online nobela
Finlandia (Non-Original Soundtrack)
Oso garrantzitsua da musika Finlandian eta horrela erakusten du Txominek ia ahoa irekitzen duen bakoitzeko. Horregatik, Online nobelan zehar agertzen den musika nolabait bildu beharrean nintzela erabaki nuen argitaratzen hasi aurretik. Spotify zerrendetan pentsatu nuen lehendabizi (eta prestatuko ditut atal bakoitzaren amaierarako) baina azkenaldian, bideokliparekin lantzen ari naizen lotura dela eta alde batetik, eta eta erosotasunagatik bestetik, Youtuben ere Finlandian ageri diren kantuak biltzen joatea erabaki dut.
Zatitxo bat argitaratzen dudan bakoitzean bertan ageri diren edo pasarteak iradokitzen dizkidan kantuak gehitzen joango naiz helbide honetan bertan. Gozatzea espero dut. Hemen dituzue orain artekoak:
Finlandia (1. atala) – 1.4
Suncamp handia bizkarrean eta Quechua txikia eskuineko sorbaldan, “A ze pisua duten… Bi aste horrela? Baja eskatu beharko dut lanera itzultzean…”. Hankarekin atea erdizka ireki eta zeharka sartzen saiatu zen, Suncampa atean trankatu zitzaion. Geltokitik ateratzen ari zen emakume batek laguntzeko keinua egin zion baina orpoarekin ateari kolpe bat eman eta atetik sartzea lortu zuen ahal izan zuen duintasun guztiarekin.
Trenbidearen azpiko igarobidetik pasa eta bere trena hartuko zen nasara iritsi zen Txomin. Zortea izan zuen eta eskailerak igo bezain pronto topatu zuen eserlekuan ez zegoen inor. Metalezko banku gorri “erosora” bota zituen bere bi bidaia kideak “Bai, zuetaz potrotaraino bukatu behar dut”.
Eserlekuan eseri eta aldamenetara begiratu zuen. Makina bat jende zebilen geltoki txikian zehar. Pare batek aurpegian idatzita zeramaten lanera bidean zirela baina gainontzekoek oporretara abiatzeko itxura osoa zuten, Txominek bezalaxe. Giro alaia sumatzen zen Zumarragako geltokian abuztuaren hiruaren goiz hartan. Ordularira begiratu eta trena iristeko ordu laurden falta zela ikusi zuen. Motxilatik iPoda atera eta bidaia handi honetan entzungo zuen lehen diskoa zein izango zen erabakitzen hasi zen.
Musikarako zaletasun ikaragarria zuen Txominek, apur bat frikia izatera iritsi arte. Zer demontre? Oso frikia! Ezagutzen zuen pertsona bakoitzari kantu bat oparitzen zion eta! Ez zien hartzaileei ezer esaten baina bere buruan “Honentzat, kantu hau” pentsatzen zuen. Pertsona bakoitzak bere doinua zuela defendatzen zuen beti. Itxura edo izaerek ere bere melodia zutela eta egunerokotasunean ezagutzen zuen jendeari, berea biltzea gustatzen zitzaion.
Nerabezaroan hainbat musika taldeetan aritu zen kafrearena egiten Txomin. Instrumenturik jotzeko gaitasunik ez zuen sekula izan baina kantari moduan… Beno, moldatzen zen. Kantua ez zen bere dohainetako bat baina eskenatoki gainean mugitzen zekien eta ederki pasatzen zuen gainera. Hogeita bi urte bete zituen egunean ordea, musika uztea erabaki zuen. Edo berak esaten zuen moduan, “Musikak utzi ninduen ni”. Harrezkero musika entzun, bildu eta musikaz idaztean jarri zituen bere indar guztiak. Inork gutxik irakurtzen zuen bere blog malapartatua baina Txomini ez zitzaion axola. Munduko webgunerik garrantzitsuena izango balitz moduan idatzi eta zaintzen zuen artikulu bakoitza. Musika maite zuen baina are gehiago idaztea eta artikulu haiek, bi maitasun horiek uztartzeko aukera eskaintzen zioten.
