32 urteko musika friki baten bizipen eta kezkak

Posted on Updated on

1982an jaiotakoa naiz. Hogeita hamabi urte bete nituen abuztuan  eta gogoratzen dudanetik, musika beti egon da presente nire bizitzan. Gogoan dut umea nintzela gurasoek musika jartzen zutela astebururo tokadiskos zaharrean. Txandakatu egiten ziren diskoak aukeratzeko orduan eta amak Xabier Lete, Mikel Laboa, Antton Valverde edo Benito Lertxundi aukeratzen zituen bezala, aitak Silvio Rodriguez, Pablo Milanes, Victor Jara edo Lluis Jach aukeratzen zituen (aukeraketa hark nigan uste nuena baino eragin gehiago izan duela pentsatu izan dut maiz).

Gerora, aitaren diskoen artean nahasten hasi nintzen eta Phil Collins, Sting edo Tracy Chapman bezalako kantariekin topo egin nuen. Hamabi urte bete nituen egunean aldiz, amonak nire jakin mina piztu zuten bi kasete oparitu zizkidan. Lehena, Negu GorriakenHipokrisiari Stop!” Eta bigarrena, Su Ta GarrenMunstro hilak” (sekula ez dut jakin nork demontre gomendatu zizkion).

Bi kasete haiek entzun eta Negu Gorriakeko zuzeneko antologiko harrekin geratu nintzen Su Ta Garren kasetea apal batean ahaztuta geratu zen bitartean (nire geneetan zetorren dirudienez heaviarekiko axolagabetasuna…). Behin eta berriz entzun nuen kasete hura eta behin eta berriz pasa nuen atzera boligrafo baten laguntzaz (nola aldatu diren gauzak…). Ordura arte entzun nuenetik ezberdina zen musika hura eta egunero gertuago nuen nerabetasunaren hastapena doinu haiek erabiltzen hasi zen adin horien ezaugarri den jarrera ihardukitzailea bideratzeko.

Beste askok bezala, jainko moduan ikusten nuen osaba gazte bat nuen nik ere eta bere etxera joaten nintzenean, bere diskoak uzten zizkidan. The Police, The Alan Parsons Project edo Pink Floyden diskoekin bidaltzen ninduen etxera bueltan baina baziren beste batzuk “hau zuretzat gehiegi da” esan eta apalera itzultzen zituenak; Rage Against The Machine, Skunk Anansie edo Bad Religion adibidez. Bere gelatik atera eta beste zerbaitetan hasten zenean, hanka puntetan itzultzen nintzen apal amaiezin harren aurrera eta niretzat gehiegi ziren haiek hartzen nizkion bera konturatu gabe (ez dakit bera kontziente ote zen lapurreta haietaz). Berak utzitakoak itzultzera joaten nintzenean, gauza berbera egiten nuen lapurtu nizkionak bere lekuan uzteko.

Arrazoi edo zentzu gabeko errebeldia urteak izan ziren ondoren etorri zirenak eta gure kasuan, ez ziren makalak izan… Hala ere, bizi beharreko garaiak direlakoan naiz eta garbi daukat ez ginatekeela gaur garena izango urte haiek gabe. Munduari kontra egiteko garaiak ziren, protesta egiteko, arrazoituta edo arrazoitu gabe baina munduari gure inkonformismoa erakutsi beharrean ginen. Uneoro, jarrera edo arroparen bidez, aisialdian, eskolan gehienbat eta nola ez, musikarekin. Grungearen garaiak tokatu zitzaizkigun eta gu ere Nirvana, Soundgarden, Screaming Trees, Smashing Pumpkins edo Pearl Jamen zurrunbiloak irentsi gintuen. Arropa beltza, txima luzeak eta distorsioa nonahi. Ez nuke aipatu gabe utzi nahi hala ere, Brit Pop deitu zitzaionak guregan izan zuen eragina nahiz eta oso ezberdinak izan, Oasis edo Blur ere bidaia kide izan bait genituen.

Egun batean, musika talde bat sortzea erabaki genuen eta nola ez, gustuko genuen musika hura egiten hasi ginen. 16 urte genituen eta 21ak bete arte han eta hemen aritu ginen kontzertuak eskaintzen (maketa bat ere atera genuen). Grungea, Hip-Hoparekin gertatu zen bezala (non geratu zen Public Enemy?), industriak irentsi zuen eta pixkanaka, izaera eta ondorioz indarra, galtzen joan zen. Urte haietan, egunero entzun zitezkeen MTVn Nirvana edo Pearl Jamen kantuak eta hori izan zen agian mugimendu harren amaieraren hasiera. Metal berria deitu zitzaionak hartu zuen bere lekua eta korronteak eramanda moduan Sepultura, Soulfly, Korn, Incubus edo Machine Head entzuten pasa genituen egunak (ziur naiz nire gurasoen belarriek ederki eskertu zutela fase harren amaiera). Musika talde bat izateak ordea, leku ezberdinetan eta musikari ezberdinekin jotzeko aukera eskaini zigun eta komunikabideek eskaintzen zuten musika jarioaz gain, beste korronte batzuk ezagutzen hasi ginen. Fugazi, Nebula, Fu ManchuKyuss, Queens Of The Stone Age eta Slo Burnen urteak izan ziren haiek eta egiten genuen musikan eragin handia izan zuten gainera.

Egun batean, musikarako balio ez nuela ulertu eta nik ez nuen talentua zuten taldekideei ni gabe jarraitzen utzi nien (beno, taldea uztera gonbidatu ninduten). Horrezkero, musikarekin nuen harremana estutzen joan zen hoztu beharrean eta interneten agerpenak obsesio hura areagotu zuen. Mundu berri bat zabaldu zen nire muturren aurrean eta rock eskandinabiarra ezagutu nuen. The Hellacopters eta Turbonegro izan ziren urte haietako soinu banda eta hortik aurrera, aldapa behera hasi zen.

