1. atala

Finlandia (1. atala) – 1.25

Posted on

FLAG Finlandia

 

Oporretara bakarrik joateko erabakia indarra hartzen hasi zen nahiz eta buruan bidaia irudikatzen edo antolatzen hastean, irrealtasun zantzu bat izaten jarraitzen zuen. Erabaki itxia zen baina irekiune bat zuen nonbait. Zerbaitek kale egiten zuen eta nire buruarekin zintzo  jokatzen nuenean, lotsa puntu batez onartzen nion azkenean, ez nuela potrorik izango abenturari ekiteko.

Milaka webgune bisitatu nituen Finlandiaren inguruko informazio bila eta beti topatzen nuen aitzakiaren bat bidaia alde batera uzteko (hiri gehiegi hamabost egunetan  bisitatzeko, desplazamendu luzeegiak, garraio garestiak, hegaldi oso garestiak, unikornio adar birrinduz eginak behar zuten izarez estalitako oheak…).

Hamabost egunetan Finlandian zehar burutzeko milaka ibilbide ezberdin planifikatu nituen baina guztiek zuten ibilbide berri baten bila jartzen ninduten akatsen bat. Eta akatsik ez bazuen, asmatu egiten nion. Begiratzen nuen webgune bakoitzeko urrunago ikusten nuen Finlandia eta pentsatzen hasia nintzen oporretara bakarrik joateko erabakia inori kontatu ez nionez, oraindik atzera botatzeko aukera nuela.

Halako batean ordea, eta ez dakin nola, bideo batekin topatu nintzen sarean. “Inspired by Iceland” izena zuen eta Islandiako gobernuak 2008ko krakaren ostean turismoa indartzen hasteko martxan jarri zuen kanpaina turistiko baten barnean zabaldutako iragarki bat zen. Emiliana Torriniren islandiarraren “Jungle Drum” kantua barruraino sartu zitzaidan eta bideoa ikusten ari nintzen bitartean idaztean sentitzen nuen zirrarara sentitu nuen gorputz osoan zehar. Glaziarrak, geyserrak, lur zati amaiezinak, ipuin batekoak ziruditen lekuak, Hallgrímskirkjako eliza, jende zoriontsua, neska zoragarriak… Bideo hasieran ageri den neskak zeramana bezalako jertse batekin ikusi nuen nire burua leku eder guzti haiek ezagutzen. Emiliana Torriniren kantua amaitzean, ahoan aspaldi izan ez nuen irribarre bat nuen.

Konturatu gabe, pentsatu gabe, erabakia hartua zegoen. Erabaki harri falta zitzaion itxiturak borobila osatu zuen bat-batean. Islandia ez zen Finlandia baino merkeagoa baina ez zuen axola, Reykjavikeko publizista abilen batek prestaturiko bideo hark bere helburua bete zuen nirekin. Islandia zen nire ametsetako bidaiari falta zitzaion elementua eta bideo hori zorte hutsez topatu izanak magia ukitu bat erantsi zion erabakiari. Patua zen. Nahiz eta sekula ez nuen halakoetan sinetsi.

Islandiaren inguruko informazio bila hasi nintzen orduan eta zenbat eta gauza gehiago begiratu zirrara handitu egiten zen nire barnean. Emiliana Torriniren diskografia osoa jaitsi nuen saretik eta bere “Me and Armini” diskoa entzuten pasa nuen aste bete. Aurretik Islandian egondako lagun edo ezagunak lokalizatzen hasi nintzen lehen eskuko informazioaren bila eta konturatzerako, izotz eta suaren lurraldera bakarrik nindoala ez zen sekretu bat.

Gutxi gora beherako ibilbidea pentsatu eta hegaldiei begira hasi nintzen. Nahiz eta egun konbinazio ezberdinekin saiatu, 380 eta 400 euro tartean aurkitzen nituen guztiak eta apur bat itxarotea erabaki nuen. Gauzak horrela, asteazken buru-zuri batean, eDreamseko bilatzailean eguneroko kontsulta egiten nebilela, 235 euroko hegaldi bat agertu zen nire muturren aurrean. Abuztuaren hirutik hamazortzira. Garaipen oihu batek ere ihes egin zidan eta Komando Secretarias osoa barrez hasi zen bitartean,  bere burua estatu-gizontzat zuen zinegotzi motzak erremediorik ez duenari botatzen zaion begiradetako bat oparitu zidan “Ez dakizu zein gustura egon behar naizen zu bezalako artaburu bat egunero ikusi gabe”.

Hegaldia erosi eta sentsazio arraro batek hartu ninduen. Egia zen, ez zegoen atzera bueltarik. Bakarrik joan behar nuen oporretara. Bakarrik joan behar nuen Islandiara.

