Zinea

Nightcall: Drivetik Londonera

Posted on Updated on

Oporrak amaitu dira eta hemen naiz berriz ere ezerezari kaka emateko prest. Oporrak joan dira bai eta ez da gauza erraza asimilatzeko… Horregatik agian, oporraldia burura ekartzen didan musika entzuten ari naiz; edo jarraitzen dut, ez dudalako inongo momentuan diska hauetaz desengantxatzerik lortu.

Horietako bat ekarri nahi nizuen blogera gaurkoan pasa den astean harrituta utzi ninduen aurkikuntza bat egin bainuen (Colonek Amerika aurkitu zuen moduan… Tira, han dagoeneko jendea bizi zela alegia). Orain gutxi musika munduko mukizuez aritu nintzen blog honetan bertan eta bertan aipatu nuen talde hau. Hala ere, hirukote zoragarri honetaz gehiago idazteko gogoz geratu nintzen eta aurkikuntza txolin horrek aukera bikaina eskaini dit.

Londo Grammarrez ari naiz nola ez. 2013an argitaratu zuten abuztuan bukle modean izan nauen “If You Wait” ikaragarri hura. Mukizuen inguruko postean argi eta garbi utzi nuen baita ere talde honek eta beraien debut lanak sortzen didan zirrara zein miresmena. Baita, Hannahren ahotsaren indar hipnotikoa (oraindik ez baduzue entzun ez dakit zertan ari zareten…).

London-Grammar-If-You-Wait

Orduan aipatu nizuen baita ere milaka buelta emanak nizkiola lanari. Ba udan, beste bi mila eman dizkiot gutxienez eta oraindik ez naiz nazkatu! Are gehiago, entzuten dudan bakoitzean, kapa gehiagorekin topatzen naiz, ñabardura berriekin. Hannaren ahotsak lehen kolpean bere egiten zaitu. Ahots hori barruan duzunean ordea, zure sentimenduak gitarra baten soken moduan ukitzen hasten denean, atzean dagoena agertzen da zure muturren aurrean eta gainontzeko bi kideen lana beste maila batean dagoela konturatzen zara. Are gehiago, beraiek egiten dutela hein handi batean, Hannaren ahotsak halako indarra izatea.

Kantu bikain bat baina gehiago topatu daiteke disko honetan. Hey Now, Wasting My Youn Years, Strong, Metal & Dust, If You Wait… Hala ere bada bat nire subkontzientean barrenago iristea lortu duena eta nire azkenaldiko marmar-kantuen nanberguana izan dena: Nightcall.

There’s something inside you… It’s hard to explain…” Kantu borobila da Nightcall eta bere eskutik dator gaurko post hau inspiratu duen aurkikuntza (kostatu zait iristea bai baina iritsi naiz).

Duela pare bat urte, barrenak mugitu zizkidan filma bat ikusi nuen eta barrenak mugitu esaten dudanean, ia botaka egin nuela esan nahi dut. Filma hura Drive zen. Filma bera gustatu zitzaidan baina biolentzia eszenak lekuz kanpo zeudela iruditu zitzaidan gehizkoak izateaz gain. Hala ere, filmean zehar nire arreta eskuratu zuen beste zerbait topatu nuen, soinu banda hain zuzen ere. Ezberdina zen eta 70. hamarkadako tekno, gaur egungo pop eta neokutrismoaren arteko nahasketa hark ere harrapatu egin ninduen. Pare bat aste pasa nuen soinu banda entzuten baina dirudienez, ez nion Cliff Martinezen lanari nik uste bezain beste arreta eskaini.

Drive

Pasa den astean, irratiko kantu zerrenda amaiezina txukuntzen ari nintzela, soinu banda horretako kantu baten txanda iritsi zen . “Zer demontre da hau? Kantu hau ezagutzen dut ba…” Bai, Nightcall zen, Nightcallen jatorrizko bertsioa. Dirudienez, soinu banda Cliff Martinezen esku geratu zen bai baina Matt Newman editoreak Kavinskyren Nightcall kantua hasierako kredituetan sartzea proposatu zuen. Ondo Matt!

Nahiko ohikoa izaten da egun batean, gustuko duzun kantu bat jatorrian beste artista batena dela jakitea (Oarintxe Ben Harperrena uste nuen baina The Vervena den The drugs don’t work datorkit burura) eta aurkikuntza hori egiten duzun momentuan mundua geratu egiten da. Ez duzu beste inork ez zekien zerbait desestali baina zer nahi duzue esatea… Holako plazer txikiek egiten dutela bizitza eder.

Bigarren orria hasia dut eta fundamentuzko ezer kontatu ez dizuedanaren sentsazioa dut baina tira, kantu eder batzuk entzuteko beta eskaini digu behintzat ezta? Gutxi iruditu zaionarentzat bonnus track bat: Disclosure eta London Grammaren artean sinatutako harribitxi hau. Gozatu!