Konturatzerako, garai bateko gitarra indartsu eta ahots gogorrek ez zidaten gauza handirik esaten eta pixkanaka, lasaitzen joan nintzen. Azkenean, entzuten dugun musika, une horretan gure barruak eskatzen diguna da eta nahi edo ez, nire protesta eta errebeldia urteak amaitzen ari ziren. Ben Harper, Dave Matthews Band, Jeff Buckley, Anari… Musikaren baitan beste gauza batzuk apreziatzen hasi nintzen eta nahiz eta doinu gogorrak entzuten jarraitu, balio erantsi bat sumatzen nien taldeak izaten ziren.

Urte batzuk pasa dira ordundik eta gaur egun entzuten ari naizena Bon Iver, Sigur Ros, Damien Rice, Peter Broderick, James Vincent McMorrow edo London Grammar inguruan dabil beraz ideia bat egin dezakezue zein faseetan nagoen. Orain hamabi urte hogeita hamabi urterekin zer entzuten ari naizen esan balidate, ez nuke sinestuko eta horregatik, nahiago dut ez aurreratu berrogeita hamabirekin zer demontre entzungo ote dudan.

Guztiok dugu gure bizitzaren une bakoitzarekin harreman estua duen kurrikulum musikal hau (nolabait deitzearren) eta ikaragarria da nola kantu haiek entzutean une hartan nola sentitzen dugun gogoratzen dugun garbitasun osoz.

Igandean lagun artean bazkaltzen sentsazio horretaz hizketan ari ginela sortu zitzaidan post hau idazteko grina. Gaur egungo gazteen musikaz aritu ginen eta erabat zahartuak gaudela konturatzeaz gain, beste hausnarketa bat bultzatzeko balio izan zigun solasaldiak. Hamasei hemezortzi urterekin guztiok izan dugun jarrera ihardukitzaileaz aritu ginen eta nola adin horrekin, zure garaiko baliabideak erabiltzen dituzun errebeldia hori adierazteko. Guri, Grungearen garaia suertatu zitzaigun eta gu baino zaharragoak zirenek, ulertu ere ez zuten egiten zer mierda zen entzuten eta egiten ari ginen musika deprimente hori. Gero etorri zirenek, metal berria landu zuten eta guztiok teknologiaren aroa etorriko zela pentsatzen genuenean, indiea agertu zen.

Indiea entzuten dut, ez naiz ezkutatuko (oso termino zabala da eta gauza batzuk asko atsegin ditudan moduan, beste asko nire izate osoarekin gorrotatzen ditut). Indieak ordea, ez du jarrera kontestatariorik barnean, ez du mundua iraultzeaz hitz egiten eta ez zaitu zure lagunekin cromagnon baten moduan saltoka jartzen. Guretazt ondo egon liteke baina ez da adierazbide egokia mundua hankaz gora jarri nahi duen batentzat. Horregatik, eta gaur egungo musika hori bada, gaur egungo gazteak zer egiten duten galdetzen diot nire buruari. Gertura begiratu eta adin horretako gazteen erreferentzia taldeak RIP edo The Clash direla ikusten dut. Talde handiak biak zalantzarik gabe baina egunerokotasunetik oso urrun daudenak. Gu musika egiten hasi ginenean RIP zaharra zen dagoeneko eta The Clashekoak ezagutu ere ez genituen egiten gerora beraiekin asko gozatu badut ere. Gaur egungo gazteek (orotara) orain hogeita hamar urteko musika dute erreferente eta horren aldaera besterik ez da gaur hain modan dagoen Street Punk edo Oi! Deritzona. Benetan pentsatzen dut gaurko gazte batek egiten duen musika ez nuela ulertu beharko eta are gutxiago zaharkitu moduan pertzibitu.

Protesta egin nahi dute, mundu hau mierda bat dela oihukatu baina horretarako topatu duten tresna bakarra gu ibiltzen hasi aurrekoa da. Zerbait kale egiten ari da baina ez dakit zer den. Oilasko hegal haien inguruan entzun nuenagatik, ez nik eta ezta mahai inguru hartan zegoen inork ere. Hala ere, eta post honekin amaitzen ari naizela, orain arte kontuan hartu ez dudan aukera batek eztanda egin du nire buruan. Ez genuke ulertu behar gaurko gazteek egiten dutena eta musika eaguna egin eta zaharkitua iruditzen bazaigu ere, azken finean, ez dugu ulertzen zertan ari diren eta ezta zergatik egiten duten ere. Agian, bide onetik doaz…

 

 

PD: Ezin duzue imaginatu zeinen ondo pasa dudan kurrikulum musikal hau idatzi eta kantuak bilatzen beraz opari modua edo, hemen duzue ziur zuen gaztaroa ere gogoratuko dizuen Spotify zerrenda hau. Kontakizun honetan ordea, niretzat garrantzitsuak diren hainbat talde lekurik gabe geratu dira eta bonus track moduan gehitzea erabaki dut. Red Hot Cilli Peppers, Dut, Kerobia, Willis Drummond, Audioslave edo Spotifyn aurkeitu ezin daitezkeen El Corazon Del Sapo eta Geroh.

2 thoughts on “32 urteko musika friki baten bizipen eta kezkak

    Musika kurrikuluma « The Indezents said:
    7:07 pm 2014/12/14

    […] duzue “32 urteko musika friki baten bizipen eta kezkak” posta idaztetik osatu nuen nire musika kurrikuluma. Zurea entzutea ikaragarri gustatuko […]

    […] 32 urteko musika friki baten bizipen eta kezkak […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s