Gaztea euskal musikarengatik arduratuta dabilela eta, lastoa, habeak eta beste hainbat kontu
Bideo honen harira eztabaida piztu nahian ibili da Demonocrazy facebook zein twitterren eta nahiz eta hasiera batean purrustadaka hasteak nagikeria sortu didan, azkenean, amua diafragmaraino sartu eta kosk egin diot. Hasieratik has gaitezen, hemen duzue bideoa:
Gogoan dut Oihan Vega Beasiango Loinatz Jaietan Disko Festa bat egiten ari zela ikusi genuenekoa. Eskenatoki atzeko tabernatik beste aldera daudenetara bidean gindoazen eta oraindik gainean nor zegoen ikusi aurretik, gizakiari orokorrean eta emakumeei zehazki ikaragarrizko errespetua erakusten dioten horietako regetoi kanta kriminal bat entzun genuen. Ez ditut hitzak erreproduzituko irudikatu ditzakezuelako alde batetik eta ez duelako merezi bestetik. Kantuak zer zioen ulertu eta gure artean hizketan hasi ginen. Sustoa (eta sustoa diot, benetakoa), eskenatoki aurrean zortzi eta hamalau urteko berrehun bat gaztetxo burua galduta dantza sexyan ikusi genituenean etorri zen. Ez dut uste gure adineko jendearentzat kantu eredugarriak direnik. Are gutxiago, gure txikientzat.
Lagin txiki hori kontuan hartuta alde batetik (ez dut sekula Disko Festa oso bat ikusi, onartzen dut) eta Gaztean entzuten den musika entzunda bestetik, barregura eta amorruaren arteko zerbait etortzen zait Vega musikak Euskal Herrian dituen arazoez hausnartzen entzuten dudanean. Arazoa, irrati horrek bereziki euskal musikaz duen eredua izango ez balitz moduan. Hala ere, zintzoa izango naiz eta alde positibo bat onartuko diot gure eskoletan eskaintzen ari diren hitzaldi, entzunaldi edo dena delako honi. Beraiek ere, konturatu dira zerbait ez dagoela ondo eta ondorioak pairatzen hasiak garela. Bejondaizuela! Orain gaztetxoen begietako lastoa begiratzeari utzi eta zuenetan habeak ikusten hasteko ordua da.
Arduratuta omen dago euskal musika gutxi entzuten delako eta gaztetxoen kontzientziari interpelatzen die arazo hori guztion artean konpondu dezagun. Gauzak, ez dira hain sinpleak izaten eta oraingoan ere, ez dira nahiz eta Oihanek modu ezkutuan, gazteen konpromiso falta salatzen duen. Globalizazioaz hitz egiten du, arazo bat balitz moduan, generikoki. Kanpoan egiten den musikak Euskal Herria indarrez hartu duela dirudi eta gaztetxoak ez dira gai horretaz jabetu eta autonomiaz jokatzeko. Euskal musika inposatzen saiatu omen ziren Gaztean eta akats ikaragarria izan omen zen (erabakia hartu aurretik ez konturatzea ere…). Audientziak behera egin zuen eta atzera martxa hartu zuten. Gazteek nazio arteko musika eskatzen dute, zer egin genezake guk? Ba hasteko, komunikabide publiko batek behar lukeen izaera indarrean jarri eta entzuleak hezten saiatu. Ez dakit Oihan aita den edo ez baina ziur naiz nahiz eta bere semeak beti makarroiak bazkaldu nahi izan, dilista eta lekak ere jango dituela. Denborarekin gainera, gustatu ere egingo zaizkio eta sekula irudikatu ez zuen moduan eskertuko ditu (esperientzia propioa). Erraza da seme-alabari beti makarroiak eman eta errua berea dela esatea; Bera da beti makarroiak eskatzen dituena! Eman ganba batzuk eta ea zer gertatzen den…
Ez da kontu sinplea baina saiatuko naiz buruan ditudan elementu zein kezka guztiak post honetan biltzen Oihan Vegak esandakoetatik haratago auzi hau hori baino askoz sakonago zein zaharragoa baita. Orden bat eramateko edo, afera honetan nagusitzat ditudan elementuak zerrendatuko ditut.
1.- Generikotasuna:
Urte pare bat izango dira sarean artikulu bikain bat irakurri nuela. Bila ibili naiz baina ez dut topatu beraz nire memoriaren laburpenarekin konformatu beharko zarete (inork zertaz ari naizen jakingo balu, eskertuko nuke esteka). Bertan, egileak galdera-erantzun bat botatzen zuen airera: Zein musika duzu gustuko? Niri euskal musika gustatzen zait. Zenbat jende entzun duzue halako galdera bati halako erantzun bat ematen? Asko, gehiegi ziurrenik eta artikuluaren egileari niri geratzen zaidan aurpegi berbera geratzen zitzaion. Nola euskal musika duzula gustuko? Zer esan nahi du horrek? Euskal Herrian egiten den musika gustatzen zaizula? Edo euskaraz dena? Hau da, ez zaizu axola La Oreja de Van Gogh edo Matxura entzun? Eremu zabalegia plazaratu dut gaur azaldu nahi nuenerako beraz mugatu dezagun. Demagun euskaraz eginiko musikaz ari garela hortaz ari baita Oihan Vega. Kasu horretan, euskal musika gustatzen zaiola dion batek, zirrara berberarekin entzungo luke Amaia Zubiria edo Akauzazteren disko bat?
Musika oso zabala da eta euskal musika orokorrean gustatzen zaizula esatea, musika poloniar, finlandiar edo estatu batuar guztia atsegin duzula esatea bezain ergela da. Eta zer zerikusi du honek Oihan Vegak esan duenarekin? Ba asko, Oihanek aipatzen duen arazoa urteetan zehar oso oso gaizki egin den zerbaiten ondorio baita.
2.- Homogeneizazioa:
Hizkuntza txikia da gurea eta gauzak oso zail izan ditu (eta ditu). Borroka askotan lehiatu behar izan da eta horrek babesera jotzeko joera eragin du ulertzekoa den moduan. Babesean ordea, ezberdintasuna zigortu egiten da eta horrek homogeneizazio kultural bat ekarri du. Bakoitza bere aldetik borroka egiten ibili beharrean, eraginkorragoa izan da guztiok batera borroka egitea eta horregatik, komunean genituen elementuen alde egin dugu; folklorea alde batetik, eta egoera politikoa bestetik.
Jarrera horrek gaur egun Euskal Herrian egin zitekeen musika aukera minimoetara murriztu du eta horren arduradun nagusietako bat izan da zalantzarik gabe gure irrati telebista publikoa. Gure haurtzarotik eduki mordoa jaso dugu komunikabide ezberdinetatik eta espainiar medioetatik pop melodikoa eta latindar musika iristen zitzaigun moduan, euskal hedabideetatik kantari folklorikoak eta heavi taldeak jasotzen genituen. Gerora, binomio hori, pop-rock melodikoak eta banda tronpeteroek ordezkatu dute. Tartean, abanaguardiako eta kalitate handiko musika alternatibo asko egin da Euskal Herrian baina Gazteak, beste askok bezala, paso egin du.