Advertisements

Usurbeko kritikak: Her

Posted on Updated on

Her-716403893-large

HER

Zuzendaria: Spike Jonze
Gidoigilea: Spike Jonze
Aktoreak: Joaquin Phoenix, Scarlett Johansson, Amy Adams, Rooney Mara, Olivia Wilde
Produkzioa: Spike Jonze, Megan Ellison, Vincent Landay
Musika: Arcade Fire eta Karen O
Edizioa: Jeff Buchanan, Eric Zumbrunnen
Estudioa: Annapurma Pictures
Herrialdea: AEB
Iraupena: 126 minutu

Kevin Smith eta Wes Andersonekin batera Spyke Jonze da nire zine zuzendari kuttunetako bat (Guy Ritchie ahaztu gabe. Beti ere, Madonnarekin ezkonduta egon zeneko tartea kenduta noski).  Onartu beharrean naiz ez dudala Being John Malkovich ikusi nahiz eta alde batetik, batzuk bere obra goren moduan izan eta bestetik, ikusi beharreko zerrendan urte asko eraman. Bideoklipgile moduan ezagutu nuen lagun batek orain urte batzuk (dezente egia esan) bere bideoklip hoberenen bilduma bat utzi zidanean (oraindik ez diot itzuli, barkatu). Ikaragarri gustatu zitzaidan bere lana eta bideoklipgintza bezain arte estereotipatu bat iraultzea posible zela ikusi nuen (Guy Ritchie ere kontuan hartu beharreko zuzendaria da arlo honetan).

Gerora, John Malkovichen buruan sartzeko lagun izan zuen gidoigile berberarekin, Charlie Kaufmanekin hain zuzen ere (Eternal Sunshine of the Spoteless Mind zoragarria beste batzuen artean) Adaptation egin zuen eta ez dizuet gezurrik esango filma horrek markatu egin ninduela aitortzen badizuet (Nicolas Cageren lan bat gustuko izatea lortu zuen beraz atera kontuak). Ondoren, Where The Wild Things Are lanaren berri izan nuen Arcade Firerekin txoratuta nenbilen garaian. Wake Up kantua zen soinu bandako kantu nagusia nahiz eta gainontzeko soinu banda Karen O and The Kidsek sinatu zuten. Zinean ikusi nuen eta berriz ere ikaragarri gustatu zitzaidan Jonzeren lana. Azken honetan ordea, ez zuen Kaufmanen laguntzarik izan eta zuzendariaren barne mundua ikusten hasi ginenaren sentsazioa izan nuen.

Gauzak horrela, Her iragartzen hasi ziren eta ikusi beharreko filmen zerrendan sartu nuen. Spike Jonzeren azken lana izatea gutxi balitz, I’m Still Here egin zuenetik Joaquim Phoenix ikusteko aukera eskaintzen zuen eta buru hori bere lekuan ote zegoen ikusteko aukera bikaina iruditu zitzaidan (Scarlett Johansson ere ageri da bai baina kolonia iragarki aluak egiten hasi denetik jainkosa izatetik petardilla izatera pasa da…). Usurbe Antzokian nahiko fin dabiltza kudeatzen duen enpresa aldatu eta herriko gazte batzuk hartu dutenetik eta herriko antzokira iritsi arte itxaroteko erabakia hartu nuen (ondo ari denari lagundu egin behar zaio ahal den heinean).

Igande honetan iritsi da Beasaina Jonzeren lan txalotua eta zer nahi duzue esatea? Ez dit hutsik egin inondik inora. Ikaragarri gustatu zait eta nahiz eta gustuko izateko aurretiko jarrerarekin joan nintzen zinera, Her uste nuena baino gehiago dela onartu beharrean naiz.

her-joaquin-phoenix-3

Where The Wild Things Are lanarekin bere barne mundua erakusten hasi bazen, erabat biluztuta ageri zaigu Jonze Her eder honetan. Planteamendu sinple zein arriskutsu batetik abiatzen da Rocvilleko zuzendaria (herri izen ederra zalantzarik gabe) eta arriskutsua diot, beste edozein zuzendariren eskuetan erori izan balitz, komedia alu bat izaten amaitzeko aukera asko zituelako alde batetik, eta aktore batengan pisu gehiegi jartzen duela pentsatu daitekeelako bestetik. Ba ez bat, eta ezta bestea ere.

Theodore Twomly (Joaquin Phoenix) gutun idazlea da gertuko etorkizun batean. Badirudi jendeak, etorkizun horretan, internet bidez enpresa bati ordaintzen diola bere bikote, lagun edo familiari gutunak idazteko (ez dakigu hartzaileek badakiten edo ez nahiz eta erantzuna baiezkoa den ulertzera ematen den). Horretan ari dela hasten da Her eta lanbidea bera elementu bikaina da gizarte aurreratu hori nolakoa den ulertzen joateko. Gaur egungo teknologia berriez hitz egin nahi digu Jonzek eta hauek eragiten ari diren norbere baitan biltze eta bakartzeaz. Kalean milaka pertsonekin gurutzatzen da egunero Theodore baina arreta mugikorrari konektatua dagoen eta belarrian duen pinganilloan du aurrean topatzen dituen guztiek bezalaxe. Teknologia berri eta sare sozialen kritika horretatik abiatzen da beraz baina giza izaera, behar zein desioez hausnarketa sakon bat egiten amaitzen du.

