Irudimenaren indarra: Kung Fury
Azkenaldian ikusi dudan gauzarik handiena da Kung Fury, zalantzarik gabe. Duela urte eta erdi inguru izan genuen proiektuaren berri eta egun hartatik arretaz jarraitu dugu. Garai hartan laguntza bila zebilen David Sandberg Kung Fury aurrera eramateko eta amua, oso ona zen. Ordura arte grabatuta zuenaren zatiak jartzen zituen Youtuben eta nola egin zuen erakusten zuen bertan. Ikaragarria zen baliabide gutxirekin lortzen ari zena eta eldarniozko istorioak balioa gehitu besterik ez zion egiten David eta konpainiak erakutsitako irudimenari (zentzurik zabalenean).
Kung Fury B Serieko filma bat da… Beno, J edo Kkoa agian. Umetatik ikusi ditugun hainbat pelikulei keinuak biltzen ditu eta helburua oso garbia da; ahal bezain disparaterik handiena gorpuztea. Adibide bat jartzearren, aurreratuko dizuet egun batean, Kung Fu maisu zital bat harrapatu nahian dabiltzala tximista batek joko duela gure protagonista eta hori gutxi balitz, kobra batek kosk egingo diola. Gertaera horrek, antzinako kondaira batek aurreikusi zuen Kung Fu maisu handienean bilakatuko du, Kung Fury.
David Sandberg da proiektuaren aita baina baita protagonista ere. Bere inguruan lagun eta hirugarren edo laugarren mailako aktoreak bildu ditu eta emaitza, sinestezina da. HDan zintzilikatu dute gainera crowdfundingean laguntza eman zieten guztiei eskerrak emateko eta merezi du telebistan Smart TV bidez ikustea. Halakorik ez baduzue, hemen duzue esteka. Prestatu palomita batzuk eta gozatu!
Esan bezala, orain dela urte eta erdi jakin genuen Kung Furyren inguruan baina orain arte, proiektuak ez du oihartzun gehiegi izan. Bitxia da zerk eman dion azken bultzada nazio arteko komunikabideetan agertzeko eta hori, filmaren kantu zentralaren bideoklipa izan da. Badakizue normalean famaturik tartean ez bada, hainbat eta hainbat lan eder itzalpetik igarotzen direla fokoen argiaz gozatu gabe eta kasu honetan, XXI. mendeko freak bat izaten amaitu duen 80. hamarkadako izar bat izan da Kung Furyri behar zuen bultzada eman diona. Kantu zein bideoklipean David Hasselhoff dugu protagonista eta bideoklip hori izan da sare sozialetan filma ezagun egitea lortu duena (Filman kameo txiki bat ere egiten du). Kontuak kontu, arrakasta ederra izaten ari da Kung Fury eta gezurra badirudi ere, Cannesen izan da! Bejondaizuela!!
Eta betiko galdera… Noizko halako bat gurean? Ba azti ibili agian labe galduren batean xigortzen ari dela (Hona arte irakurri dezaket).