Arcade Fireren azken lana bero-bero zuen iPodean baina disko harren lehen entzunaldirako denbora gehiago behar zuela erabaki zuen. Azkenean, Fanfarloren Reservoir izan zen hautatua. “Nola demontre sortu daiteke halako zerbait debut lan batean? Ez dut uste disko honetaz sekula nazkatuko naizenik…”
I’m a Pilot amaitzen ari zela aldameneko bankuan kontu-kontari zebiltzan bi neskek tranzetik atera zuten Txomin. Bost maleta zituzten bien artean eta bostak ziren Txominen Suncampa baina handiagoak “Zer demontre eramango ote dute emakumeek maletetan… Espero dut hauek ere hegazkin baten bila ez joatea oporretarako dirua maletak fakturatzen xahutuko dute bestela”. Ondoan, gizon bat ikusi zuen maleta txiki gurpildun batekin, “Hau hondartzara doa fijo!” Hamar gradu inguru, xirimiria eta tipoa koadrodun bermuda zuri-beltz eta mahuka motzeko kamiseta zuri bat jantzita. “Gutxienez Ibizara… Beach Houseren edozein honentzat… Konjunto elegantea ikusita, Zebra adibidez” Bat-batean, oihuka hasi zen tipoa maleta askatu eta bi besoak altxatuz. Trenbidearen beste aldean bere lagun bat agertu zen eta hark ere tontoarena egiten erantzun zion. Bazirudien oporretarako arropa batera erosi zutela “Hoik dittuk piurak…“. Trenbidearen igarobidean barrena murgildu eta iristean besarkada gozo bat eman zioten elkarri “Nik uste hauek lagunak baino gehiago direla…“ .Ipoda itzali eta Islandiako esperientzian zehar produktiboen suertatuko zitzaion liburua atera zuen Quechua txikitik; Español – Inglés, Inglés – Español Collins Hiztegia.
Inorri onartu ez bazion ere, beldur apur bat sortzen zion bere ingeles maila penagarriak aurretik zuen bidaiari zegokionean. Komunikaziorako erraztasuna zuen Txominek txikitatik baina horrekin bakarrik ezin daiteke miraririk egin. Txominen ingelesa eskolan ikasitako gutxira eta kantuen izenburuetara mugatzen zen eta horrekin soilik, oso zaila izan behar zuen behar den bezala komunikatzea. Sekula ez zuen ikasketekin arazorik izan baina ingelesa eta matematikak bere kryptonita izan ziren beti. Haurtzaroan higuina sentitu zuen bi ikasgai hauengatik eta ez zuen sekula ezer egin hori aldatzeko, “Erroak kalkulatzeko kalkulagailuak eta ingelesez komunikatzeko… Google Translator!” esaten zuen beti.
Hiztegi nahiko ona zuen baina ez zen gai esaldiak eratzeko. Bere azken ingeles irakasleak esan zion bezala, “adreilu mordo bat dituzu baina zimenduak falta zaizkizu”. Gauzak horrela, westernetako indioen moduan hitz egiten zuen eta segurtasun gehiago izateko, beti orainaldian. Hori bai, ez pentsa ingelesa hitz egiteak lotsa ematen zionik. Ezta gutxiago ere! “Ez dago ezer garrantzitsurik rock kantu batean esan ez denik!”
Hiztegian reserva nola esaten zen begiratzen ari zen bitartean Eneritzi oporretan Islandiara bakarrik joan behar zuela esan zion egunaz oroitu zen:
-Eta nola demontre komunikatu behar zara?
-Ez dakit ba, moldatuko naiz… – erantzun zion Txominek barre algaren artean.
Eneritzek zulo txiki batetik gustura ikusiko lukeela aitortu zion Txomini barrezka. Berak ordea, zulo txiki batekin, ez luke sekula nahikoa izango Eneritz ikusteko…
Eneritz burutik kendu nahian hiztegi txikitik begirada altxatu eta bere inguruan jendea mugitzen ari zela konturatu zen. Bartzelonara eramango zuen trena iristen ari zen.