Twombly jauna orain urte bete banandu zen eta oraindik ez dio bueltarik eman. Lur jota dago eta ezinezkoa egiten zaio bere bizitzan aurrera egitea. Testuinguru horretan, sistema operatibo berri bat erosten du eta hor sartzen da Scarlett Johansson. Sistema iraultzaile honek inteligentzia artifiziala du eta ikasi egiten du bezeroaren beharrei egokitzen den oinarri batetik. Esan beharrik ez dago gizon eta makinaren arteko harremana dela Her honen ardatz nagusia eta nola ez, maitasun istorio bat sortzen dela bien artean.

Ez dut argumentua zanpatu nahi eta ez dizuet gehiago kontatuko bere inguruan baina aurreratzen dizuet harreman horretatik eratorritako egoerek guztiok barnean ditugun zalantza, beldur eta ametsak azaleratzen dituela (gaur egungo gizartearen berekoitasuna, amodio idealen tranpa, oroitzapenen kartzela…). Tekla egokia sakatzen du Spike Jonzek eta guztiok Theodoreren azalean jartzea lortzen du irribarre bat baino gehiago lapurtuko dizun filma honetan.

I’m Still Here ikusi ondoren Joaquin Phoenixen buruak bere lekuan jarraitzen ote zuen zalantzak zituen edonor (ni barne) bere akatsaz konturatuko da. Aktore sanjuandarra (Puerto Ricoco San juan, ez Pasaiakoa) oso handi ageri da bere lanik hoberenetakoa izan daitekeen honetan. Samantha (Scarlett Johansson) ahotsa besterik ez da eta horrek Joaquinen pantaila aurreko minutuak ikaragarri biderkatzen ditu filma arrunt batekin alderatuz (onartu beharrean nahiz Samen bikoizketa  izan dela kale egiten duela iruditu zaidan gauza bakarra. Jatorrizko bertsioa ikusi beharko dut filmaz erabat gozatzeko). Pisu handia du Phoenixek filma osoan zehar baina izugarri ondo darama bizkarrean. Ez da plano-kontra planorik eta elkarrizketa gehienetan bakarrik ageri da. Ikuslea bere biboteaz aspertzeko arriskua ordea, oso ongi saihesten du Jonzek eta irudi iradokitzaileekin janzten ditu hainbat pasarte. Horrek guztiak, erritmo pausatu bat eskaintzen dio filmari eta zu ere erritmo horretan sartzen zara bihotz taupadak Arcade Fireren soinu bandaren pare jarri arte.

Where The Wild Things Are bikainean kantu nagusia Arcade Firek eta Soinu Banda Karen Ok egin bazuen, rolak aldatu ditu oraingo honetan Spike Jonzek eta Karen Ok (Yeah Yeah Yeahs) kantu nagusia egin duen bitartean (ederra benetan) Montrealekoek soinu banda osoa gorpuzteko aukera izan dute. Nik dakidala, halako zerbait egiten duten lehen aldia da eta emaitza, txapela kentzeko modukoa da.

Ez nuke nahi kritikatxo hau amaitu jantzigintzaren alorra aipatu gabe normalean, ihes egiten didan kontu bat bada ere, oraingo honetan nire arreta eta nirekin zeudenena eskuratu baitu. Gertuko etorkizun hori osatu eta barneratzen laguntzen digu beraz, bere funtzioa ongi betetzen duelakoan naiz baina ezin izan nuen saihestu, filma osoan zehar, praka madarikatu horiek bere lekuan jartzeko pentsatzen aritzea.  Zuk ere pentsatuko duzu ziur, ikustera joaten bazara behintzat. Nik, zalantzarik gabe gomendatzen dizut.

her-fp-0835

Euskal Herrian molatzen duten 10 gauza

Posted on

Joder! Begira ze izenburu absolutista eta begira zein lasai geratu naizen! Kontua da, The Indezents berria martxan jarri nuenetik ez dudala oraindik meme edo rankingik egin eta barruan lo dudan eta noizean behin kontzientzia astintzen didan sentsazionalistak haize apur bat behar duela. Gauzak horrela, eta gehiegi luzatu gabe, hemen duzue zerrenda subjektibo zein sudurpuntatikateratzenzaidalako hau

Zerrenda honek ez du orden zehatzik. Ordena ausa hutsez ezarria izan da:

1.- Bidehuts

Molatzen dute eta ez dut ezezkorik onartuko. Musikaren industria kale kantoietan lastima eman nahian dabilenean, aro berri bat asimilatu, “bera hasi da” esateari utzi eta tren berriei heltzeko gai izan ez diren garai hauetan, mundu mailan kontuan hartu beharreko proiektua izan beharko lirateke. Txikitik handira, pixkanaka eta egiten dutenean sineste hutsak ematen duen indarrarekin. Bide berri bat jorratuko dute eta ez dute horregatik plantarik egingo. Kooperatibismoa musikaren mundura eraman dute baina ez dituzte SGAEren konferentzi batera gonbidatuko beraiek zertan eta nola ari diren azaltzeko. Askotan iraultza etxe ondoan dugu eta ez gara konturatzen.