Hori zen agian belaunaldi bakoitzeko gazteek bilatzen zuten ahotsa baina ez zaie eskura jarri eta musikan interes berezia zutenak bakarrik murgildu dira babesetik kanpo topa zitekeen aukera zabal horretan. Bitartean, munduan arrakasta zuen musikaren imitazio merkeak edo euskalduntasun sobredosia zuten taldeak eskaini dizkiegu. Zer gertatu da? Ba ihes egin dutela. Si no son micromachine, no son los autenticos edo kaka nahi badut kaka egiten putoamoak direnei erosiko diet.
3.- Monopolioa:
Euskal komunikabide handiek egiten zuen aukeraketa tamalgarriaren ondorioz, euskarazko musika entzuten dutenen kopurua jaisten hasten da; Gaztetxo madarikatuak, ez diote ezeri errespeturik… Zer egingo dugu? Ba komunikabide horiek eskura jartzen digutena gure herrietako festetan kontratatu kontzertuak euskaraz izan daitezen. -Gustatzen zaizkie? –Bai edo? Euskadi Gaztean jartzen dituzte. Baziren eta badira gazte euskaldunek gustuko dituzten taldeak baina aukera homogeneizatuaren alde egin genuen talde interesgarri eta ezberdin haiek gaztetxeen ostrazismora kondenatuz (eskerrak gaztetxeei…). Gainera, askoz errazagoak dira kontratatzeko talde hauek (udaletxeetara gerturatzen diren disketxe-promotora mafiaren monopolioa ere aztertzeko modukoa da baina beste baterako utziko dugu). Behin eta berriz MTV euskaldunak sortzen dituen taldeak kontratatzen ditugu eta nola leku mordo batean jotzen ari diren, ba gehiago jartzen ditugu. Hori bai, umeak makarroiak jaten ditu berak nahi duelako.
4.- Paternalismoa:
Euskal talde gutxi entzuten dute gazteek baina errua beraiena da. Tontoak bezala tratatzen ditugu eta pertsonalitaterik gabeko bertako produktuak eskaintzen dizkiegu etengabe. Hori bakarrik jarriz gero ordea, audientziak jaitsi egiten dira beraz euskal musika hori, atzerritik datorren ekoizpenik komertzialenekin tartekatuko dugu. Hori, irrati eta telebistari dagokionean. Zuzenekoetan, euskal talde izaeragabeak inposatuko ditugu nahiz eta gehienak inork nahi ez dituen. Musikazale asko gaur egun munduan abanguardia den musika sartzen saiatzen ari da irrati, aldizkari, jaialdi edo blog alternatiboetan baina ez dugu horietaz ezer jakin nahi. Hori bai! Estatu Batuetataik datorren mierda komertzial guztia bultz eginez sartuko dugu lehertu arte bada ere kaka eta kaka artean, Mikel Urdangarin edo Ken Zazpiren kantu bat entzun dezaten.
Euskal Herrian gauza interesgarriak egiten dituen jendea ere badela? Ta niri zer? Gaztetxo puta hauek mueve tu cucu nahi dute. Eta horrela egunero….
5.- Etorkizuna:
Zer da euskal musika? Ez dakit gauzak ordenatu eta gehiago nahastu ditudan post honetan baina bada zerbait hori baino garbiago dudana; Euskal musikak etorkizunean zer izan behar duen hain zuzen ere. Munduan egiten ari direnarekin alderatuta, hogei urteko atzerapenarekin goaz eta badirudi garapena oztopatzen duen babesleku horretan jarraitu nahi dugula. Euskarak ez du biziraungo eskaintzeko ezer berezirik ez badu. Euskarak aniztasuna behar du, euskal musika, ezin daitekeelako sekula musika estilo bat izan. Euskal musikak popa behar du, heavia, trasha, teknoa, indiea, folklorea, folka, bakarkako kantariak, boy bandak, girl bandak, rocka, post rocka, post popa, power rocka, power popa… Une hori iristean, sekula iristen bada, euskarazko musikak entzule gehiago izango ditu. Besterik gabe, aukera zabalagoa izango duelako. Baina horretarako, buruak eta irratiak zabaldu behar ditugu. Gaurko eta biharko gazteen ahotsa den musika beraien belarrietara iristeko, une egokian, behar dutenean. Une hori iristen denean, bereago sentituko dute beraien hizkuntzan egiten dena eta etxekoaren alde egingo dute. Eta garrantzitsuagoa dena! Hortik gutxira, beraiek hasiko dira abanguardia sortzen. Euskal Herritik eta euskaraz. Zergatik? Ba Gazteak eskaintzen dien saltsa koipetsudun makarroietatik haratago, aukeratzeko izango dutelako.
PD: Purrustada hutsa izan den baina barnean nituen hainbat ideia azaleratzeko balio izan didan post honen amaieran ez nuke argitu gabe utzi nahi kasuistika oso zabala dela. Generalizaziora jo dut behin eta berriz baina uste dut ulertzen dela modu orokorrean ari nintzela eta nola ez, salbuespenak izan badirela. Generalizaio horien harira B Aldea saioak egiten duen lana nabarmendu nahi nuke Gaztean suposatzen duen oasiari merezi duen balioa emanez.
Harremanetan dauden artikulu zaharrak:
3:07 pm 2015/01/29
ELKARLANEAN LORTZEN DIRA GAUZAK
Lehenik eta behin, eskertzen dizut, Mikel, hain era garden eta gordinean zure iritzia plazaratzeagatik, esandako guztia argumentatu baituzu eta ez da ohikoa horren ondo arrazoitzen duen krikitariekin topo egitea, normalean, jendeak ezjakintasunetik botatzen dituelako iritziak aurreiritzi okerretatik abiatuta.
Aurretik baina, igorritako zenbait datu oker zuzendu behar dizkizut. Ez da egia Gaztean kantu sexistak jarri ditugula eta inoiz ez duzu entzungo emakumearen irudiaren kontra egiten duen doinurik gure irratian. Zuk aipatu duzunez hori, eskertuko nizuke zein artista, kantuaren izenburua eta zehazki emakumearen irudia gutxiesten duen letraren zatia azpimarratuko bazenu, guk bereziki kontu handiz aukeratzen baititugu gure eduki guzti-guztiak (aurrerago azalduko dudan bezala).