Orain arte, horrela doa Finlandia.
Finlandia (1. atala) – 1.3
Inbentarioa amaitu eta bi motxilei begira geratu zen zutik ohe ondoan. Bi fardel horiek izan behar ziren bere bidaikide bakarrak aurretik zituen hamabost egunetan. Islandiara bidean zen eta ezin zuen sinetsi. Ezin zuen sinetsi behingoz bere bizitzan bere kabuz zerbait egiten ari zenik.
Ohe ondoko tiradera ireki eta amak hamasei urte zituela institutuarekin Amsterdamera joateko oparitu zion larruzko zorroa hartu zuen. Gerrikoari lotu eta galtzen azpian joaten den horietako bat zen. Bakarrik ekin behar zion bidaiari eta badaezpada ere dirua eta dokumentazioa bi leku ezberdinetan gorde nahi zituen “Bazpadaere…”. NANa diru-zorroan eta pasaportea eta ehun euro ezkutukoan.
Zorroa bere lekuan sartu, Suncamp handia bizkarrera bota eta Quechua txikia ohetik altxatzen ari zenean aita atetik sartzen entzun zuen. Berak eraman behar zuen Zumarragako geltokira autoan.
Une hartan, etxekoei Islandiara joateko erabakia azaldu zien eguna etorri zitzaion burura. Negar ederrak bota zituen amak. Hala ere, hori ez da arduratzekoa Lisa Simpsonen lagun saxofonista hil zenean ere negar egin baitzuen… Iluntze batean esan zien, afaltzen hasi aurretik. Etxeko laurak zeuden mahaiaren inguruan eserita eta ahots astunez jakinarazi zien berria erabaki garrantzitsuak komunikatzen diren bezala prentsaurreko baten moduan ia-ia. Aita haserretu egin zen eta anaia barrez lehertzen hasi – Joder! Seriotasun horrekin armariotik atera behar hintzela pentsatzen nian – momentu hartan isilik egoteko keinua egin zion modu txarrez Txominek anaia txikiari baina gerora, eta sekula onartu ez bazion ere, asko eskertu zion berria halako arintasunarekin hartzea. Aitak ez zuen ezer ulertzen – ¿Sólo? ¿A Islandia? ¿Para qué? – eta amak bere esaldi antologiko haietako bat bota zion malko artean: “Soldaduska falta zaik! Lehen mutilak soldaduskara joaten zituan gizon egitera, orain beste zerbait falta zaizue!”. Barrez hasi ziren orduan bai Txomin eta baita anaia Martin ere. Islandiara eramango zituen motxilei begira zegoen une hartan ordea, amak uste zuena baina arrazoi gehiago izango ote zuen galdetu zion bere buruari.
-Bueno, Txomin. ¿Preparado?
-Si aita. Vamos.
Etxekoak bina musuz agurtu eta amari herriz mugitzen zen bakoitzean deituko zuela hitz eman zion. Negar malkoka agurtu zuen amak anaiak barre konplizez begiratzen zion bitartean –Disfrutatu! – esan zion. Ez zen hitz askokoa Martin baina gutxitan esaten zituen alferrik. Oso ezberdinak ziren biak baina hala ere, oso ondo moldatzen ziren.
Motxilak autoan sartu eta Zumarraga aldera abiatu ziren aita eta biak. Ez zuten hitz askorik egin bidean eta Txominek jakin bazekien arduratuta zegoela bere semeak burutu behar zuen periploarekin. Egia esan, bera ere arduratuta zegoen aurretik zuen abenturarekin eta lehen aldiz atzerrira bakarrik joateak beldur apur bat ere ematen zion. Ez zen ordea hori barruan zuen gauza bakarra. Hankako hatz puntetatik buruko azken ilera arte zeharkatzen zuen zirrara bat sentitzen zuen eta horrek, beldur guztiak desagertarazten zituen. Gainera, mundu osoko kriminalitate tasa baxuenetakoa zuen herrialde batera bidean zen, “Mesedez!”