txinaurriak_azala_web

 

2.- Jazpana

Rural Postmodern Festival! Egia esan, ez dakit zer demontre esan nahi duen ere baina finak dira eta gure herrian sekula amestu ere egingo ez genituen taldeak ikusteko aukera eskaintzen digute urtero. Musikarekin nahikoa ez eta skate eta saskibaloi txapelketak zein argazki rallya antolatzen dituzte beste gauza batzuen artean. Hori guztia gainera, debalde eta euskaraz. Nork eskaintzen du gehiago?

448525449_640

 

3.- Katihotsak

Iraultza hemen da eta hauek ez dira baimen edo barkamena eskatzen hasiko. Katihotsak dinamita da eta dinamita lehertu egiten da. Oso normaltzat izan dugu beti hiru tximaluzek instrumentu batzuk hartu eta hauek astintzen bi aste pasa ondoren disko bat argitaratzea. Ez dute putaidearik baina egiten dutena gustatu eta beraien kontzertuetara joaten gara egunero urriagoak diren gure tximak dantzatzera. Ondo ezta? Ba Katihotxak artaburu horiek berberak dira baina musika egin beharrean zinea egiten dute, euskaraz eta irudimen zorrotz baten laguntzaz. Ah! Eta mudua konkistatzeko plan bat dute, azti.

a1520791496_10

 

4.- Orain

Maitasun ikaragarriz eginiko lanak, edizio bikainekoak, gustu handiz eta musika ederrez bilduak. Inork ezagutzen ez zituenean hoberenak ziren. Hortik gutxira, batzuetan ondo ereindako jasotzen delako gehienbat, guztiok ezagutu genituen eta dagoeneko, ez zuten hainbeste molatzen. Zer egingo diogu ba? Hipster euskaldunak gainontzekoak bezain inozoak gara. Ez dakit hori izan zen arrazoia aleen produkzioa eteteko, ez dut uste baina faltan botatzen ditut eta egunen batean ale gehiagoz gozatzeko aukera izatea espero dut.

orain1

 

5.- Usopop

Iparraldeko altxorra. Txikia, mimo handiz egina, eskuekin ia-ia. Saran jaialdi eder honetaz gozatzen izan denak badaki zertaz ari naizen. Hollywoodeko kartela kakaren pare uzten duten hizki zuri horiek ikusi bezain pronto maitemintzen zara U S O P O P ez eta badakizu, zure barrenean, ez dela bertaratuko zaren azken aldia izango. Usopopek kolore ezberdina du, argi ezberdin bat eta zu ere aldatu egiten zaitu. Usopop zerua da baina badu zerbait zerua bera baino hobea egiten duena, hilik egon gabe ere, sartzen uzte dizute.

ban_uso5

 

6.- Joseba Irazoki

Ez nuen pertsona fisikorik zerrenda honetan sartzeko asmorik baina Joseba ez da pertsona fisiko bat. Joseba etereoa da, airean dago, musikan, hemen eta han. Josebak pitzadura larri bat du baina pitzadura hori gehiagok izango bagenu lurra leku hobeago bat izango litzateke. Joseba gainera eredu bat da. Eredu da pertsona ona delako alde batetik, urrunetik ikusten zaio aurpegi irribarretsu horretan (ez dago ezagutu beharrik ere), eta eredu da baita ere self made man bat delako. Urteak zeramatzan nahi zuena egiten, diskoak argitaratzen, musikariekin lankidetzak burutzen baina munduak ez zuen ezagutzen. Horregatik da eredu Joseba, urte askoren ostean, lana, lana eta lana egin ostea, ondo ereindakoa jaso egiten dela frogatzen duelako. Hor abantaila bat du ordea beratarrak, barnean duen talentua ez dago edozeinen eskura eta horrek ere laguntzen du…

Argazkia: bornmusic.org
Argazkia: bornmusic.org

 

7.- Moriarti

Puto amoak dira. Lau lagun, amets bat dutenak. “Zinea egin behar dugu” esan zioten elkarri arratsalde batean eta orrezkero, ez dakit zenbat pelikula zein laburmetraia egin eta ez dakit zenbat sari jaso dituzte. Beraien ekoiztetxe ereduak ez omen zuen etorkizunik, ezinezkoa omen zen modu horretara, lagun artean eta norberak egindakoarekin gustura sentitze hutsagatik, zinea ogibide bilakatzea. Ba urte batzuk pasa dira eta barkatu, baina lanean jarraitzen dute eta sekula baino emankorrago. Betiko gauzak kontatzen dituzte baina beraien ahotsetik, beraien erraietatik eta beraien hizkuntzan. Askotan, ez zaio buruari buelta gehiegi eman behar tekla egokia topatzeko.