Okerra den beste datu bat, AEBko musikari buruz aritzen zarenean, gaur egun, munduko bazter guztietako artistak dira momentuan gehien entzuten direnak (Frantzia –Guetta-, Errumania –Inna-, Suedia –Avicii-, Barbados –Rihanna-, Kuba –Pitbull-, eta abar luze bat, aurrerago zehaztuko ditut gehiago).
Bestetik, musikari naizen aldetik, ez dut begi onez ikusten musika mota jakin bati kaka edo mierda bezalako adjektiboak jartzea, nik uste, artista, konpositore eta abeslari guztiek merezi dutela begirunea euren lana egiten dutenean. Nahi baduzu, erabili, gustuko/ez-gustuko kalifikatzaileak, baina musika mota bat ona edo txarra den esateko ausardia handiegia behar da nire aburuz, eta nik, musikaria den ni bezalako artista bati sekula ez diot errespeturik gabe hitz egingo.
Hori esanda, nire izena hainbatetan aipatu duzunez zure artikuloan, testuinguruan kokatu nahi zaitut nor naizen pixka bat gehiago ezagutzeko. Musikaria naiz, komnukitzaile eta aurkezlea ere, baina batez ere musikaria naiz; kontserbatorioan ikasi nituen goi mailako ikasketak, pianoa, perkusioa eta harmonian lizentziatuz. Hainbat taldetan aritu naiz eta duela 10 urtetik Belceblues (www.belceblues.com) taldeko baterijolea naiz, euskaraz bluesa egiten dugu, Espainiako Txapelketa irabazi genuen, 3 diska kaleratu ditugu eta AEBetan jo genuen Munduko Blues Txapelketan final laurdenetara iritsiz. Horrez gain, historiako lehen euskal musikala konposatu eta zuzendu nuen (Olentzero & Co!) eta euskarari buruzko hainbat saio egin ditut telebistan, ezagunena, ‘Kerman Mintzalagun bila’, gainera, euskararen erabilerari buruzko hausnarketa sarkastikoa den umorezko bakarrizketa batekin ere nabil han-hemenka ‘zergatik praktikatzen dugu sexua erderaz?’ izenburupean. Alegia, betidanik kezkatu nau euskarak eta beronen egoerak. Komunikatzaile profesionala naizen aldetik, jomuga hori dut egiten dudan gauza gehienetan.
Gaztearen erronka nagusia, noski, euskal musika sustatzea da, eta entrenenimendua euskaraz eskaintzea, horretarako eta horregatik sortu zuen duela 25 urte eta nik 8 urte daramatzat bertan lanean. Euskal Herriko bigarren musika irratirik entzunena da (lehena 40 Principales). Gaztearen lanari esker sortu dira guar egun oso ezagunak diren taldeak, batipat Maketa Lehiaketari esker eta gure promozioei esker: Berri Txarrak, Zea Mays, Enkore, Kerobia, Delorean, We Are Standard, Skasti, Skakeitan eta abar luze bat, horiek guztiak Gaztearen produktuak dira. Beraz, euskal musika sustatzeko egin dugun lana sekulakoa da eta emaitzak begi bistan daude.
Bestetik datu historiko batera iritsi ginen pasa den urtean, 133.000 entzule ditugu jada, Euskal Herriko historia osoan zehar, lehen komunikabide euskalduna gara gaztelerako komunikabideen maila berean kokatzea lortu duguna, hau orain arte Euskal Herrian ez da gertatu inoiz.
2006an, euskal musika bultzatzeko asmoz, egitasmo bat jarri zen martxan eta TOPGAZTEA zerrenda berezi bat sortu zen euskal taldeekin soilik osatua, entzuleen eskakizun eta botoekin batera, martxan jarri genuena. Helburua argia zen, euskal talde ezberdinak ezagutzera eman eta berauek sustatzea. Tamalez, hankasartze ikaragarria izan zen hori, ez helburua bera, baina bai egin genuen modua.
Entzuleek Gaztea entzuteari utzi zioten, ez zitzaien gustatu guk euskal musika modu horretan inposatzea, euskal gazteriak, nahiago baitu euren kabuz gauzak erabakitzea, inork inposatzea baino. Zuk makarroien eta dilisten metafora bota duzu: zure seme alabek makarroiak soilik gustatzen zaizkiela esaten badute zer egingo duzu guraso bezala? Makarroiak soilik eman ala dilistak ere platerrean jarri? Jakina, edonork erantzungo dizu, noski dilistak eta lekak ere jarriko dizkiozula zure sema alabari, baina gu ez gara inoren guraso, hor dago gakoa.
Seme batek ezin du aukeratu zein den bere gurasoa, dilistak platerean jarriz gero, hura jatea beste aukerarik ez du; entzuleak aldiz, irrati asko eta asko ditu bere esku eta erabakia bere esku dago, alegia, guk dilistak ematen badizkiogu berarekin adostasun batera iritsi gabe, lortuko dugun erantzun bakarra izango da irratiz aldatzea. Makarroiak gustatzen bazaizkio eta dilistak ematen badizkiozu, etxez aldatuko da beste ‘guraso’ baten bila. Beraz, zure argumentuak ez digu balio, hori bera egin genuelako duela urte batzuk eta emaitza kaltegarriak izan genituen Gaztea irratiarentzat, eta ondorioz, euskal musikarentzat.
Zergatik? Argi dago: Entzulerik gabe, ezin dira diskak sldu, entzulerik gabe ezin da promoziorik egin, eta disketxeak, Durangoko Azokako arduradunk eta euskal musikari askok eta askok esan ziguten: Nora goaz gu horren entzule gutxiko irrati batekin? Horrela ezin dugu bizi! Honi buelta eman behar zaio berehala!
Hanka sartu genuen zalantza barik, gure entzuleak uxatu genituelako kontauratu gabe, ez zitzaien gustatu gure inposaketa hori. Nora egin zuten ihes? Beste irratietara: 40 Principales, Cadena 100, Europa FM eta abar…
Ondorioz, ikerketa sakon eta zehatz bat egin zen euskal gazteriaren artean, eremu ezberdinak aintzat hartuz eta errealitate soziolinguistiko zein kulturak ezberdinak kontuan hartuz, galdera oso sinple batekin: Zer demonte entzun nahi duzue gaztek? Euren erantzuna zerrenda luze eta zabala izan zen, era askotako musika kantu eta artista ezerbidez osatua, eta guk, zerrenda hori irratian sartu genuen. Besterik gabe.
Hori gutxi balitz, tresna demokratiko guztiak jarri genituen entzuleen eskura: zerrenda publikoa egin, botoa emateko aukera eman, sare sozialen bidez (whatsapp, facebook, twitter eta abar…) kantuak eskatzeko aukera, telefono deien bitartez abestiak proposatzeko aukera, emailen bidez eurek nahi duten musika guztia gomendatzeko aukera. Guztia entzuleen esku, irratiaren egitura erabat aldatuz. Duela 20 urte, Gaztea bezalako irrati formulak ziren esaten zutenak: Gaztek, diska berri hau irten da, entzun ezazue eta eros ezazue. Aspaldi (ni ere irratian sartu nintzenean) disketxeek agintzen zuten. Gaur egun, aldiz, entzuleak eurak dira gure dinamikan agintzen dutenak.
