Finlandia (1. atala) – 1.30
Barrura sartu eta argiari ihes egiten uzten zion atetik sartu zen neska Txomini beste aldera joateko keinua egiten zion bitartean. Iristean, harrera barra luze baten parean agertu zen Txomin. Barraren beste aldean agertu zen neska liraina.
-Gud mornin! – Bota zion irriparre batekin. – Ai am bukin jier for for deis – “Buruz ikasia nekarren kar kar”.
Egun onak itzuli eta irribarre batez identity card-a eskatu zion. Ordenagailuan begira hasi eta lau egunerako ezetz, eskaera hiru egunerako egina zuela esan zion. Ulergarri hitz egiten zuen eta bihotzez eskertu zuen Txominek “Ea guztiek horrela hitz egiten duten”
-Sorri, ai jaf txu diferent bookins. Ferst bukin is of zri deis an secon jaf guan– Lehena hiru egunekoa izan zen Akureyrin egun bat gehiagoz egon nahi zuelako baina azken hau jendez lepo zegoenez, egun bat gehiagoz luzatu behar izan zuen Reykjavikeko lehen egonaldia. – From zri of august to seben of august. – Azpimarratu zuen eskuekin zenbakiak adieraziz.
Ordenagailuan bila hasi zen berriz ere jainkosa bikingoa eta topatu zuen Txominek azaldutakoa. Barkamena eskatu zion eta azken egunean gelaz aldatu beharko zela jakinarazi zion.
-Nazin els maders – Bota zion lasai egoteko eta ezer gertatzen ez zela agertu nahian. “Zenbat ingeles ikasi dudan musikari esker! Nais tu nou yu, Its a long guei tu de top…” – Irribarre arraro batekin onarpen keinu bat itzuli zion neskak.
Ordenagailuari begira jarraitu zuen eta neska hark erabat sorginduta zuela konturatu zen. Ez zen ohiko islandiarra, edo ez berak espero zuena behintzat. Azalez zuri antzekoa zen baina ile marroi eta luzea zuen. Zintzotasun zein goxotasun izugarri bat iradokitzen zuen begiradarekin eta halako neskek zergatik ez zuten sekula berarekin amaitzen galdetu zion bere buruari. “Ba kasu honetan bi arrazoia izan daitezke. Lehena, nire txisteko ingelesa eta bigarrena, ahoa erdi zabalik eta untxi txiki baten begiekin begira nauela. Zuzendu hai demontre!”. Bila eta bila jarraitzen zuen ordenagailuan begirada hipnotikoko neskak. Eskuekin kopeta parean zuen ilea baztertu eta bere begi marroi ederrak kolpez ireki ziren “Zalantzarik gabe kantu eder bat izan behar du zureak. Coldplayen Warning Sign aspaldi nuen gordeta norbaitentzat. To, zuretzat”. Txominen arazoa konpondu omen zuen. Lehen egunetik gelaz aldatuko zuten eta horrela, azken egunera arte ez zuen gelaz aldatu beharrik izango.
-Zenkiu beri matx! – Esan zion Txominek beste irribarre batez. “Honek dagoeneko subnormala naizela pentsatzen du…”.
Hamaikagarren gelako txartela eman eta lehen solairuan zegoela azaldu zion eskuarekin eskailerak seinalatzen zizkion bitartean. Ulertu zionagatik gela barruan txartela ez uzteko eskatu zion. “Bai, subnormala naizela pentsatzen du”.
Horrela doa orain arte Finlandia.