80-egunean

 

8.- BOX.A

Zein demontre dira etxe ondoko pabelloi abandonatu puta hori etxe okupa batean bilakatu duten hippy zikin horiek?”. Ziur nago San Esteban auzoko bizilagunen batek hitz hauek berberak ahoskatu zituela Tolosako Gko galerian jaio eta Box.A izaten amaitu duen proiektu honetako artistak (hitzaren zentzurik literalenean) bere etxe atzean agertu zirenean. Ziur nago baita ere, gaur egun ez lukeela berdina esango inondik inora eta jainkoari eskerrak ematen dizkiola bere auzoan agertu ziren egunagatik. Artea kalean ulertzen dute, guztion eskura eta hori da beraien helburu nagusia, zuk ere, artista gazteak egiten ari direna ezagutzea. Ah, abisu bat, hauek ere mundua konkistatu nahi dute. Ostiral iluntze tonto batean Katihotsakekoekin elkarte gastronomiko batean elkar ez topatzea bakarrik espero dut. Gureak egingo luke.

391548503_640

 

9.- Rugbya

Onartzen dut, ez dut kirolik egiten eta egin beharko nuke. Hala ere, kirolaren esentzia galtzen ari garelakoan naiz. Kirola talde lana da, guztiok aukerak izatea da, lehia da, norbere burua hobetzea. Kirola taldearen indarra da, identitatea, norbanakoa eta kolektiboa. Kirolari profesionalen ardura nagusia azken zapatilak eramatea edo zelaira orrazkera in batekin ateratzea den garai hauetan, Rugbya da irtenbidea. Guretzat indibidualki eta baita nazio moduan ere. Rugbyan haur guztiek dute lekua eta ez dira beti berberak baztertuta geratzen kapitainak taldekideak aukeratzen hasten direnean. Taldekide azkarrak behar ditu hegaletan aritzeko, indartsuak kontentzio lanetan ibiltzeko, trebeak baloia mugitzeko eta potoloak bultza egiteko. Guztiok dugu leku bat Rugbyan eta Euskal Herriak ere munduan leku bat izango luke Rugbyari esker. Ingelesek asmatu zuten bai baina Rugbya, oso euskalduna da begiratzen duzun lekutik begiratzen duzula. Ez ahaztu hirugarren denboraz…

119381-620-282

 

10.- Kafea eta Galletak

Norbaitek disko bat aukeratzen du eta hitz batzuk idazten ditu beretzat hain garrantzitsua izan den lan horren inguruan. Ondoren, hitz horiek irakurriz disko hori entzuten dugu guztion artean inguruan kafea eta gailetak zerbitzatzen dituzten bitartean. Askotan, genialitateak ez du zergaitik konplexua izan beharrik eta jende honek argi eta garbi utzi du berriz ere. Festa eder hauek antolatzeaz gain, liburuak argitaratzen ere hasi dira eta beldur naiz, hauek ere, ez ote duten mundua konkistatu nahi… Animo!

c7e2e98b6e9109d6fd237a31e420d194_m

 

Ba hauxe izan duzue nire zerrenda baina hala ere, irekita nago proposamenak entzuteko halako gutiziaren bat gehiago ezagutzea beti baita eskertzekoa. Zuen txanda da orain. Ideiarik?

8 apellidos vascos, Mario Vaquerizo, Asier eta biok

Posted on Updated on

Joder! Ba Wes Anderson eta bere zineak The Royal Tenenbaums ikusi nuen arratsalde tonto hartatik sortzen didan liluraz hitz egin behar nuen gaur The Indezents honetan baina 8 apellidos vascos madarikatu horrekin ematen ari diren murga dela eta (oso termino andaluziarra bide batez), putamierda iraingarri horretaz hitz egin beste aukerarik ez dut.

Bai, putamierda bat. Eta ez, ez dut ikusi, ezta beharrik ere. Aurreiritziak ditudala? Noski, zuk ez ezta? Algel Aldarondoren txio honekin erantzungo dizut.

Bai, aurreiritziak ditut, nireak. Eta zer nahi duzu esatea? Gustuko ditut. Trailerra ikusi dut eta hitz ematen dizut nahikoa dudala horrekin. Ikusi nahi duzu? Ados, ez zaitut kriminalizatuko horregatik eta ez dut zu torturatzeko grinarik (nahikoa tortura jasoko duzu filma hori ikusten duzun bitartean). Bakoitza libre da nahi duena gustuko izateko baina ez derrigortu ni filma hori ikustera “joder, ikusi arte hitzik ezin delako egin”.

Ez dut ikusi ez baina trailerrarekin nahikoa izan dut ikuspegi español batetik egina dagoela jakiteko. Eta ez dut negatiboki esaten, berdina esango nuke ikuspegi amerikar edo frantziar batetik euskaldunak parodiatzen dituen filma bategatik. “Ei! Gidoigileak euskaldunak direla, Vaya Semanitakoak!”. Tetetete, ados, gipuzkoarrak dira bai baina istorioa ez dago ez ikuspegi euskaldun batetik kontatua eta ez du euskal kulturaren erreferentziarik inondik inora.

