Zuen laguntza behar dugu musikero hori
Askotan filosofatu izan dugu lagunen artean 90. hamarkada amaieran Goierrin bizi izan zen musika zein sorkuntza eztandaz. Mugimendu oparoa izan zen Amen, Fist Fuckin, Los Rockinson’s edo Geroh taldeak buru izan zituena. Sorkuntzaz gain gainera, ikusle moduan ere urte ederrak izan ziren hainbat Gaztetxe edo Torrano bezalako tabernei esker.
Olatu harrekin zerbait egin beharraren zantzua sentitzen genuen baina bonbilla ez zen piztu pasa den astean Ladislao taldekoei elkarrizketa bat egin nien arte. Kontua da, musika eztanda hura kontatuko duen dokumental bat egitearen ideia sortu zaigula eta horretaz gain, garai baten argazkia egitea gustatuko litzaigukeela gaur egungoa ispilu moduan izanda (iraultza teknologikoa edo musika kontsumitzeko moduaren eta erreferentzia ereduen aldaketa beste gauza batzuen artean).
Proiektua fase enbrionarioan dago baina beste ezertan hasi aurretik, bada gauza bat behar duguna, dokumentazio bideografikoa hain zuzen ere. Dokumentalak asko galduko luke irudi gabe eta argazkiak egon badirela argi dugun moduan, zalantza handiak ditugu bideoen inguruan. Horregatik jotzen dugu zuen bila.
Garai hartako kontzertu, entsegu, jaialdi, bilera edo dena delakoaren bideo irudirik duzuen jakin nahi dugu. Edo dituen norbait ezagutzen duzuen. Goierrin, Gipuzkoan, munduan. Aipatu ditugun taldeenak edo garai hartako beste hainbat talde goierritarrenak. Baita kanpotik goierrira jotzera etorri ziren talde garrantzitsuenak (Bai atzerritarrak eta baita euskaldunak ere). Proiektu eder bat da esku artean duguna baina buruan dagoena dokumental batean gauzatzeko irudiak behar ditugu.
Eskertuko genizuke deialdi hau zabaltzea eta bideorik baduzu edo dituen norbait ezagutuko bazenu gurekin harremanetan jartzea theindezents@gmail.com helbidearen bidez.
Mila esker aldez aurretik guztioi! Zabaldu mesedez eskaera hau!