Orain arte, horrela doa Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.24

Posted on

Pixkanaka leihatilara gerturatzen hasi zen Txomin eta bilbotarrak kanabera guztiak fakturatzen amaitu zuenean, errugbi baloi erraldoi batean mutatu zuen Suncamp handia maletak pisatu eta hegazkinerako bidea hasten duten pasabidean jarri zuen.

Behin maleta handia fakturatuta Quechua txikia hartu eta ohiko kontrolak pasa behar izan zituen. Tokatu zitzaion emakumezkoari ez zitzaion Txominen kaxa elektrikoa gustatu eta irekitzeko eskatu zion. Harridura aurpegiarekin ireki zuen Txominek eta kargatzaile eta egokitzaileak besterik ez zirela azaldu zion. Hala ere, emakumeak eskua sartu zuen kaxan bonba baten kableak maneiatzen dituenaren zuhurtasunarekin. Azkenean, kaxa itxi eta aurrera egiteko esan zion. “Banoaa tio! Banoa Islandiara!”.

Irribarre bat ahoan zuela bere atearen bila hasi zen. Sarreratik oso gertu zegoen korridore baten amaieran irekitzen zen gela handi batean topatu zuen. Lau bat ate zeuden bertan eta horietako bat zen bere hegaldiarena. Eserleku batean eseri eta bere ilara kide gehienak dagoeneko bertan zeudela konturatu zen “Hauek ez zuten bonba kaxarik gainean…”.  Mugikorra poltsikotik atera eta gaueko hamarrak bost gutxi zirela ikusi zuen nahiz eta bere buruari onartu zion moduan, ez zen ordua LG txikian bilatzen ari zena “Nahikoa dek hostia!”. “El Ocho” atera zuen Quechua txikitik itxaronaldia entretenigarriago egiteko asmoz eta dagoeneko, liburu mardularen laurden bat irakurria zuela kontura zen “Ez, ez da nahikoa izango hiru libururekin eta bai, oso gaizki erortzen ari zait protagonista”.

Alboan zuen ateetako batetik zetorren iskanbilak eten zuen liburuari eskaintzen ari zen kontzentrazio urria. Berrogeita hamar bat gazte ilehori atera ziren bertatik korrika eta oihuka hooligan samalda baten moduan. Salou           edo halako lekuren batera joateko traza guztiak zituzten eta bisonte talde baten moduan pasa ziren terminaletik. Korridoretik desagertzean, hautsa ere harrotu zutela iruditu zitzaion Txomini.

Gela handi hartan zain zeuden guztiak ilehori samalda irentsi zuen korridoreari begira geratu ziren ahoa erdi irekita. Bat-batean, Txominen  atea ireki zen. Bertatik lasaiago irten zen jendea. Ilehoriak ziren gehienak oraingoan ere baina ez zuen gazte mozkorrik topatu beraien artean. Familia osoak alde batetik, jubilatu koadrila handi bat eta gazte gutxi batzuk.

Keflaviketik zetorren Icelandair konpainiaren FI597 hegaldiko bidaiariak ziren. Hegazkin horrek berak eramango zuen Txomin Islandiara. “Haiek hona eta gu hara…”. Nahi gabeko oporretako truke programa bitxi hartan pentsatzen eman zituen lau segundo.

Orain arte, horrela doa Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.23

Posted on

Konturatzerako, ontziratzearekin hasiak ziren hogeita hamabigarren leihatilan agertu ziren bi hegazkineko laguntzaileak.

-Debe ser un país muy tranquilo- Esan zuen bilbotar bizardunak kanaberak ahal zuen bezala aurrerantz bultzatzen zituen bitartean.

-Eso parece sí…- Erantzun zion Txominek hizketarako gogo gehiegi geratzen ez zitzaiola. “Bagoatz! Ontziratzen ari gara! Islandiara noa tio!”

-Por lo que he leído además…- Kanabera bat erori zitzaion sorta guztia beso artean zerabilela – En esta época del año amanece hacia las dos de la mañana. Quizá tengamos suerte y veamos la Aurora Boreal. Es la mejor época del año para eso…

-Ahora mismo amanece hacia las cuatro de la mañana y ya es tarde para ver la Aurora en Islandia- Moztu zuen hiru metro aurrerago zuten azentu hegoamerikarreko mutil gazteak. Ondoan, bere doinuaren zonalde berdinekoa zirudien eta buru bat ateratzen zion neska beltzaran bat zuen. Mutilak ordea, ez zuen itsasoaz beste aldekoa izateko batere trazurik. Eskuan zuen pasaporteari begiratu zion Txominek, “Island!”.