8 apellidos vascoseko euskaldunak Mario Vaquerizo dira. Mariquita da eta mariquita zintzo baten gauza on zein dibertigarri guztiak ditu baina etxera iristean, emakume batekin ezkondua dago. Erregimen katoliko eta eskuinzaleari gustatzen zaion eta Espainian hain tipikoa izan den afeminatu entretenigarriaren papera betetzen du. Hau da, 8 apellidos vascoseko euskaldunek  haiba la hostia esaten dute, 200 tonako hegaluze batek harramazka bat besterik ez die egiten, ez dute larrutan egiten, maitagarriak dira baina. Ez dute euskaraz hitz egiten (BBK Liveren twitterra dira. Esaldi osoa gaztelaniaz bota eta amaieran zorionak eta eskerrik asko jartzen dute) eta beraien erreferentzia kulturalak, nahiz eta propioak izan, imaginario espainiarraren barnean daude:” Gabilondo, Urdangarin, Zubizarreta, Argiñano, Igartiburu, Erentxun…”

El Paiseko artikulu honetan irakurri dut 8 apellidos vascos Euskadi dela, eta Espainiari, gustatu egiten zaiola. Ba barkatu, 8 apellidos vascos ez da Euskadi eta are gutxiago Euskal Herria. 8 apellidos vascoseko euskaldunak Espainian indarrean jarraitzen duen erregimen katolikoapostolikoromanoliberalak nahi lituzken euskaldunak dira. Bere berezitasunak dituen baina azkenean, Espainiarra dela onartzen duen herri bat.

Asier ETA biok ikusi nuen igandean eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Oso baliagarria iruditu zitzaidan Aitor Merinok eginiko hausnarketa. Asier idealizatu bat saldu nahi die bere Madrilgo lagunei baina dokumentala egiten ari dela, Asier hori gezurrezkoa dela konturatzen da. Aitorrek, ezin ditu Asierrek esaten edo egiten dituen gauza batzuk justifikatu, ezin die garrantzia kendu eta laguna, Madrildarrei lazo eta guzti saldu. Identifikatua sentitu nintzen oso Merinorekin prozesu mental horrekin eta Euskal Herriak oso bereak dituen arantzak dituela konturatu nintzen. Eta baita maila horietara iritsi gabe ere, espainiarrentzat (ez guztientzat) gure hizkuntza, kultura eta etorkizunaren jabe izan nahi izatea ere, ezikusiarena egin beharreko arantza bat delako.

Jarraitu ezazu nirekin baina izan zaitez gehiago nire anaia bezalakoa mesedez”. Horrela ez goaz inora maitia.

AITOR-merino-680x365

Minutu eta hogeiko elkarrizketa bat euskal filmen izenburuekin! Beno, saiatu gara behintzat…

Posted on Updated on

Orain dela astebete edo bideo bitxi honekin egin nuen topo facebooken. Bertan, Filmeetako izenburuak erabiliz soilik hiru minutu pasatxoko elkarrizketa bat garatzen dute. Ideia ona iruditu zitzaidan baina bideoa ikusten ari nintzela, saihestu ezin izan nuen galdera bat etorri zitzaidan burura. Eta halako zerbait egingo bagenu euskarazko filmeekin?

Milaka dira ingelesez zein gaztelaniaz eginiko filmak eta uzta oparo horretan ez da hain zaila ere zentzuzko elkarrizketa bat garatzeko izenburuak bilatzea. Euskaraz ordea?

Galdera berbera Artolari plazaratu nion eta konturatzerako eta twitterren jasotako laguntzari esker, gidoia idatzita genuen arratsalde batean. Jatorrizko bideoaren omenez edo, elkarrizketa jatetxe batean grabatzea erabaki genuen eta horretarako Garbiñeri deitu genion: Utziko al diguzu bideoa Irizarren grabatzen? Baiezkoa erantzun zigun asko pentsatu gabe eta orduan, bertan agertuko zen zerbitzari bat behar genuela aitortu genion: Axola al zaizu bideoan agertzea? Behin eskuak zikinduta hori ere egingo zuela erantzun zigun baina oraindik bazen zerbait gehiago: Esaldi pare bat esan beharko dituzu… Betiko moduan lagunak ondo zaintzen.

Larunbat goizean grabatu genuen eta bi ordutan amaitu genituen lanak. Paella on bat bazkaldu eta bideoa editatu genuen. Dokumentalak, TV mobiak eta marrazki bizidunak kanpoan uztea erabaki genuen eta edizio lanetan ari ginela aukeratutako batzuk jatorrizko bertsioan gaztelaniaz grabatu zirela jakin genuen. Hala ere, hemen duzue emaitza. Egia esan, guk geuk ere ez dugu oso garbi elkarrizketa zentzudun bat garatzea lortu ote dugun. Zer diozue?

Minutu eta hogeiko elkarrizketa bat euskal filmen izenburuekin from The Indezents on Vimeo.

