Finlandia (2. atala) – 2.12

Posted on

Pixkanaka, bizitegi-auzotik irteten joan eta eremu ireki batera iritsi zen. Han, ez zen etxe berde zein urdin haiek iradokitzen zuten berotasunaren izpirik ere geratzen. Etxe orratzak ziren nagusi eta deigarri egin zitzaion guztiak zuriak izatea “Elurrik ez dagoenean ere zuria atsegin dute hauek gero…”. Etxe orratzen gainean, enpresa ezberdinen ikurrak ikusi zitezkeen eta bankuen zonaldera iritsi zela pentsatu zuen. Bizitegi-auzoa atzean utzi eta etxe orratzetara iristeko jaitsi behar zuen aldapari ekin zion. Aldapan behera zihoala etxe orratzen atzean itsasoa zegoela konturatu zen. Barku ezberdinak zeuden hondartuta bertan, erraldoiak guztiak. Laino moduko batek estaltzen zituen badia eta itsasontziak. “Kea darion badia. Ederki jarri zioten izena Reykjaviki”.

Aldapa amaitu eta parean zuen etxe orratz altuenera jo zuen zuzenean. Ate nagusia itsasoari begira zuen eta buelta eman behar izan zion eraikin erraldoi zuriari. Bertara iristean bulego eraikin bat zela konturatu zen. Atea itxita zegoen eta ez zuen batere itxurarik barruan kutxazainik izateko “Kale!”. Eraikinetik apur bat urrundu eta aldamenetara begiratu zuen. Handik ez oso urrun NBI hizkiak letra gorriz idatzita zituen beste etxe orratz bat ikusi zuen. Gerturatzean, sarreran jendea zebilela ikusi eta misioa amaitzeko zuen grinak eraginda edo, ate gainean zuen eta “L” oker bat zirudien ikur gorri hark banku batena izan behar zuela pentsatu zuen. Zortea izan zuen eta bigarrengo saiakeran asmatu zuen. Sarreran bertan kutxazain bat topatu eta harro sentitu zen bere buruaz “Inork ikusiko banindu… Zein gutxi behar dudan nire buruaz harro egoteko…

Bera baino altuagoa zen emakume bat ari zen kutxazaina erabiltzen eta itxaroten zuen bitartean diru-zorrotik txartelak ateratzen hasi zen. Kreditu eta zor txartel bana zituen. Banku batean lan egin zuen lagun batek Islandiara biak eramateko gomendatu zion. “Kreditukoa ordainketak egiteko eta zorretakoa dirua ateratzeko” esan zion. Beste gomendio bat ere eman zion baina belarri batetik sartu eta atera zitzaion “Zertarako nahi dut Visaren limitea igo? Diruarekin ordainduko dut guztia eta listo!”.

Emakume zahar zein altuak bere gestioak amaitzean Txominen txanda iritsi zen. Ez zuen diru gehiegi gainean eraman nahi baina egunero dirua ateratzen aritzearen ideiak ere ez zuen gehiegi erakartzen. Aterpetxea ordaindua zuen dagoeneko eta baita hurrengo eguneko txangoa ere. Azkenean, 15.000 króna ateratzea erabaki zuen. 7.000 poltsikoan zuen diru-zorroan sartu zituen. Ondoren, dirua non gordetzen zuen inork ez ikusteko asmoz eta bere disimulu gaitasun guztia martxan jarriz, gainontzeko 8.000ak galtza eta izterraren artean zuen zorroan sartzen hasi zen. Kutxazainaren kontra jarri zen lehendabizi inguruan zituenen ikusmena oztopatzeko. Aldamenetara begiratu eta eskuineko eskua hankartean sartu zuen larru beltzezko zorroaren bila. Gerrikoa indarrez lotua zuen eta dezente kostatu zitzaion harrapatzea. Lortu zuela iruditu zitzaionean indarrez tira egin eta kremaileraren punta ezkerreko potroan trankatu zitzaion. Min oihu estu batek ihes egin zion eta 8.000 krónak lurrera erori zitzaizkion. Mina pasa arte, bost bat segundo igaro zituen uzkurtuta eta burua kutxazainaren aurka zituela. Bere trebezia madarikatzen ari zela ordea, bi emakume hizketan entzun eta atzera begiratu zuen. Ahoa estaltzen zuten eskuarekin eta bata besteari azkonar bati atzetik ematen ari zaion bati begiratuko baliote moduan begiratzen zuten. Geratzen zitzaion duintasun guztiarekin 8.000 krónak lurretik jaso, dagoeneko gerrikotik zintzilika zuen zorroan sartu, arnasa hartu, tripa sartu eta hankartera itzuli zuen

-Egunon andereak  – esan eta kutxazainetik urrundu zen “Mission one, done”.

Bankuetara iristeko egin zuen bide berdinetik itzuli zen Reikjavík City Hostelera eta eguneko hirugarren zigarroa pizteko baliatu zuen ibilaldia. Lehen zupada ematean, Kerobiaren Rose Scargot entzuteko gogo ikaragarria sartu zitzaion. Ipoda martxan jarri eta aterpetxera bidean jarri zen. “Ez dut Isburt ezagutzen baina Reykjavik zoragarria da”.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s