Zumarragako geltoki kanpoan dagoen aparkaleku zabalean autoa utzi eta motxilak maletategitik atera zituzten. Aitak Suncamp handiari lotuta zegoen zakuan jarri zuen arreta eta apurtutako gakoa heldu zuen Txomini begira – Sí, se me ha roto – erantzun zion garrantzia kendu nahian. Aitak amore ematen duenaren begirada batekin erantzun zion. “Si se te ha roto hasta esto ¿qué coño vas a hacer solo en Islandia?” edo halako zerbait pentsatzen arituko zela pentsatu zuen Txominek. Kontuz ibiltzeko esan zion aitak, noizean behin deitzeko, eta mezu elektronikoren bat ere bidaltzeko, egunero begiratuko zuela posta. Baietz erantzun zion guztiari Txominek eta bi musu eman ondoren, bi fardelak gainean zituela urruntzen hasi zen – Ondo pasa! – bota zion aitak eta Txominek irribarre batekin erantzun zion bere bidean etenaldi bat eginez. Gutxitan hitz egiten zion euskaraz aitak eta guztiak oroitzen zituen Txominek. Gutxi izan zirelako agian, edo une garrantzitsuetan esanak izan zirelako ziurrenik. Mark Knopflerren Sailing to Philadelphia kantua etorri zitzaion burura. Ez zekien zergatik baina kantu hark bere aita gogoratzen zion beti, eta alderantziz. “Hori da bere doinua”.
Orain arte, horrela doa Finlandia.
Finlandia (1. atala) – 1.2
1. EGUNA
2010EKO ABUZTUAK 3
(ASTEARTEA)
-Aaaaaaaaaaaatxuaaaa!!! – Logela guztiak lurrikara bat jasan zuen doministikuaren ondorioz eta ez, ez naiz bere doministikuen potentzia puzten ari. Txominek doministiku egiten duenean, Pazifikoan tsunami bat sortzen da.
Urteko garai horietan beti alboan zuen klinex paketetik musuzapi bat atera, mukiak kendu eta beste tsunami bat sortu zuen Indikoan, “alergia madarikatu honek akabatu egingo nau…”. Ez zen esnatzeko modurik egokiena. Are gutxiago aurretik halako egun luze bat zuenean. Egun hartan bertan hasi behar zuen bere bizitzako bidaiarik garrantzitsuena, aberasgarriena, gizon egingo zuena… Beno, opor puta batzuk besterik ez ziren baina nahi edo ez, bazuten zerbait berezi egiten zituena. Bakarrik joan behar zuen Islandiara hamabost egunez eta hori, ez da egunero egiten den zerbait. Ohetik altxatu, armarioko atea ireki, galtzontzilo bat hartu, buruan jarri eta dutxara abiatu zen.
Gaueko 23:25etan zuen hegazkina Bartzelonako El Prateko bigarren terminalean. Horren aurretik ordea, “Fak de jel horren aurretik… “. Zumarragara autoan joan, 8:35eko trena hartu eta behin Santseko geltokian (…eta ez zekien nola hostia) El Prateko bigarren terminalera iritsi ia gauerdian Keflavíkeko aireportura eramango zuen hegazkina hartzeko. Jende arruntak bidaiaren zehaztasun hauek aztertuak eta zehaztuak izango lituzke bidaiaren egunerako baina Txominek ez zuen horrelako gauzetan denborarik galtzen. Txomin Indiana Jones moderno bat zen. Beno… modernoa gehiago Indiana Jones baino…
-Aaaaaaaaaaatxuuaa!!! Hala, beste ez dakit zenbat mila hildako nire kontzientzian…
Pijama eskuan eta galtzontzilo garbiak jarrita atera zen komunetik. Ez zen metro eta hirurogeita hamabostera iristen baina zenbat neurtzen zuen galdetu ezkero metro eta hirurogeita hemezortzi erantzuten zuen beti. “Gezurra ere ez da” pentsatzen zuen beti. “Neurtu ninduten azkenekoan horrelako zerbait esan zidaten”. Ez zuen axola neurtu zuten azken egun hartan medikuak neurtu ez izanak, neurtu zuena bere koadrilako Unai izateak, neurketarako erabilitako tresna lanetik poltsikoan zuen metroa izatea edo egun hartan Mikel Abrego betaurrekorik gabe baina itsuago egoteak. Metro hirurogeita hamazortzi eman zuen eta listo! Pisuari dagokionean laurogeita hamasei erantzuten zuen beti baina hori, neurtu zuten azken eguneko itsua gainean izanda ere ez zuen sinetsiko.
