Joshua Tillman: 3 proiektu musikari bat

Posted on

Urte hasiera bukatu berri den urteko diskorik hoberenez hitz egiteko garaia izaten da normalean. Milaka zerrenda argitaratzen dira abendu zein urtarrilero milaka komunikabide, blog edo webgunetan eta eta niri behintzat, ederki etortzen zaizkit urtean zehar ihes egin didaten hainbat lan ezagutzeko. Hala ere, badira musikariak musikazale guztien begi eta belarriak zerrenda horietan golkoraino murgilduta daudenean lan berriak argitaratzera ausartzen direnak. Adibide garbi bat dugu aurten Father John Misty izenpean bigarren lana argitaratu duen Joshua Tillman.

Onartuko dizuet “I Love You, Honeybear” hau entzun nuen lehen aldian ez nintzela konturatu atzean zegoena Tillman zenik eta harrituta geratu nintzen lagun jakintsu horietako batek bera zela argitu zidanean. Eta zergatik harritu? Ba Joshua Tillman ezaguna nuelako eta bere aurreko proiektuekin izugarri gozatua nintzelako. Goazen pixkanaka.

2008an ezagutu nuen J. Tillman zelakoa “Minor Works” lan bikaina nire esku artean erori zenean. Garai haietan folk kantari garaikideen musika zen entzunaldi gehien lapurtzen zidana. Elliot Smith, Mark Lanegan, Damien Jurado, Jason Molina zenaren bertsio guztiak (Songs: Ohia, Magnolia Electric Co.), Bonnie “Prince” Billy eta gertuago begiratuta, Mobydick getxoztarra. Ikaragarri gustatu zitzaidan baina ez zen erraza bere lan gehiago lortzea. Orduan, lagun batek pasata, “Vacilando Territory Blues” diskoa ere eskuratu eta J. Tillman handia nire folk kantari kuttunen artean sartu zen betirako.

Nire jakin mina piztu zuen Baltimorekoak eta sareko hainbat lekutan irakurri ahal izan nuen Fleet Foxes izeneko talde bateko bateri jolea ere bazela. Gaur egun talde ezaguna dugu baina garai haietan, ez zen oraindik gure ingurura iritsi. Halako batean “White Winter Hymnal” hipnotikoa iritsi zen nire belarrietara irrati uhin bidez. Fleet Foxes taldearen lehen laneko lehen singlea zen eta J. Tillman irudikatu nuen perkusio fin zein eraginkor horren atzean. Fleet Foxesek ikaragarrizko arrakasta lortu zuten debut lan homonimoarekin eta J. Tillmanek bakarkako ibilbidea alde batera utziko zuela pentsatu nuen. Oker nebilen. Fleet Foxesek 2008an argitaratu zuen lehen lana eta 2011n “Helplessness Blues” borobila. Bitartean ordean, Joshua ez zen aspertu eta 2009 eta 2010ean “Year In The Kingdom” eta “Singing AX” kaleratu zituen J. Tillman izenpean. Fleet Foxesek ordea, ez du ezer gehiago argitaratu nazio artean egonkortu zituen bigarren lan harren ostean eta bai Seattlekoez eta baita J. Tillmanez ere ahaztu nintzen.

Eta horrela iritsi gara 2015 hasierara. 2014ko diskorik hoberenen artean murgilduta eta Alt-J, King Creosote, David Giguere, William Fitzsimmons edo Thee Silver Mt. Zion Memorial Orchestraren diskoak berreskuratzen Father John Misty leku guztietan ikusten nuen bitartean. Halako batean, eta lagun baten gomendioz, entzunaldi bat eman nion “Fear Fun” debut lanaren ostean Joshua Tillmanek argitaratutako lan honi eta egia esan, ez naiz nire ingurukoak bezain beste berotu. Diska borobila da eta gustatu zait baina indiecrooner rollo horrek ez nau gehiegi konbentzitu. Agian, arrazoia garaia batean egin zuena faltan botatzen dudala da, ez dakit. Hala ere, “I Love You, Honeybear” entzuten ari naiz post hau idazten dudan bitartean eta badakit, hemendik bi hilabetera ikaragarri gustatuko zaidala. Horrelakoa naiz zer egingo diogu ba? 2015ko lanik borobilen artean sartuko ote dudan jakiteko ordea goiz da oraindik, urtea oso luzea da…

 

PD1: Postean aipatzen ditudan talde guztiak zerrenda batean entzuteko gogoz geratu naiz beraz hemen duzue prestatu dudan Spotify playlista hutsune garrantzitsu batzuekin. Hots, Bonnie “Prince” Blly, Bill Callaghan edo Mobydick.

PD2: Barkatu baina post hau ezin da bukau bi basapizti hauen kanturik entzun gabe:

One thought on “Joshua Tillman: 3 proiektu musikari bat

    […] duzue “Joshua Tillman: 3 proiektu musikari bat” postaren harira sortutako Spotify […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s