Bat eta Bat (2014/11/07)
Jon Artola
Zoologikoak toki tristeak iruditu zaizkit betidanik. Urruneko klimaren batetan aske behar luketen animaliak gela batetan sartu eta jendearen ikuskizun, beraien borondatearen kontra noski. Ez naiz ordea animaliekin horren arduratsua nire platerean egunero agertzen diren xerra, solomo eta arrain puskei dagokienean. Ez zait axola handirik izaten nola tratatu dituzten edo zein baldintzetan hil dituzten ere. Orojale gehienon kontua suposatzen dut, gure garaiko kontraesanetako bat, eta abar. Halere garbi dut arazoaren soluzioa bertako baserritarretan eta animaliei bizi baldintza duinak ematean dagoela, horrekin zer esan nahi dudan neronek ere garbi ez dudan arren.
Baina ez nator zehazki hortaz hitz egitera Mikel, nire lagun batek aurrekoan bota zidan ‘Museoak artearen zoologikoak dira’ baieztapenera baizik. Baita estilo erabat oteiziarrean bota ere, halajainena! Bere ideia, nik horren gustuko ditudan museoetan artelanak animaliak zooetan lez pilatzen direla zen, eta gaur egungo artista biziak galerietan leudekela, libre, basati, beraien habitatean. Musikariak zuzenekoetan diren bezalaxe.
Horrela bada, animalien duintasuna bertako produktoreekin konpontzen den bezala, ez al genuke antzeko neurririk hartu behar kultur arloan ere?
Mikel Alvarez
Azkenaldian eztabaida asko izan ditut hainbat barazki-jaleekin (badirudi ugaldu egin direla azken urteetan). Erabat errespetatzen dut beraien erabakia baina onartu beharrean naiz gorroto ditudala elkartean afaltzeko lau kilo saihets erosi ditugula esatean jartzen duten nazka aurpegia eta botatzen duten nagusitasun begirada.
Musikarekin antzeko zerbait gertatzen da. “Bon Iver entzuten jarraitzen duzu? Lehen diskoaren ondoren ez du ezertarako balio… Ni orain Belle & Sebastianeko biolontxelo jolearen bakarkako diskarekin nago. Ze sentsibilitatea” PUAG! Artearekin antzeko zerbait gertatzen delakoan naiz nahiz eta mundu arrotza zaidan erabat. Museo komertzialak egongo dira artea merkantzia moduan tratatzen dutenak baina ziur badirela pena merezi dutenak ere. Galeriak galeriak dira eta museoak museoak, jaialdi handiak jaialdi handi eta kontzertu txikiak txiki diren moduan. Guztiek dute beraien xarma.
Bertako baserri edo artistak babestearen inguruan… Kontu erabat ezberdinak direlakoan naiz ordea. Hala ere, zure metafora horrek badu zerbait buru martxan jarri didana. Jaten duguna etxekoa izatea garrantzitsua delakoan naiz nahiz eta lanerako tresnak edo teknikak edozein lekutatik hartu ditzakegun. Artearekin gauza berbera egin behar genuke. Joera eta abanguardiak hartu eta gurera egokitu. Ez dakit barazki-jaleek ongi begiratuko gaituzten orduan baina gure kultura indartsuagoa izango da ziur.
Berezko artikulua Goiberrin.
This entry was posted in Bat eta Bat and tagged artea,barazki-jaleak,bat eta bat,euskara,hipsterrak,museoak,musika.