Asteak zeramatzan izotz eta suaren lurraldera eramango zituen motxilak nola antolatu pentsatzen baina azkenean, eta betiko moduan, aurreko egunean prestatu zituen, “luze joan zen azkenean asteleheneko poteoa kar kar kar”. Bi motxila izango zituen bidaia kide aurretik zuen eta bizitza aldatuko zion bidaia katartiko hartan. Bi motxilak ohe gainera bota eta arretaz begiratu zituen. Alde batetik, Suncamp motxila erraldoia.
Bertan, arropa guztia sartu zuen. Zazpi galtzontzilo “Bana bi eguneko”, bost barruko kamiseta “Eramango nituzke gustura bana bi eguneko baina ez ditut hainbeste…”, lau galtzerdi pare “Bakarrik noa, mokofinen bat alboan tokatu ezkero hartu dezala segurtasun perimetro bat. Ekonomizatu egin behar da!”, bi toalla “Dutxarako bat eta Islandiako ur-berodun igerilekuetarako beste bat”, pare bat sandalia, Jazpanako kotoizko kaputxadun jertsea, zazpi kamiseta; Pearl Jamena, Ordiziako Rugby Elkartearena, Beasaingo Gaztetxearena “Zulo bat du, ez dio axola…”, Sallent de Gallegoko Pirineo Sur Jaialdian erosi eta ¿Cenamos? jartzen zuen hura “Atsegin dut hau”, Sorry for being so fucking sexy dioena “…eta ikaragarri hau”, Montrealera eskatu zuen Arcade Firerena “Ilunetan distira egiten du, horrek zure alde egin dezake hil hala biziko egoera batean”. Amaitzeko, Arte Ederretako Leioako Campuseko 2002ko promozioarena “Zein itsusia den… Saldu zidan neska ordea… Aiiii…”. “Denak beltzak? Standstillen berdea hartuko dut, ez dut triste itxurarik eman nahi. Gainera, kamiseta honekin Enric Montefuscok bezain beste molatzen dut. Hori posible bada behintzat…”. Bainujantzia, beste kaputxadun jertse bat bazpada ere, galtza motzak “Nork daki!” eta eskiatzera joaten zenean erabiltzen zuen zira polarduna “Banandu egin daitezke, muturreko teknologia!”. “Eta hostia!” oihukatu zuen bere barrenerako, “Banoa ia-ia pijamarik gabe berriz ere”. Galtza luzeak eta Mihiluzera joandakoan oparitu zioten kamiseta “Barregarri geratu ginen gero… Paloposti! Paloposti! Ez zen hain zaila ere hostiaputa…”. Bakeroak jantzita zituen eta baita mendiko botak ere, ez zitzaion ezer falta.”Hostia! Zakua!”
Zakua hartu eta Suncamp gorri eta grisari lotu zion. “Kaka” Zakua lotzeko bi gakoetako bat apurtu zuen bere berezko abileziarekin. “Zintzilik iritsi beharko da ba” esan zuen marmarka bere ama gelan sartu zenean.
-Egunon Txomin, prest al duzu dena? Aita ogia eta egunkaria erostera joan da. Hemen izango duzu bost minutu barru.