Irrati publikoa izanik (zati txiki bat soilik 40 % baino ez baita diru publikoa) ados nago zurekin, hezitzaile papera ere bete behar dugula, baina argi utzita gu ez garela inoren guraso, eta gainera, zein da gaztetxoak ondo hezteko eredua? Eztabaida asko egongo lirateke horren inguruan eta publikoa garen aldetik, eredu gutziak ematen ditugun ontzat, oso funtsezkoak diren bi ildo edo arauetan oinarrituz: Ez dugu kantu sexistarik onartzen, ez indarkeria bultzatzen duten letrak, ezta inor iraindua sentitu daitekeen eduki politikorik ere. Hortik aurrera, guztia libre, demokrazia batean bizi gara (edo bizi beharko ginateke).
Hortaz, argi utzi behar dut lehen aipatu bezala, zuk igorritako datua ez dela egia, guk sekula ez baitugu emakumea gutxiesten duen kanturik jarri, eta hala balitz, eskertuko nizuke artistaren izena, kantuaren izenburua eta zehatz mehatz, letran non dagoen parte hori argituko bazenu, akaso konturatu gabe kanturen batek huts egin ahal izan digulako. Gure irratian ere ez dituzu indarkeria babesten duten kantu edo letrarik topatuko, oso sensibilizazio handia baitugu gure kantuen edukiekin, jakina, homofobia, xenofobia, arrazakeria eta beste fobia guztiak ere baztertuz.
Euskal musikari buruz aritu zara zure artikuloan, eta bat nator zurekin, ezin da euskal musika berez, musika estilo bezala definitu, lelokeria litzateke hori, eta nik ez dut halakorik eskatu inoiz. Gure irratian estilo guztiak direlako ongi etorriak, guzti-guztiak, historian zehar gure zerrendetatik igaro diren talde guztiek erakutsi duten bezala, izan ere, Gaztearen arrakasta izugarriaren gakooetako bat hori da, musika estilo oso diferenteak uztartezn ditugula irrati bakarrean, Barricada edo Berri Txarrak bezlaako rock gogorretik hasi eta One Direction edo Miley Cyrus bezalako pop melodikora iritsi arte. Eta gure arrakastaren beste gakoa, noski, entzuleek musika erabakitzeko ahalmena dutela da. Hori da, batez ere, gure konpetentziarengandik bereizten gaituena. Horregatik, euskaraz egiten den edozein musika defendatzen dut gogotsu, guztiak baitira baliagarriak maila berean, beti ere, era demokratikoan, gure entzuleek hala erabakitzen badute.
Hortaz, zuk aldarrikatzen duzuna lortu dugu dagoeneko, euskal musika mota guztiak entzun dira Gaztean: Hevya (Su Ta Gar…), pop (Ken 7…), rock (Berri Txarrak…), ska (Betagarri, Vendetta..) folk (Mandoilek…), Girlband (may-bI), bakarlariak (Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin…) dance (Nahiadance…), hip-hop (Bike…), blues (Arima Beltza…), eta abar luze bat.
Arestian aipatu dut Belceblues taldeko kide naizela, Gazteako langilea izanik, egundoko ‘entxufea’ iznago nuke nik neure taldea saltzeko ezta? Ba ezin izan dut egin, behin proposatu nuen, ‘entxufe’ horretaz baliatuz, eta entzuleek ez zuten kantua bozkatu, noski blues musika ez baita oso ohikoa gaztetxoen artean. Kitto. Herriak hitzegin du. Demokrazian beti ezin garaile izan. Ezin nire musika nire irratian saldu.
Musikari naizen aldetik, arestian aipatu bezala, ezin dut onartu zure artikuluan erabilitako zenbait adjektibo: musika mierda, kaka eta antzekoak. Gustoko musika eta gustoko ez dudan musika, hori da guk Gaztean erabiltzen dugun hizkuntza, errespetua da nire bizitzako filosofia nagusietako bat eta musikari bezala, ezin ditut begirune gabe igorritako hitzak onartu. Beraz, eskertuko nizuke halakorik ez esatea musikari eta artista guztien izenean.
Bestalde, Amerikako Estatu Batuetako musikaz hitz egin duzu ere, hura eredua balitz bezala. Duela urte batzuk, egia da musika anglosaxoia zela munduko zerrenda guztiak irensten zituena, gaur egun hori asko aldatu da, esate baterako, momentuko DJ ospetsuena Avicii, suediarra da, David Guetta Frantziarra, Inna errumaniarra, Pitbull kubatarra, Juan Magan kataluniarra, Rihanna Barbadosekoa, alegia, gaur egun gaztetxoek entzuten duten musika sortzaileen artean mundu osoko artistak daude, estatu batuarrak ere, jakina, baina geroz eta heterogeneoagoa da artisten jatorria. Eta hori ona da.
Beraz, Gazteak lortu du bere lehen pausu erraldoia, gaztetxoak bereganatzea, 100 % euskara hutsean hitzegiten den irrati bat entzutea eta euskararen bidez entretenitzea, gure eginkizun bakarra musikaz gazteak entretenitzea baita, ez besterik. Zein musika? Eurak eskatzen digutena. Tartean, noski euskal musika. Nor gara gu eskatzen dutena ukatzeko? Nor da inor eskatzen dutena ukatzeko? Arestian aipatutako sexismoa eta indarkeria bultzatzen dituzten kantuak izan ezik. Hortik aurrera guztia libre. Sar zaitez gazteako atarian (www.gaztea.com) bozkatu, eskatu, proposatu, gomendatu nahi dituzuen kantu guztiak, parte hartu era demokratikoan, eta jendeak nahi badu, zure kantua entzungo da, begira zein sinplea den gure sistema.
Hori bai, bien bitartean, noski, bultza dezagun euskal musika, horregatik jarraitzen dugu Maketa Lehiaketa egiten, horregatik, sustatzen ditugu gure taldeak eta horegatik sortu da ‘Irrati didaktikoa’ ekimena, ikastestetxe, ikastetxe, gaztetxoekin batera, adostasun batera iristeko, guztion artean euskal musika babesteko, ez ditzagun iraganeko hanka sartzeak berriz ere egin, ez dezaten berriz ere ihes egin. Hori da gure erronka.