Gidoia, irudia eta edizioa: Jon Artola eta Mikel Alvarez

Aktoreak: Jon Artola, Mikel Alvarez eta Garbiñe Irizar

Eskerrak: Irizar Etxea (taberna) eta Goierri Telebista (tripodea)

500 egun Celesterekin Garden Staten

Posted on Updated on

Ez dut indie hitza gehiegi atsegin baina azkenaldian nahi baino gehiagotan ari naiz erabiltzen. Kazetari txar guztien moduan, aurrean dudan guztia etiketatzeko behar obsesiboa dut eta halako hitzek gauza asko zaku berdinean sartu eta buruari buelta gutxiago emateko aukera eskaintzen didate.

Oraingo honetan ordea, errua ez da nirea hainbat argitalpenetan indie moduan definitzen baitute gaurkoan blogera ekarri nahi dudan eta aspaldiko partez barruak mugitzen dizkidan zine korrontea. Hasi aurretik esango dut zinema indiaren azpi-atal bat iruditzen zaidala baina ez dut etiketen baso ilun zein itxian zuhaitz gehiago landatu nahi.

2004an ikusi nuen zine mota honen ama deituko dudana eta zinean bertan ikusteko aukera izan nuen gainera, Donostiako Principen hain zuzen ere (nola ez). Matrakarako zine kritikak idazten nebilen garai hartan eta oraindik, filmak ikusi eta gero egiten nituen. Berezko izena Garden State bazuen ere, Algo en común izenpean ikusi nuen (bai, ez ninduen atzera bota itzulpen maravillosoak). Ez nekien zer ikustera nindoan ere eta aurpegi osoa zeharkatzen zidan irribarre batekin atera nintzen zinetik (kontuan izan buru oso handia dudala).

Garden State

Scrubs telesailarekin ezagun egin zen Zach Braff eta Natalie Portman zoragarria zituen protagonista eta aho bete hortz geratu nintzen kredituak agertzean Zach Braffen izen abizenak ikusi nituenean gidoigile eta zuzendari tituluaren azpian. Ezberdina iruditu zitzaidan ordura arte ikusi nuen guztiarekin alderatuta eta belaunaldi berri bat aurrean zuen mundua eta bere ezinegona deskribatzen hasi zenaren sentsazioa izan nuen. Nire belaunaladia, nire ezinegona.

Esan beharrik ez da kritika oso ona idatzi nuela (filma ondo jarri nuela alegia. Kritika bera mierda bat izango zen ziur beti bezala) eta nire top fivean sartu nuen zuzenean (bekatua litzateke soinu banda zoragarria ere ez aipatzea).

Urteak pasa ziren eta dexente deskonektatu nuen zinearekin garai haietan denbora guztia lapurtzen zidan musikaren alde. Halako batean, Garden State gomendatu nion lagun batek beste filma bat gomendatu zidan bueltan asko gustatuko zitzaidala ziurtatuz. Gomendioa agindua zen ia-ia (ez duze nire laguna ezagutzen), eta larunbat arratsalde alu batean ordenagailuko pantaila txikian ikusi nuen. 500 Days of Summer zen filmaren izena eta garagardo bat zor diot oraindik lagunari (itzulpen ederra hemen ere…).

Bat baino gehiagori entzun diot Marc Webbek zuzendu eta Joseph Gordon-Levitt eta Zooey Deschanel protagonizatutako filma hau komedia romantiko bat besterik ez dela baina entzun ondo: Joan zaitezte antzarrak ferratzera guztiok blasfemo putakumeak! Komedia romantiko bat garai batean Meg Ryan eta Tom Hanksek eta gaur egun Jennifer Aniston eta Mathew McConaugheyk egiten duten zerbait da. Hutsala, planoa, inpertsonala, arima gabea. (Badirudi Mathew proiektuak ongi aukeratzen hasi dela behingoz baina bost edo sei segidan egin arte ez dut sinestuko … Aizu, Putakumea deitu dizut ezta? Barkatu, sutu egin naiz).

Erabili ditudan adjektibo hauek erraz bota daitezke aipatu berri ditudan filmeen aurka baina nire ustez, hori baino askoz gehiago dira. Alde batetik, askoz tolesdura gehiago dituztela iruditzen zaidalako eta bestetik, txikitatik sartu nahi izan diguten maitasun erromantikoaren eredua hankaz gora jartzen duelako.

