Finlandia (2. atala) – 2.5
Lehen 9.000 krónak xahutzen zituen bitartean Blue Lagoonaren inguruan galdetu zion Txominek. Reikjavik eta Keflavikeko aireportuaren artean omen zegoen eta jendeak etxera itzultzean egiten zuen azken parada izaten omen zen. Flybusa bi modutara eskatu omen zitekeen. Lehena, Keflavikera zuzenean eramaten zintuena eta bigarrena, Blue Lagoonen geldialdia egiten zuena. Eskerrak ema zizkion azalpenengatik txarteleko pasa-hitza trastean sartzen zuen bitartean. “Ez da plan txarra ez azken egunerako…”. Bide batez, Reikjavik ezagutzera joan nahi zuela kontatu zion emakumeari eta autobusa non hartzen zen galdetu zion. Munduko lasaitasun guztiarekin eman zizkion azalpen guztiak eta nahiz eta bere ingelesa oso ulerkorra izan, Txomin galdu egiten zen noizean behin. Txominek zerbait ulertu ez zuela konturatzen zen bakoitzean, azalpena geldoago errepikatzen zion. Hori guztia, irribarrea galdu ere egin gabe “Ez dakit Reykjavikekoa izango den baina Bartzelonakoa ez da behintzat…”.
Autobusa aterpetxe parean baina errepidearen beste aldean hartzen zela erantzun zion eta horretarako bai, dirua beharko zuela. Orduan, dirua non atera zezakeen galdetu zion Txominek eta emakumeak Reykajavikeko mapa bat atera zion erakusleiho azpitik “Zer ez ote du izango emakume honek hor azpian…”. Aterpetxea non zegoen adierazi eta iparraldera jotzeko esan zion. Hamar minututan topatuko omen zuen banku bat baino gehiagoko zonalde bat. Gero, aterpetxera itzuli eta berak emango omen zizkion kanbioak autobuserako “Munduko leihatila guztietan daudenak holakoak izango balira…”. Bost minutuan zortzi milagarren aldiz eskerrak eman ondoren, hurrengo egunerako day tourrerako tiketa hartu eta harrera gunetik urrundu zen Bates andereak eman zion Reikjavikeko mapa karpetatxo berdean sartzen zuen bitartean. “Bon Iverren Skinny Love zuretzat Kathy”.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.