Horregatik jarri dugu gure irratian diskorik kaleratu gabe zeuden taldeak, Altxatu nafarrak esaterako, 17 urtez osatutako hirukotea, gazteei bultzada emanez, horregatik itzuli ditugu euskarara hainbat kantu, horregatik sustatu ditugu hain entzunak ez diren taldeak ere, zerrendatik kanpo geratzen diren taldeek euren tokia dute ‘B Aldea’ saioan, Radio3 tankerako irratsaioa da, entzuleen botorik gabe geratu diren taldeek ere euren tartetxoa izan dezaten. Egundokoa da egin eta egiten ari garan lana, hobetu daitekeela noski baietz! Baina ez da batere erraza.
Azkenik, kontuan hartu behar dugu ere euskaldunak ez garela mendebaldeko kultura baitan (Cultura occidental delakoan) ezberdinak edo arraroak. Frantzian lehen postuan nor dago? Aviccii DJ suediarra. Alemanian zer entzuten da gehien? Avicii. Belgikan? Avicii. Estatu Batuetan? Avicii. Euskaldunak arraroak izan behar al dugu ba? Zein dago gure zerrendan goikaldeko postuetan? Kontxo! Ba Avicii ere. Kontua da bigarren edo hirugarren postuan, Gatibu, Berri Txarrak eta abar topatzea. Eta hori lortu dugu jada, sar zaitez gure web orrian eta ikusi TOPGAZTEA zerrenda. Dagoeneko lortzen ari gara, eta hobetzen jarraituko dugu, jakina.
Norabide horretan arraun egiten laguntzen gaituzuen guztiok ongi etorriak izango zarete ezbairik gabe. Jarrai dezagun ,bada, elkarlanean.
*Oihan Vega*
7:06 pm 2015/01/29
Joño… Marka da gero erantzuna jatorrizko artikulua baina luzeagoa izatea baina saiatuko naiz puntu guztiei modu laburragoan erantzuten bestela lerro artean galduko gara eta.
Lehendabizi, mila esker kurrikulumagatik, menditxoan utziko dut gainontzekoekin eta zerbait ateratzen bada deituko zaitugu. Jarrera apasionatua erakutsi duzu beraz goikaldean utziko dugu nahiz eta ezin dizudan ezer prometitu.
Galdera zuzen bat egiten didazu eta Beasaingo Loinatz jaietan entzun genuen kantu hori zein den galdetzen didazunean. Irudikatuko duzun moduan, ez dut musika estilo hori gehiegi kontrolatzen eta ezinezkoa zait taldearen edo kantuaren izena esatea. Hala ere, berriz errepikatuko dizut badakidala zer entzun genuen eta kantu misoginoa izateaz gain, entzule moduan zeuden umeentzat egokiak ez diren dantza mugimenduak proposatzen zizkiezula eskenatokitik. Ez dakit kantua zein zen ez baina jartzen dituzuen “musikarien” artean Pitbull edo Miley Cirus aipatu dituzu. Musikari hauen bideoklipak ikusita konturatuko zara zertaz ari naizen, sustatzen dituzten baloreez edo indartzen dituzten ereduez. Adibide bezala orain urte batzuk modan egon zen eta zuen irratian bein eta berriz entzun zen kantu baten hitzak jarriko dizkizut:
Si ella quiere Rumba (Como?)
Si e ‘verdad que tu ere guapa,
Yo te voy a poner gozar
Tu tiene la boca grande
Dale ponte a jugar (Como)
Ez du esaten emakume bat jipoitu edo gutxietxi behar denik baina ados egongo zara nirekin islatzen duen gizon eta emakumeen arteko harremana ez dela parekotasunean garatzen. Bai, zuk aipatu duzun Pitbullen “Y Know You Want Me” da, Jartzen duzuen musikaren adibide jartzen duzun hori. Gomendatzen dizut jartzen ari zareten kantuen bideoklipei begirada bat botatzea. Ea zer esaten didazun gero…
Irribarre bat lapurtu dit aipatu duzun beste kontu batek. “Nahi baduzu, erabili, gustuko/ez-gustuko kalifikatzaileak, baina musika mota bat ona edo txarra den esateko ausardia handiegia behar da nire aburuz” diozu. Barkatu Oihan baina nik ere termino horietan hitz egin dut. 18/20 urte izango nituen orduan ordea eta oso oker ez banabil kintoak gara. Aitortuko dizut irrati edo telebistan hain barruraino sartua duzuen zuzentasun politiko horretaz kokoteraino nagoela. Errespetua oso gauza garrantzitsua da baina egiak egiak dira. Asko harritzen nau nola irrati edo telebistako aurkezle edo komunikatzaileei beraien lankideengatik galdetzean guztiak puto amoak eta pertsona ikaragarriak diren. Barkatu baino ez dut sinisten. Potrotaraino nago errespetuaren izenean iritziak eta askotan errealitateak isiltzeaz. Barkatuko didazu baina bada musika bat gustuko ez dudana (ezin izan dut inoiz heaviarekin adibidez baina badira errespetatzen ditudan taldeak egin dutena eta jotzeko gai direnagatik) eta aldi beran bada musika bat, objektiboki putamierda bat dena. Barkatu Oihan baina hori horrela da. Bada musika komertziala etxera iritsi eta entzungo ez nukeena baina musika ona izan daitekeena (Sia edo Knye Westen azken diska adibidez. Aldi berean, bada musika bat egitura, soinu, playback, autotune edo sustatzen dituen ereduengatik musika txarra dena. Hori horrela da eta punto. Regetoia adibidez puta mierda bat da, objektiboki. Gustatzen zaion jendea dagoela? Ados, bere buruari latigo batekin ematea gustuko duen jendea ere bada hortik zehar. Iritzi hori musikaria izanik botatzea ez da iritzia indartzen duen zerbait, larrigarri bat da.
Benetan pentsatzen dut egiten duzunean sinesten duzula, benetan pentsatzen dut baina horrek ez du esan nahi ondo dagoenik. Ezta nik hartu dudan bidea denik egokiena baina aitortuko dizut erabat oker zabiltzatela pentsatzen dudala irmoki. Euskal musikaz hitz egiten duzuela baina merkatuak ezarritako ereduekin sustatzen duzuela. Diskoak saltzeaz edo promozioaz hitz egiten duzula orain 20 urte moduan. 50 urteko gizon bat hori esaten entzungo banu ez nintzateke harrituko baina 80. hamarkadan jaiotako bat? Mesedez. Musikaren mundua aldatzen ari da, zabalkunde bide berriak sortzen ari dira eta musikaren industriak ez du apurtxo bat ere mugitu nahi, Aurreratzen dizut jarrera horrek disketxeen desagerpena ekarriko duela behar duguna, disketxeak gaur arte ulertu ditugun moduan desagertu eta eraldatzea denean.