500 Days of Summer honetan ere soinu banda aipatu beharrean naiz.

500 Days of Summer

Ikaragarri gustatu zitzaidan 500 Days of Summer nahiz eta Zooey Deschanelen Summerri higuin izugarria hartu nion. Handik hiru urtera, 2012an, lagun berberak gomendatuta (oso desentxufatuta jarraitzen nuen), Celeste & Jesse Forever ikusi nuen. Ikaragarrizko entsegua berriz ere eta harmailak oihuka. Tom eta Summerren istorioarekin alderatuta beste maila batean zegoela iruditu zitzaidan eta berriz ere, oso nire sentitu nuen istorioa. Komedia bat zen bai, baina oso dramatikoa. Amiera faltsu zein estereotipatuetara ohitu gaituzte eta horixe da gure bizitzan bilatzera eraman gaituztena. Pertsona bat duzu gustuko, zoratuta zaude berarekin eta ez duzu zalantzarik, berarekin egin behar duzu bizitza osoa. Are gehiago, berak ez badu nahi… Ba ez! Bizitza hori baino gehiago da, ez da hemendik bost minutu eta metrora amaitzen. Horixe da filma hauen ekarpenik handienetako bat. Bizitza ez da nerabetasunarekin batera amaitzen beraz ez dugu 36 urte bete arte nerabetasuna luzatzen aritu beharrik. Bizitza, ez da epe motzean baloratzen eta orain erabat txoratuta zauzkan neskato hori, oroitzapen txar bat besterik ez da izango hemendik urte pare batera, edo ez (Ikus High Fidelity, genero honen amona. Amen).

Makina bat hitz-asperturako eman ziguten filma hauek eta generoaren maitaleentzat top threean sartuko omen zen filma bat iragartzen hasi ziren. Ruby Sparks zuen izena eta bai, high level total! Berriz ere aurrekoa hobetzen du nahiz eta generoaren bizkar-hezurra mantentzen duen: Bere bizitzarekin erabat gustura ez dagoen mutila, garai bateko ametsak tiradera batean ahaztuak dituela pentsatuz egunero esnatzen dena. Betetzen ez duen lan bat, familia edo koadrila xelebre bat eta nola ez, izarra, neska ideala (nahita erabili dut neska eta ez emakume). Eta ideala esaten dudanean, hitzaren zentzu osoan ari naiz; ideala, perfektua, gezurretazkoa, norberaren irudimenean soilik existitzen dena.

Ruby Sparks

Ez dizuet gehiago esango ez bainaiz spoiler zalea baina aurreratuko dizuet Ruby Sparksek gai honetan aurreko hirurak baino sakonago jotzen duela. Alde batetik, genero bera kritikatzen duen bitartean, bestetik, gaur egungo gizonezkoen mentalitateari kolpe gogor batematen dio. Oso modernotzat dugu gure burua, feministatzat ia-ia baina garai bateko pentsamoldeak beste batzuengatik aldatu ditugu. Ezberdinak, politikoki zuzenagoak baina irrealak eta lotuak hauek ere. Erabat nartzisistak bilakatu gara eta gure narzisismoa asetuko duen ipuinetako neska bat bilatzen dugu benetako pertsonak ezagutzen saiatu ordez. Hortxe egurtzen gaituzte filma hauek gupidarik gabe eta irribarre batekin. Hori da generoaren handitasuna.

Gizonezkoentzako komedia erromantikoak direla ere entzun dut hortik eta erabat ados nago baina badira ñabardura batzuk gure arreta merezi dutela iruditzen zaidanak. 500 days of Summer generoaren hasiera besterik ez da. Ez da mezu aldetik, halako konplexutasun batera iristen baina bai Ruby Sparksen, eta baita eta bereziki, Celeste & Jesse Forverren, emakumeek ere jasotzen dute beraiena. Eta zergatik? Ba ziuraski  bai Celeste & Jesse Foreverren, eta baita Ruby Sparksen ere, emakumezkoak direlako gidoigileak. Rashida Jones (Quincy Jonesen alaba) lehendabizikoan, eta Zoe Kazan (Elia Kazanen iloba)  bigarrenean. Eta azti! Biak ala biak direlako gidoigile izateaz gain, filmeetako protagonistak! Gainera, eta kontuan hartzeko datua iruditzen zait, Celeste eta Ruby dira izenburuetan pisu gehien dutenak. Narzisismoa eta egozentrismoaren pandemia beraz, ez da bereziki gaur egungo gizonezkoon arazoa gizarte modernoarena baizik (beste egun batean eztabaidatuko dugu moderno edo postmodernoa den).

"Celeste and Jesse Forever"

Filme hauen arrakasta baliatuz, hainbat pelikula agertu dira Ruby Sparks gustatu zitzaien ekoizleen edo 500 Days of Summer  ikusi zuten gidoigileen eskutik eta onartu beharrean naiz, zabor asko dagoela tartean.  Ikusi ditudan azkenekoen artean Stuck in Love bakarrik izan dut gustuko nahiz eta orain arte aipatu ditudanak baino ohikoagoa izan (Hemen aktore lanetan baina Phil Collinsen alaba agertzen zaigu). Batere gustatu ez zaizkidanen artean  aldiz, ezaugarri komun bat dutenak aipatuko ditut. Ted Mosby gogaikarria aktore edo gidoigile lanetan ikusten baduzu, egin ihes ahal bezain pronto, benetan. Josh Radnor izenarekin sinatzen du baina sinetsi, Ted Mosby da (filmeak gomendatzen dizkidan lagunaren errieta bat irabazi dut azken honekin baina abisatu behar nizuen. Lasai, garagardo batekin azkar baretzen da eta…).

Ted Mosby