Finlandia (2. atala) – 2.13
HAMAR TRILOGIA I
INAUTERIETAKO INBASIOA
Tolosako inauteriak dira eta kalea jendez lepo dago. Goizeko laurak inguru dira eta koadrila bat taberna kanpo batean dago tabernara sartu aurreko azken zigarroa apuratzen. Gure protagonista, Aitor, 23 urteko ikaztegietarra, ginkas urtu bat eskuetan duela eztabaidan dabil Xabier Arzallus eta Dark Vaderren arteko borroka bat nork irabaziko ote lukeen. Hau guztia, Jaiaken erositako Pipi Lastrumen mozorroa soinean daramala.
Halako batean, zerua argitzen da kolpez eta kalean dagoen jende guztiak burua altxatzen du. Batzuk txaloka hasten dira su artifizialak diruditen horri begira. Beste batzuk aldiz, begiak zabal-zabalik dituzte. Azken hauetako bati kuba-rona lurrera erortzen zaio harriduraren harriduraz lurraren aurka hautsi arte.
Une horretan bertan su bola erraldoi batek ondoko etxea jotzen du eta dena hegan irteten da. Kalea kaosean murgiltzen da eta su bola erraldoiek Tolosako kale zein etxeetan jotzen jarraitzen dute guztia suntsituz. Zerutik, tximistez inguratutako laino beltz arraro bat gerturatzen da pixkanaka.
Bat-batean, gure protagonista trantze moduko batean sartzen da. Dardarka hasi da berak ere kontrolatu ezin duen indar batek hartuta. Energia aura ikaragarri bat pizten da bere inguruan eta tximista modukoak sortzen hasten dira aura eta bere gorputzaren artean. Hala ere, ez da bakarra. Ehun bat metro atzerago neska bati antzeko zerbait gertatzen ari zaio.
Su bolek erortzen jarraitzen dute dena suntsituz eta Aitor eta neska hartu dituen energia aura lasaitu egiten da. Bata besteari begiratzen diote eta beste inork ulertu ezin duena ulertu dutela dirudi. Bitartean, laino iluna zirudiena forma hartzen doa eta iluntasunetik espazio-ontzi estralurtar bat ateratzen hasten da. Batak besteari onarpen keinu bat egin eta hegan ateratzen dira espazio-ontzirantz.
Horrela doa orain arte Finlandia.
Eta horrela non-original soundtracka Spotify eta Youtuben.
Atal zaharretako soinu bandak eta gehiago, hemen.
Eta Finlandia fisikoki eskuratu nahi baduzu, pasa dendatik.