Jartzen duzuen musika mundu osokoa dela esaten duzu. Bai, baina eredu eta balio berdinak dituena. Txurroen moduan egina eta bide berdinetatik iristen dena. Gainontzeko estatuetan arrakasta kantu horiek dutela aipatzen duzu. Ah beno! Horrela bada, ez da ezer gertatzen. Korrupzioa eta sistema publikoaren desgaitzearen kontra borroka egiteari utziko diogu orduan. Hori ere leku guztietean gertatzen da.
Errepikatzen dizut ziur nagoela benetan sinesten duzuela bidea hori dela eta zintzotasun osoz jokatzen duzuela baina errepikatzen dizut, bide okerra aukeratu duzuela pentsatzen dudala inolako zalantzarik gabe eta are garrantzitsuagoa dena, bide errazena hautatu duzuela.
Munduko errespetu guztiarekin baina garbi hitz eginez.
PD: Joder, azkenean ni ere luzatu naiz… :p
12:31 am 2015/01/30
BIDE EZBERDINAK, JOMUGA BERA
Pozten nau, bide ezberdinak aukeratu arren, jomuga berbera dugula jakiteak Mikel. Biok nahi dugu euskal musika sustatu, biok nahi dugu talde ezeberdinak ezagutu, nahiz eta aukeratutako bideak ezberdinak izan. Eta hori ona da edozein arazoren konpondbiderako.
Adibide argi bat esango dizut: duela urte batzuk txorkatila bihurritu nuen eta hilabeteak eman nituen errenka ezin txorkatila behar bezala sendatu, medikuz mediku ibili nintzen eta bakoitzak gainera gauza ezberdina esaten zidan: batak tendoia konpondu behar zela, besteak muskuloaren arazoa zela eta hirugarrenak indarra behar nuela. Nori sinistu? Badakizu azkenean nola sendatu zen nire txorkatila? Hiru medikuei esker, hirurek zuten arrazoia, baina bataren lanak bestearen elkarlana behar zuen, eta guztion artean konpondu zen arazoa.
Orain egiten ari garen bezala. Beraz, pozten naiz.
‘Sinisten dut’ esaldia sarritan aipatu duzu zure erantzunean. Ez da fede kontua, ez da sinistea edo ez, begi bistan dauden datuak aztertzea baizik, oraintxe bertan, Gazteako Top 10ean 4 euskal talde daude. Duela urtebete soilik, 2 talde baino ez zeuden, % 40! Zerbait lortzen ari garen seinale: Berri Txarrak, Vendetta, Gatibu eta Altxatu daude momentu honetan Top 10ean. Egiaztatu zuk zeuk http://www.gaztea.com orrialdean. Zerbait ondo egin dugun seinale. Euskal gazteriaren erreferente bilakatu gara (Euskal Herriko bigarren irratirik entzunena). Zalantza barik, gure lanaren fruitua jasotzen hasiak gara, baina lan asko eta asko dago egiteko oraindik. Jarrai dezagun guztiok elkarlanean. Ez da fede kontua, ez da siniste kontua, helburuen lorpena baizik.
Errespetu hitza aipatu dizut aurreko artikuloan eta orain ere ‘regetoia objektiboki mierda bat da!’ esan duzu. Tira, ez naiz zure jokoan sartuko, nik berriz diot, musikari eta artisten izenean, ez dudala uste horrela hitz egiteko beharrik dagoenik. Guk musika guztiak onartzen eta errespetatzen ditugu, noski!
Gaztetxoekin diskofestetan egiten ditugun dantzei buruz ere, Aita Santua bera baino kastuagoak izan behar al dugu ba? Dantzaldiaren sensualitateaz, katxondeoaz, ligoteoaz eta sexuaz era librean goza dezaten animatzen ditugu besterik gabe. ‘Meneito behera… meneito gora!’ Hori da horrenbeste kezkatzen zaituena? Jesus motel! Nire amama baino okerragoa zara! (kar kar kar)
‘I know you want me’ Pitbullen kantua ere aipatu duzu, hor ez dut sexismorik ikusten, lehen esaldian argi uzten du: ‘si ella quiere Rumaba’, alegia, baimena eskatzen dio neskari, berak nahi badu…? Bai? Ba emaiozu nahi duena! Zabaldu ahoa eta hasi jolasten! Noiski baietz! Ze demontre! Sexua ere debekatu behar al dugu ba Gaztean?
Bideoklipak aipatu dituzu; ulertuko duzunez gu ezin gara egunero ezagutzen ditugun ehundaka kanturen bideoklipak ikusten hasi, nahikoa dugu euren edukia eta letra aztertzen. Zein balore igortzen dituzten? Aurreko artikuloan esan dizut, ideologia eta balore guztiak onartzen ditugu guk, beti ere, indarkeria eta sexismotik urrun, hortik aurrera, denak balio du. Zuk uste duzu Miley Cyrus eta Berri Txarraken bideoklipek balore berberak igortzen dituztela? Ez ezta? Ba guk biak jartzen ditugu gure irratian, inolako konplexurik gabe. Izango dira bata gustatzen zaiena eta bestea gorroto dunetak eta alderantziz, jakina, hau demokrazia da lagun. Hemen ez du inork egiaren jabetzarik. Eta guk, gure entzuleen esku uzten dugu erabakia, azken batean, eurak baitira irratia ordaintzen dutenak.
Bide erreza aukeratu dugula diozu. Ez dut uste, erreza baino, bidezkoena esango nuke nik: nork ordaintzen du irratia? Herriak. Ba herriak erabaki dezala, gehiengoak dioena. Kitto! Begira zein sinplea den kontua.
Baina berriz diot, bide ezberdinak aukeratu arren, jomuga bera dugu, segi dezagun bada lanean, goiz ala berandu iritsiko gara eta helmugara.
Mila esker!
*Oihan Vega*
7:57 am 2015/01/30
Benetan ez dakidala pertsona batekin edo Gaztea marka milimetro bat bera ere mugitu gabe defendatzen duen bot batekin ari ote naizen… Ez naiz marketing despertsonalizatuaren joku horretan sartuko. Bakarrik esango dizut, puritano moduan jarri nauzulako (hamaika irakurtzeko jaioak gara…), Pitbull bost minutuz ikusi duen edonork badakiela (baita zuk ere, edo hori pentstau nahi dut) bere kantu, hitz egin edo portatzeko moduak ez duela sexua osasuntasun zein parekotasunez tratatzen. Segi nahi duzuena egiten, nik nahi dudana egiten jarraituko dut eta lana beste modu batera eginez.
Ondo izan.
9:24 am 2015/01/30
Ni laburra izango naiz. Gaztea irrati formula kritikatu izanagatik mutur batzuk (dezente) okertu nituen. Eta ez zen hori asmoa. Kritikak eraikitzailea izatea zuen helburu. Gaztearen eredua okerra iruditzen zait, eta hezitzaile izateko duen aukera paregabea ikusita, beste formulek arrakasta lortzeko hartu zuten norabidea kopiatzea erabaki zuen. Zoritxarrez, Gaztea gidatzen eta egiten dutenek ez dutela autokritikarik egin nahi.
