Finlandia (2. atala) – 2.19

Posted on

 

FLAG Finlandia
-Islandiara hoa oporretan? – Galdetu zidan Sishak oporretara bere herrira joango banintz moduan – Koadrilarekin?

-Ez, bakarrik – Erantzun nion azkenaldian ohikoa nuen harrotasun eta lotsa arteko sentimendu arraro hark hartuta.

-Nire lagun min bat han bizi dek! Abelardo!

Sisha gu baino hiru-lau bat urte zaharragoa zen. Eskola berdinean ikasi genuen eta bere anaia txikia gure kintoa zen. Ez genuen tratu gehiegi izan sekula baina Beasain bezalako herri batean guztiak ezagutzen gara gutxi gorabehera. Are gehiago, eskola berdinean ibilitakoak izanik. Gainera, Sisha tipo hiztuna zen eta gure adin inguruko jende gutxi izango zen Beasainen berarekin sekula hitzik egin ez zuenik.

-Bai? Eta nolatan? – Galdetu nion elkarrizketa hark probetsuzko ezer ekarriko ez zidala aurreikusiz.

-Andrea, bere neska, hangoa duk eta bertan bizi dituk! Reykjavíken!

Sisha Bartzelonan bizi zen urte batzuk lehenago lan kontuengatik herria utzi ostean. Ondo joan zitzaion eta bertan geratzea erabaki zuen. Hala ere, maiz itzultzen zen herrira etxekoak eta lagunak ikusteko asmoz. Haietako egonaldi batez gozatzen ari zen taberna kanpo hartan elkar topo egin genuenean.

-Eta bera? Nongoa dek? – Jarraitu nuen adeitasunagatik gehienbat.

-Argentinarra da. Mendozakoa. Gure etxean bizitzen aritu zituan denbora batez.

Argentinar bat islandiar batekin” pentsatu nuen, ez dago hauek engainatuko ez dutenik. Pisukideak izan zituen Abelardo eta Andrea lan kontuengatik Bartzelonan igaro zuten garai batean. Harrezkero, tratua mantendu zuten eta ahal zen neurrian, elkar ikusten zuten urtean behin gutxienez. Aurreko udan, Sisha bera Islandian izan omen zen bisitan eta benetan merezi zuen leku bat zela aitortu zidan.

-Esango zioat bahoala! Ingo dik lekutxo bat etxean!

-Ez da beharrezkoa, lasai. Aterpetxe gehienak lotuak ditut gainera… – Bota nion zentzurik gabeko elkarrizketa hura amaitu nahian.

-Ba hiria ezagutzen laguntzeko bada ere. Konpainia ederra da Abelardo! Ez zaik gaizki etorriko. Are gehiago bakarrik joanda! Egun horietan beraiek han zereken jakin beharko nian lehenago… Noiz hoa?

-Abuztuaren hirutik hamazortzira – Erantzun nion aho bete hortz.

Beste baten laguntza eta etxea errazegi eskaintzen ari zela iruditu zitzaidan. Ondo erortzen zitzaidan Sisha baina tipo ona zenaren zalantzarik ez banuen ere, nahiko ahozabala zela pentsatu izan nuen beti. Esan bezala, ez nuen konfiantza gehiegi berarekin eta sinestezina iruditu zitzaidan eskaintzen ari zitzaidana. Beroaldian esaten diren gauza horietako bat zela pentsatu nuen eta ez nion batere baliorik eman.

Garagardoa amaitu eta koadrilak tabernaz aldatzeko ordua zela erabaki zuen. Sisha agurtzean Islandian ondo pasatzeko esan zidan “Flipatu” egin behar nuela, “Eta neskak! A ze neskak!”. Abelardorekin hitz egingo zuela eta egun haietan han bazebilen, ziur bere berri izango nuela. Eskerrak eman eta beste taberna batera abiatu ginen. Inondik inora ez nuen pentsatu elkarrizketa hark ondorio errealik izango zuenik. Tabernetan, errugbi partidetan bezalaxe, zelaian gertutakoa zelaian geratzen baita normalean.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.

Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.

Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s