Finlandia (1. atala) – 1.31

Posted on Updated on

Motxilak hartu eta eskaileretan gora jo zuen ingelesez hitz egitea txupatua zegoela pentsatzen zuen bitartean baina neskak oihu itzali bat bota zion. Harrerara gerturatu eta neskak txartelarekin ordaintzeko tramankulua erakutsi zion. Zirudienez, iritsi bezain pronto ordaindu behar zen egonaldi osoa. Bankuko eta aterpekide txartelak atera zituen barkamena eskatu ostean “Subnormala eta lotsagabe hutsa…”.

Lehen eta azken pisura igo eta komunak bertan zeudela konturatu zen. Hala ere, kartel batean jartzen zuenagatik dutxak -1 solairuan zeuden. Txartela ateko zuloan sartu eta barrura sartu zen kontu handiz hotsik ez egiteko intentzioarekin. Lehen kolpean gortina handi batzuk ikusi zituen leihate osoa estaltzen. “Beti entzun izan dut ba iparraldean ez zutela gortinarik erabiltzen…”. Eguzkiak gogor jotzen zuen eta gortinaren zirrikituetatik nahikoa argi sartzen zen inor zapaldu edo ezer lurrera bota gabe ibiltzeko. “Ez, pertsianak dira iparraldean erabiltzen ez dutena?”. Gelak hiru ohartze pare zituen baina bi pertsona besterik ez zeuden bertan. Bat ederki zurrunka egiten ari zen eta bestea zakuaren barruan zegoen azken ile puntara arte tapaturik “Zurrunketatik ihesi? Ba bizilagun txarra etorri zaik…”. Leiho ondoan libre zegoen beheko ohia aukeratu zuen inor ez gogaitzeagatik gehienbat eta behin ohean eserita, zer demontre egin pentsatzen hasi zen.

Ez zuen lotarako gogorik baina goizeko bostak ziren dagoeneko. Azkenean, eta gainean zuen izerdi usainaz konturatzean, dutxa bat hartzea erabaki zuen. Toalla eta barruko arropa joko garbi bat hartu eta lur azpiko lehen solairura zuzendu zen “Barruko arropa joko bat bi eguneko… Aztiago ibili beharko naiz kontu honekin hemendik aurrera”. Bertan, garbigailu gela bat topatu zuen. Alboan, garbigailua lanean dabilela denbora errazago pasatzeko edo, mahai tenis mahai bat topatu zuen “Nire kirola! Beste ezertan ez diet sekula lagunei irabazi! …Ze tristea…”. Korridorean aurrera jarraitu eta dutxak aurkitu zituen. Lauko ilara bateko azkenekoan sartu eta atea itxi zuen. Arropa guztiak atearen atzealdean zegoen zintzilikario batean jarri eta ura ireki zuen. “Kaka! Ez dut xaboirik! Beno, ez zait gaizki etorriko ur kolpe bat bada ere”. Ura erortzen hasi bezain pronto ordea, aldamenetara begira hasi zen. “Ze usain mierda da hau?!”. Atzera egin eta atearen aurka erori zen. Irrist egin eta lurrera joan zen ia baina atearen goialdeari indarrez heldu eta zutik jarraitzea lortu zuen. Usain hark Ormaiztegiko frontoi parean dagoen Urbeltz iturriko usaina ekarri zion gogora “Hau arrautza ustel usaina!”. Ura itxi eta harrerara zer demontre pasatzen zen galdetzera joatea otu zitzaion baina nekatuta zegoen eta badaezpada ere, ez joatea erabaki zuen. Ez zuen berriz ere hanka sartu nahi aste beteko pelikulak hornituko zizkion neskatoarekin. “Nahikoa artaburu itxura eman dut dagoeneko…”. Ura berriz ere ireki eta lasai erortzen utzita, usaina desagertzen joan zen pixkanaka “Edo joan da, edo ohitu naiz…

Xaboirik ez izan harren, ikaragarri eskertu zuen dutxa eta gelara abiatu zen berriz ere “Hegazkinetan xaboia sartzen utziko balute…”. Gelan sartu zenean gelakideek lo jarraitzen zuten. Ohean eseri eta lotarako gogorik izan gabe jarraitzen zuela konturatu zen. Berriz ere islandiarren ohituretan pentsatzen hasi zen. “Nola demontre egongo dira ohean orain bi ordu argitu du eta! Hauek ziur gosalduta daudela dagoeneko!”. Quechua txikia hartu, hustu eta Reykajavik ezagutzen hasteko behar zuena sartu zuen bertan: Gidak, argazki kamera, karpetatxo berdea, “El Ocho” mardula, egunerokoa eta boligrafoak. Kalera atera eta Reikjavik City Hostelaren sarreran zegoen zelaian zehar hamar bat metro egin zituen errepide ondoko banderetara iritsi arte. Inguruan zuena begiratu eta abentura hastear zegoela konturatu zen.

Arnasa indartsu hartu… Eta lotara itzuli zen. “Nora hostia noa ni goizeko seiretan”.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka Youtube eta Spotifyn.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s