Horiek horrela, Oihan, bi galdera oso sinple ditut:
> Zergatik ez dute musika estilo guztiek lekurik Gaztea irratian, edozein dela hizkuntza?
> Demokrazia eta herria. Zeintzuk ordezkatzen dugu herria zure ustez? (nire inguruko gehiengo zabal batek uste du Gazteak ez duela ordezkatzen)
12:25 pm 2015/01/30
Debate interesgarria, eta ekarpen guztiak gustatu zaizkit, gutxi-asko. Oihan Vegak esandakoen gainean bi ohar:
-“Gaztearen lanari esker sortu dira guar egun oso ezagunak diren taldeak, batipat Maketa Lehiaketari esker eta gure promozioei esker: Berri Txarrak, Zea Mays, Enkore, Kerobia…(…) horiek guztiak Gaztearen produktuak dira”
(Imajinatzen Oihanek Gorka Urbizuri elkarrizketa egin eta botatzea: “Gorka, Gaztearen produktu zareten heinean, bla, bla…) 😀
-“Gazteei ez zitzaien gustatu guk euskal musika modu horretan inposatzea”
(Nola erabili daiteke “inposatu” hitza hain merke? Hori al da inposaketa?)
12:42 pm 2015/01/30
Bueno, ba nik Gaztearen alde idatziko dut, argi eta garbi.
Iruñerrian bizi naiz, eta, oro har, hemen ezin aditu da Gaztea. Beraz, irrati-formulak entzuten ditugunok erdarazkoak aukeratzen ditugu. Horietan ez da euskarazko kantu bakar bat ere aditzen (ez “Negua joan da ta” “hit-a”, ez deus ere). Eta euskaraz hitz bakarren bat aditzen da nooizzzbait, iragarkiren batean (“agur”, “ongi etorri”).
Deigarria da: euskarazko telebista publikoa frakasoa da, eta euskarazko irrati-formula arrakastatsua, baina kasu horretan ere kontra asko eta asko.
Iduri du irrati-formulak ez direla desagertuko, eta nik euskarazko eskaintza ere izan nahi dut.
2:45 pm 2015/01/30
Nik kritika konstruktibo batzuk idaztea nahiko nuke.
1.- Gazteak ez du zertan “Euskara hutseko” irratia izan behar, gaztea izena edukita, gazteei zuzendutako musika baizik. Euskaraz hitz egiten den bitartean, bestela izena aldatzea hobe. Hori bai, kanpoko musika bakarrik jartzen badute, konpetentzia gehiago edukiko dute.
2.- Badago aukera euskal musika bakarrik sustatzen duen irrati bat egiteko, baina orduan izena ere beste bat izatea ere hobe (“Euskal Musika Irratia” adibidez). Euskara “nicho de mercado” bezala kontutan hartuta baliteke ideia txarra ez izatea (baina ez du zertan gazteei zuzenduta izan behar).
3.-Hori bai, euskararen alde egitea ere oso positiboa iruditzen zait, nolabait euskaraz eskatzen diren gauzei prioritate gehiago ematea. Adibidez, programaren bat euskal kantuak bakarrik jartzen dituena ere ondo egongo litzateke. Beste adibide bat, Gaztearen webgunea begiratuta “Top Gaztea” eta “Top Dance” ikusten ditut, baina ez “Top Euskaraz”.
4.- Azken kritika “prentsa rosa” eta “reality”-ei ematen zaien inportantziari bideratuko diot. Baliteke ni ya 28urtekin “Gaztea” ez izatea eta oraingo gazteei gauza horrek gustatzea, baina nik Gaztea entzuten nuen unibertsitatera bidean, eta entzuteari utzi nion ordu horietan gai hauei buruz hitz egiten delako. Noizbehinka aukera bat ematen diot, baina ez dirudi niri bideratutako irrati bat.
6:25 pm 2015/01/30
Uste dut hemen bi kontu nahasten ari direla, eta lotuta badaude ere, komeni da bakoitza bere aldetik aztertzea.
– Zenbat entzule ditu Gazteak? 130.000 bueltan, oker ez banago.. 40 Principalesi lidergoa kentzeko zorian egotea ez da txantxa. Eta euskaraz egindako produktu bat izanda, bikoitza da meritua; ez dago beste adibiderik, ez dago. Benetan, iruditzen zait ez dugula baloratzen Gazteak lortu duen marka bere formatua gutxiesten dugulako. Baina garbi dago, hau guztia eredu jakin batekin lortu du. Entzule kopuruen datuak eta irratiaren “etapak” aztertuta, nabarmena da hori. Bide batez, komeni da gogoratzea, AEBetan jaio eta mundu osoan zabalduta dagoen ‘top 40’ formatuaren egokitzapen bat besterik ez dela.
– Musika eredua: puta mierda bat da? Zaborra? Ez zaigu batere gustatzen? Bale. Gaztea eredu bat da. Beste hamaika egin litezke. Galdera zera da: prest gaude “kalitate handiagoko” irrati formula bat egin eta entzuleak galtzeko? Urte gutxian irrati musikalik entzunena izan daitekeena sakrifikatu nahi dugu “beste zerbaiten” (ez dakigu oso ondo zeren) mesedetan? Erantzuna izan liteke: eta zergatik ez du ba arrakastarik izango beste eredu batek? Auskalo. Baina inguruan halako eredurik ezagutzen duzue? Zein? Ez dakit zein den “beste” tekla hori. Dakidana da, Gazteak, dituen gabezia guztiekin ere, zapaldu duen teklarekin asmatu duela, ondo asmatu ere: 40 principales bezalako produktu komertzial baten alternatiba euskaldun arrakastatsua. Bada zerbait.
– Orduan, zer? Gauza batek ez du bestea kentzen, eta irratiformula egitea gauza merkea da. Zergatik ez osatu Gaztea beste irratiformula batekin? Hor dago eitbmusika, bide bat izan liteke. Edo ekimen pribatu bat, zergatik ez?
Gogoetarako balioko duelakoan…
2:14 pm 2015/01/31
Elkarrizketa oso interesgarria iruitzen zait hau!! aspaldian nahiko kezkatuta nabil ni ere kontu honekin.
Alde batetik, musikari naizen aldetik, erabat mingarria egiten zait ” hau puta mierda bat da, objetiboki” entzutea. Abesti baten atzean egile bat dago, artista bat eta lan bat. Errespetua merezi dute guztiek, baldin eta abesti hauek ez badira sexistak, arraziztak….
