Finlandia (2. atala) – 2.9
Bates anderearen adierazpenak buruan behin eta berriz errepikatzen ari zela Reykjavík City Hosteletik atera eta aterpetxe kanpoan zeuden bi egurrezko eserlekuetatik libre zegoen bakarraren parean geratu zen Txomin. Euskal Herriko edozein askaldegitan topatu zitezkeen mahai eta banku berdinak ziren eta irribarre batek ihes egin zion. “Honaino etorri eta Oainguko mahai berdinak topatzea ere…”. Quechua txikia mahai gainera bota zuen karpetatxo berdea bertan sartu ahal izateko. Motxila bizkarrean hartu eta aterpetxeak atarian zituen bi zelai ederren artetik igarotzen zen bidetik errepidera iritsi zen. Auto gutxi zebilen eta zebrabide bat bilatzen denborarik galdu gabe, korrika txikian pasa zuen errepidea aldenik alde. Korrika zihoala, nerabe garaietan koadrilakoak Donostiara joaten ziren bakoitzean errepikatzen zuten balentria alua gogoratu zuen. “Nork ez du hiri handi batean errepide bat behar ez den lekutik korrika igaro abarkadun hutsa naiz eta harro nago oihukatuz?”. Bere obra handian sartzeko moduko egoera bat iruditu zitzaion “Bitxia da. Gero gure herrian semaforoa berde jarri arte itxaroten dugu…”. Errepidea gurutzatzen amaitzean egunerokoa Quechua txikitik atera eta ohar moduan apuntatu zuen burutapena.
Bi norabideko errepide zabal bat zen korrika igaro berri zuena, bi bidekoa bakoitza “Joder! Autobia bat ia-ia…”. Beste aldera iristean topatu zuena ordea, beste kontu bat zen. Handik aurrera etxe txiki eta bide estuak besterik ez zituen ikusten. “Kale garrantzitsu bat izango da agian”. Kalearen izenaren bila hasi eta azkar bilatu zuen kartela: Sundlaugarvegur. “Harrapa zak! Ea ez dudan inori non dagoen galdetu beharrik…”.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.