Finlandia (2. atala) – 2.8
Esan bezala, ez nituen egun gehiegi. Hegaldiak begiratzen hasterakoan, oporraldi hauei merezi zuten garrantzia eman nahi izan nien eta hamabost egun denbora nahikoa iruditu zitzaidan Islandian igarotzeko. Are gehiago bakarrik joanda. Hala ere, ibilbidea antolatzen hasi bezain pronto, irla osoa ezagutzeko hamabost egunak motz geratuko zitzaizkidala konturatu nintzen. Hori dela eta, Reikjavíketik Akureyrira jauzi egitea erabaki nuen zuzenean. Iparraldeko hiriburua deitzen diote Akureyriri inguru haietan eta Reikjavíkeko zonaldetik kanpo, herrialde osoko biztanleria gehien duen hiria da, 17.000 bizilagun. Datu hura irakurtzean, hiri hura gustuko izan behar nuela jakin nuen. Herri handi bat niretzat Islandian ere.
Akureyriko argazkiak begiratzen aritu nintzen interneten eta ikaragarri gustatu zitzaidan ikusi nuena. Ez dago erabat kostaldean baina itsas sargune baten amaieran kokatzen da. Ikusi nituen argazkietan, bi lur zati erraldoien artean harrapatutako laku amaiezin bat zirudien itsasoak. Portuan aldiz, transatlantiko ezberdin bat zegoen hondartuta argazki bakoitzean. Ez zen oso hiri handia eta argazki gehienetan kale berdina ageri zen. Kafetegiz beteta zegoen eta jende mordo bat ageri zen kanpoko mahaietan eserita. Kalearen ahoan, teleaulki bat zirudien eserleku bat zegoen eskultura moduan jarrita. Argazkietan ageri ziren gehienek liburu bat zuten eskuan eta ez dakit zer arituko ziren irakurtzen baina irribarre bat zuten guztiek ahoan. Gidaren baterako nahita ateratako argazki sorta bat zela ere pentsatu nuen baina ez nituen burutazio haiekin argazki eder haiek izorratu nahi izan. Konturatzerako, sekula zapaldu ez nuen leku hartaz maitemindu nintzen. Lasaitasuna iradokitzen zuen eta hausnarketarako leku egokia zirudien. Horixe zen bidaia honetan bilatzen nuena.
Hori gutxi balitz, Islandia iparraldean ikusteko moduko leku eder mordoxka bat zeudela irakurri nuen han-hemenka eta Akureyri txikia txango horiek guztiak egiteko leku egokia izan zitekeen. Aterpetxe bakarra zuen hiriak oraingo honetan eta horrek, ohea bilatzea arazo bilakatu zuen. Iparraldeko hiriburua turista guztien derrigorrezko geldialdietako bat zen eta nire beldurrak egi bilakatu ziren erreserba egiterakoan. Abuztuaren seitik hamarrera hartu nahi izan nuen ostatu bertan baina ezinezkoa zen. Konbinazio ezberdinekin saiatu eta arazoa, abuztuaren seiko gaua zela konturatu nintzen. Full zeuden egun hartan eta hasiera batean, Akureyrira iritsi eta lehen gauerako ohe bat bilatzen hastea burutik pasa zitzaidan. Ez nekien zer topatuko nuen han eta bertan behera utzi nuen azkenean ideia. Burura etorri zitzaidan konponbide bakarra Reykjavíkeko egonaldia egun batez luzatzea izan zen. City Hostelean ez zegoen batere arazorik egun bat gehiagoz bertan geratzeko eta hori izan zen azkenean nire aukera. Hirutik zazpira Reykjavíken eta zazpitik hamarrera Akureyrin. Beldur nuen ez ote zen denbora gutxiegi izango Akureyrin igarotzeko…
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.