoak
Ia-ia 2013koa dela ere esan genezake baina mugan dagoenez ezin izan diot eusti zerrendan sartzeko tentazioari.
BAKELITE – Azeriak
Ezin daiteke esan egiten dutena ezberdina ez denik eta bideoklipean ere musikan duten izaera berezia mantentzeko gai izan dira.
IÑIGO CABEZAFUEGO – Resaca de un bohemio
Naparra artista hutsa da, duen zoramen mailak maitagarri egiten duen horietakoa. Bere azken diska (Camina conmigo) erabat gomendagarria da eta lehen singlea izan zen hau adibide ona da.
BELAKO – Crime
Mungiarrak eskenatokian ikusten dituzun lehen aldian mukizu horiek nondik atera ote diren pentsatzen duzu. Heldutasun maila ikaragarria dute eta este askok 30 urteren bueltan garatzen dugun gustu musikalarekin jaio direla dirudi. Bideoklipetan ere, besteak baino urrats bat aurrerago doaz.
JOSEBA IRAZOKI ETA LAGUNAK – Baso artean
Putoa amoa da, zer egingo diogu ba? Oraingoan gainera Tom Waitsez mozorrotuta eta lagun eta guzti etorri zaigu. Bideoklip ederra prestatu dute animazioak ere bideoklipetan zer esana duela gogoratuz.
BERRI TXARRAK – Zerbait asmatuko dugu
Onartu beharrean naiz gozatzen ari naizen Berri Txarraken lehen lana dela “Denbora da poligrafo bakarra” hau. Bizitzako garai bakoitzean musika mota ezberdina entzuten dugu eta bide horretan ez gara sekula parean suertatu. Oraingoan bai eta gehienbat bigarren diskoarekin, eta baita hirugarrenarekin ere, ikaragarri gozatzen ari naiz (lehendabizikoa gehiegi da niretzat oraintxe). Eta bideoklipa… Zer esan? Aste honetan flipatu egin dut Air Review taldearen bideoklip eder hau egin zuen tipoa euskalduna dela jakitean. Joseba Elorza izena du eta bera arduratu da BTXen azken laneko diseinu eta lehen bideoklipaz. Jarraitu beharreko tipoa Elorza hau…
IZEBERG – Ezin ezer egin
Mendeku Itxua edo Hotzikara taldeetatik datozen usurbildar hauek proeiktu berri bati ekin eta Euskal Herrian mota guztietako musika egiten dela frogatu dute. Bideoklip honetan Foo Fighters gogoratu dezakeen Power Rock indartsu batekin kolpatzen gaituzte eta bideoklipa ere argi zein irudiz ederki zaindua dago.
TANIA DE SOUSA – Baso ilunetik
Urteko diskarik esperoenetako izan da eta ez dakit Taniaz espero genuen guztia bertan topatu ote dugun azkenean. Hala ere, hainbat lekutan entzun ahal izan dira bere kantuak eta bideoklipa urteko ikusienetakoa izan da.
ERROMA – Buakera
Eta azkena zerrenda honetan baina agian nahita, ahal bezain garbi geratu zedin bideoklipen ordena ausazkoa dela erabat. Denbora generaman donostiarren lehen lan luzearen zain eta espero genuen moduan, ez dio inori hutsik egin. Hori gutxi balitz, “Bukaera” honentzat bideoklip bikai bat gauzatu dute CUATROYUNACAMARAkoek. Gozatu!
3:15 pm 2015/01/15
3:39 pm 2015/01/15
Ederra Giorgio! Ezagutu izan banu zerrenda 10koa litzateke 9koa izan ordez 😉
3:26 pm 2015/01/15
jode…ez nago ados ados egia esanda… euskal talde ezagun eta ezezagunen bideoklip sorta nik uste nahiko luzea eta kalitate onezkoa da…. eta euskal herrian baino eradaraz abesten duten taldeen zerrenda ere bai….
Nekez, Eratu, Frenetik, Enkore, Insomnio Kroniko, Kelly Kapowski, Bide Bakarra, Flitter, Governors, Hesian, Kaotiko, Xaiko, Vendetta, Gatibu, Eskean Kristo, Khous, Nx, Humus, Kokein, The Icer company, Altxatu, Gatillazo… .eta jarraitu dezaket…hauek dira azken denboraldi edo urte honetan klipa atera duten talde ezagun nahiz ta ezezagunak…eta buruz esaten minutu pare batean!!!! jejejeje.
Hona hemen gure taldeko klip guztiak, jartzeko nahi baduzu….gu pozik! jejeje.
Nekez-Altxa gazte! bideoklipa https://www.youtube.com/watch?v=GerbDnJ5C7w
Nekez-Nekaezina bideoklipa https://www.youtube.com/watch?v=QVCZUUhpAGM
3:39 pm 2015/01/15
Aipatu dut ezagutzen dudanetik ari nintzela eta hori baino gehiago, gustuko ditudan taldeen artean begira ibili naizela jeje Kritika horra bideratu nahi nuen eta agian ez dut ondo azaltzen jakin Eder. Hala ere, musika alternatiboaz ari nintzen eta zerrenda horretan aipatu dituzun hainbat eta hainbat, nahiz eta oso ezagunak ez izan, ez nituzke musika alternatibo moduan etiketatuko… Beste asko bai eta ez nituen ezagutzen bideoklipak beraz mila esker! 😉