Finlandia (2. atala) – 2.10

Posted on

Kale estuetan zehar eta mapari begira iparraldera jarraitzen zuen bitartean, etxera deitzeko garaia zela pentsatu zuen. Aurreko eguneko goizeko zortzietan atera zen Beasaindik eta etxekoek ez zuten bere berri oraindik. Pausua gelditu gabe, mugikorra poltsikotik atera eta etxera deitu zuen.

-Bai? – Galdetu zuen amak.

-Egunon! – Oihuka ari zela konturatu zen. Barnean zuen alaitasun eta abentura grinaz kontziente izan zen une hartan eta horrek barruan zuen zirrara areagotu zuen.

-Bueno! Gustura zaude behintzat! – Erantzun zuen amak kezka guztiak gainetik kendu izan balitu moduan.

-Ba bai ama! Hau zoragarria da! Oraindik ez dut ezer ikusi baina zoragarria da! – “Noski baietz! Ea nork esaten didan ezetz!

-Zer moduz joan zen bidaia? Pentsatu bezain arriskutsua izan al zen Bartzelonako egonaldia? – Galdetu zion amak gaiztakeriaz.

-Ja, ja, ja – Trufaka – Gustura ikusiko zintudan zu Bartzelonan bakarrik hegazkin bat hartu nahian – gaiztakeria itzuliz.

-Baina zu izan zara joan dena – Erantzun zion umore onez. Deia jasotzeaz gustura zegoela sumatu zuen Txominek – Beno! Eta Islandia? Zer moduzkoa? Erraz topatu zenuen aterpetxea?

-Ba bai! Aireportutik zuzenean eraman ninduten bertara beraz ez nuen asko pentsatu beharrik izan. Oso ondo dute antolatuta guztia. Badakizu eskandinaviar hauek nolakoak diren…

-Pozten naiz ba! Zein ordu da hor? Bi ordu gutxiago esan zenuen ezta?

-Bai, hamarrak laurden gutxi inguru hemen…

-Zu gosaldu berri eta ni bazkaria prestatzen! – Oihukatu zuen irribarre bat askatuz. “Zure bazkariak faltan botako ditut…

-Izugarrizko eguraldia dago hemen ama! Hamalau gradu eta zerua aratz. Gustura egongo zinateke hemen!

Bueno bueno… ondo nago ni nagoen lekuan.

-Kar-kar. Hor al dabiltz aita eta Martin?

-Aita lanean dago eta Martin hemen, ordenagailuan.

-Beno, ba eskumuinak eman nire partez ados?

-Emango dizkiet bai. Noiz deituko duzu berriz?

-Telefono deiak oso garestiak dira hemendik ama. Emailez hitz egingo dugu hobeto. Aitak esan zidan egunero begiratuko duela. Hala ere, aspertuta banabil deituko dizuet ados?

-Aspertuta zaudenean bakarrik? Oso ondo! Oso polita! – Gehiegi haserretu gabe.

-Kar-kar. Beno ama, izango duzue nire berri ados?

-Hori espero dut. Asko disfrutatu eta kontuz ibili mesedez!

-Bai ama, lasai. Badakizu zein mesfidatia naizen – Ama lasaitu nahian.

-Beno, zerbaitetarako balio du horrek behintzat kar-kar

-Beno ama! Eskuminak aita eta Martini! Ondo izan!

-Zaindu! – Esan zuen amak Txominek deia mozten zuen bitartean.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s