-Inbentarioa egiten ari naiz ama! Utzi bakean orain!
-Uii uii uii –Bota zuen patxadaz bere burua asko maite duen baten keinuak eginez eta ia-ia bals bat dantzatuz –umore txarrez esnatu zaigu gaur señoritoa… – Esan zuen irribarre gozo batekin balsarekin jarraituz pasiloan zehar urruntzen zen bitartean.
– Motxila txikia! – jarraitu zuen inbentarioarekin.
Bigarren motxila Quechua txiki laranja bat zen. Urtean behin erabiltzen zuen gutxi gorabehera. Udan izaten zen hori ia derrigortuta lagunekin Orioko hondartzara joaten zen egunean. “Hondartza… Hare kroketak ur gazitan egosten… Nola gustatu dakioke hori inorri?!”. Quechua txikian bere biziraupenerako beharrezkoak izango ziren gauzak sartu zituen.
45 giga musika barnean zituen iPoda, hiru liburu (Katherine Nevilleren El Ocho, Kirmen Uriberen Bilbao – New York – Bilbao eta Peter Haningek bildutako mozkorraldi irlandarren ipuin bilduma, Beber para contarla). “Nahikoa izango ote dira? Beharko, ez dira gehiago sartzen…” Argazki makina, kaxa elektrikoa (mugikorraren kargatzailea, argazki makinaren kargatzailea, tripode txiki bat, iPodaren kargatzailea eta entxufe-USB egokitzaile bat iPodaren kargatzailearentzat), hamar klinex pakete “Ez naiz inor klinexik gabe”, eguzkitako betaurrekoak, aitak oparitutako egunerokoa, lau bolaluma, Islandiako bi gidak (Guía Azul – Islandia eta Lonely Planet – Países Escandinavos), Español – Inglés, Inglés – Español Collins hiztegia eta Guía de conversación ESPASA en inglés liburuxka. Berriz ere zerbait ahazten zitzaionaren sentsazioa izan zuen. “Hostia puta! Karpetatxo berdea!”. Bertan tren eta hegazkinerako txartelak, aterpetxeetako erreserbak eta bidaiaren egutegia zituen.
Orain arte. horrela doa Finlandia.
Finlandia (1. atala) – 1.1

HITZAURREA
Ehundaka istorio idazten hasia zen, hasia besterik ez. Ehundaka bizipen imaginatua, imaginatua besterik ez. Zerbait handia idatzi nahi zuen, zerbait handia bizitzeko gai ez zelako. Mundua aldatuko zuen zerbait idatzi nahi zuen, inguruan zuen mundua ulertzeko gai ez zelako. Sakatzean, bere bizitza kolpez baretu eta zentzuz jantziko zuen botoiaren bila zebilen.
Forma eman nahi zion eta batzuetan, izena izatera ere iritsi zen. Orriak eta egunak pasa ahala ordea, zentzua galtzen zuen. Zerbait kontatu nahi zuen eta bazekien zer baina, oso zaila egiten zitzaion hitzekin azaltzea. Batzuetan, guztiak zentzua hartu zuela iruditzen zitzaionean, behatz artetik ihes egiten zion.
Hasiera, disko gogorreko karpeta galdu batean gordea zuen baina, bukaera falta zitzaion. Burugogorra zen eta erabakia hartua zuen. Ez zuen ezer idatziko bukaera jakin arte, amaierara iritsi eta bere begiekin botoi madarikatu hura ikusi arte. Ezin da ezer kontatu nora doan ez badakizu…
Ez zen konturatzen ordea, bere buruari “nora” galdetzen zion bitartean, erantzuna beste galdera bat besterik ez zela: “zer”. Askotan, galderak, erantzunak baino bidaiakide aberasgarriagoak izan ohi direla.
Hori bai, bidaiatzeko, abiatu egin behar da lehendabizi.
Orain arte, horrela doa Finlandia
- ← Aurrekoa
- 1
- …
- 5
- 6