Nik beste irrati bat amesten dut, prime time orduetan euskal sortzaileen elkarrizketak entzuteko aukera izango duguna, eta ez informazio azkar, prentsa arroxa eta horrelakoak…
Gaztea ikastetxetan egiten ari den lana…ez diot ezer txarrik ikusten, nik uste beraiek konturatzen hasiak direla zerbait gaizki doala…baina mintzen nauena pelota nerabeen gainera botatzea da. Irakaslea naiz eta adin honetako jende asko daukat eta adin horretako nerabeek normalean ez dute kriterio musikala oso finkaturik izaten, orduan erraxena, komunikabideek bonbardeatzen dutena entzuten dute. Ez da %100ean beti horrela baina askotan bai. Gaztea irratiaz gain EITB-ek ere egin beharko luke hausnarketa bat gai honen inguruan. Ez dakit zer pasatzen den baina ETB-n euskal musikariok ez daukagu ia lekurik. Gaztean talde asko betatuak daude. Gaztean ez da euskal musikariei edo euskal taldeei buruzko informaziorik helarazten edo ematen dena oso zehatza da.
Euskadi irratiko lantaldea zoriondu nahiko nuke eta B-aldea saioa ere. ç
Nik ondo ikusten dut entzuleengana joan euskal musikaren aldeko lan hori egitea. Baina agian euskal musikariok ere gazteara joan beharko genuke, ez gazteako esatariena, azken finean langile batzuk dira, baizik eta politikariena edota politikariek jarritako buruena. Iruitzen zait honen atzean erabaki politiko bat dagoela, ez dut sinisten honen atzean euskal musikan erabat motibatutako jende asko dagoenik (Enaiz Oihan zuregatik ari, zure nagusiegatik baizik), euskal musikan motibatutako lantalde batek ez luke horrela jokatuko.
Esperantza bakarra daukat, egunen batean gobernua aldatu eta irrati-telebista publikoen gaineko politika aldatuko dela.
Esan bezela…. debate interesgarria…
1:58 pm 2015/02/01
Erabat ados Aritz, hitzez hitz. Gaztea formulari kritika egiten zaionean, askotan, langileak sentitzen dira seinalatuak, eta ez da horrela. Gaztearen eredua ez dute beraiek definitzen. Soilik posible egiten dute. Zerbait aldatzeko eskatu nahi bada, gora jo behar da. Era berean, musika talde zein kultur eragileek jo beharko lukete horiengana.
Bestalde, oso interesgarria den beste eztabaida bat aipatu duzu. Kontu zaharra da. Ona vs. txarra, gustuko dut vs. ez dut gustuko. Zaila da Euskal Herri honetan, eta kulturan bereziki, musika talde bat ona edo txarra dela esatea. Ona dela badiozu, arazo askorik ez (peloteoa dela esan ahal dizute) eta taldeak pozik. Ordea, txarra dela esaten baduzu, haserreak eta irainak sortzen dira. Orduan bai baloratzen da ea kritikoak kriteriorik ote duen txarra dela esateko. Hori da errealitatea, eta hori da hemen dugun arazoetako bat. Autokritika falta. Horrela, diskoen iruzkinak egiten ibiltzen garenok txaloak jasotzen ditugu kritika onekin, eta haserre zein irainak (tarteka) kritika txarrengatik. Beste gauza bat da gauza bati “putamierda” deitzea. Hori lekuz kanpo dago. Esan ahal duzuna da, ez duzula gustuko eta zergatik. Baina horrek ere ondorio ezkorrak dakartza (ereduak jar ditzaket).
3:20 pm 2015/02/01
Ados aipatzen dituzuen gauza batzuetan Aritz eta Inaxio baina barkatu, batzuetan zilegi da “putamierda” esatea. Pitbull edo Miley Cirus putamierda bat dira, Musikalki baino gehiago transmititzen dituzten balioengatik, sutatzen dituzten ereduengatik edo artea, sorkuntzatik aldendu eta kate-lan robotiko produkzio batera mugatzeagatik.
Aipatu dut gauza asko daudela gustuko ez ditudanak, eta ez dut esango putamierda bat direnik nahiz eta ez didaten ezer esaten eta hor dago nire ustez eztabaida honetako gakoetako bat. Ereduak kopiatzera mugatzen gara, kaleratu diren diskoeta ehuneko handi bat entzun eta ez didate ezer esaten, ez dute pertsonalitaterik, jendeari gustatzeko besterik ez dira egin, helburu horrekin, egilearen ahotsa eta izpiritua neutralizatuz. Holako musika egon behar dela? Ados, baina ez du ezertxo ere aportatzen eta musika arte moduan ulertzen badugu, hori beharrezkoa da.
Kritiken inguruan aipatzen duzunarekin ere ados Inaxio. Askotan, badirudi euskaraz eginagatik bakarrik txaloka hartu behar ditugula. Hori bada kalitate minimoa neurtzeko dugun parametro nagusia, jai dugu…
Eta Aritz, ulertzen dut musikari izanik iritzi hori izatea baina benetan uste dut gure gaitasunez kontzienteago izan beharko genukeela (ez naiz zutaz ari ez baitakit zertan ari zaren). Nik ere izan nuen musika talde bat eta oso ondo pasatzen genuen baina egiten genuena putamierda bat zen eta horrek, ez du nire bizitza zalantzan jartzen. Jaso eta bizi izan genuen guztiarekin geratzen naiz asko izan baitzen baina ez dut uste inork EHko musikaren historia idaztean aiupatuko gaitueneik ere. Talde mordo bat daude oso ondo jotzen dutenak, disko txukun bat kaleratzen dutenak baina lan horrek, ez du ezer barruan askotan. Ez du arimarik. Horregatik entzuten dituzu talde batzuk eta ez beste batzuk. Hori norberaren burura aplikatu beharko genuke askotan.
Ni adibidez, online nobela bat idazten ari naiz baina kontziente naiz nire gaitasun literarioaz. Horregatik, blogeak argitaratzen dut eta fisiko moduan, autoekoizpenaren bidetik jo dut. Norbaiti gustatuko zaiola eta ederki pasako duela irakurtzen? Noski! Baina ez naiz haserretuko Sautrelatik deitzen ez banaute. Kontrakoa, asko harrituko nintzateke.
6:12 pm 2015/02/08
[…] https://theindezents.com/2015/01/29/gaztea-euskal-musikarengatik-arduratuta-dabilela-eta-lastoa-habea… […]
10:49 am 2015/03/08
[…] iritzi artikulua Karrika berripaperan argitaratutako bertsio luzea duzue, http://www.indezents.com web orritik ateratakoa. Hementxe artikulu […]
9:41 am 2015/03/11
[…] Iturria: https://theindezents.com/2015/01/29/gaztea-euskal-musikarengatik-arduratuta-dabilela-eta-lastoa-habea… […]
12:04 pm 2017/06/15
[…] Gaztea euskal musikarengatik arduratuta dabilela eta, lastoa, habeak eta beste hainbat kontu […]