-¿Eres Islandes?- Galdetu zion bi aldiz pentsatu gabe. Harridura aurpegia erabat zehazterako irribarre batez eta pasaportea altxatuz baietz erantzun zion islandiar gazteak.

– jajaja Sí sí, soy islandes.

-¿Pues  hablas muy bien castellano!

– Sí, eso es culpa de esta- Esan zuen aldamenean zuen neskari begira. Neska erraldoiak ere barre egin zuen. Kolonbiarra omen zen eta Kanariar irletako hotel batean lanean ari zirela ezagutu omen ziren. Zazpi urte pasa omen ziren egun hartatik. Maitasunez begiratu zuten elkar. Urte erdia Kanarietan eta beste erdia Islandian igarotzen zutela kontatu zieten. Udako hilabeteak pasatzera joaten ziren Islandiara negua oso gogorra egiten zitzaiolako Luciari. Izen horrekin aurkeztu zitzaien neska Txomin eta arrantzaleari. Mutila ere aurkeztu zen baina bere izena errepikaezina egin zitzaion. “Grufsstaagh… Zaila izan behar du izenak ikasteak… Eyjafjallajökull esaten behintzat ikasi behar dut ba!

Izen ahoskaezineko gazte islandarrak bere herrialdera joateko garai hoberena aukeratu zutela azaldu zien nahiz eta Aurora Boreala ikusteko berandu izan. Urte osoan gertatzen dela kontatu zien baina oso zaila zela udan ikustea. Garairik egokiena negu eta udazkena izaten zirela. Batazbeste, hamalau bat gradu izango zituztela ere esan zien eta urteko garai hartan gaueko hamaikak aldera iluntzen zuela.

-Bueno, pues no podremos ver la Aurora pero ya que te tenemos aquí, podremos aprovechar para pedirte algun consejo sobre qué ver. ¿Verdad? – Erantzun zion Txominek irribarre batez.

Gustu onez onartu zuen eskaera eta hizketan ari zela bere herrialdearekiko harrotasunez puzten joan zen. Makina bat leku aipatu zituen baina gehienak agendan zituen dagoeneko Txominek: Gullfoss, Dettifoss, geyserrak… Ez zen originalegia izan eta ez zuen primiziarik eskaini. Hala ere, leku horiek ikusteko grina areagotu zion Txomini.

Orain arte, horrela doa Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.22

Posted on

Gehienek oporretara joateko itxura zuten. Familia oso bat maleta kamioikada bat ondoan zuela, lau jubilatu oihuka hizketan eta aita-semeak diruditen beste hiru eski eta guzti “Ez nekien Islandia eskirako leku egokia zenik… ”. Ilaran bere aurrean suertatu zena berrogeita hamar bat urteko gizon ilezuri bizardun bat zen eta arrantzarako kanaberak ziruditen bost bat poltsa zituen aldamenean. Bere albora iristean atzera begiratu zuen arrantzaleak.

-Hola… – Esan zion.

-Hola… – Erantzun zion Txominek

Buelta erdia eman eta aurrera begira jartzera zihoan baina zirudienez hau ere asper-asper eginda zegoen eta buelta erdia amaitu bezain pronto Txomini begira jarri zen berriz ere aldakan malguki bat izango balu moduan “Hori bai aldaka operazioa eta ez nire amonari egin ziotena”.

-Vaya cola ¿he? – “Joder, elkarrizketa osoak sakontasun maila hau izan behar badu…”

-Pues si la verdad. Y teniendo en cuenta que no son ni las nueve y media… – “Nik ere dominatuak ditu igogailuko elkarrizketak”.

-¿Que vas? ¿A Islandia? – “No, suelo venir a las colas de enbarque porque me llena por dentro…”

 – Pues sí- Bukatu zitzaion kuerda Txomini. “Ona naiz baina ez hainbesterako”

-La verdad es que es precioso.

-¿Ha estado alguna vez?

-No pero he visto fotos-  “Joder, beste Indiana Jones bat…”

-Yo tambien he visto algunas y parece increíble. Estoy deseando llegar… ¿Usted que va? ¿A pescar?-  “ Capitan obvio al rescate!

-Sí. Me han dicho que hay unos salmones la hostia de enormes- “La hostia de enormes?” Bilbotik berrehun kilometro baino gehiagora bizi den inork halakorik esango ez zuela konturatu zen Txomin.

-¿Eres vasco?

-Sí, de Bilbao- “Bost puxtarri!”

-¡Pues yo también! Bueno, de Bilbao no, vasco quiero decir. Soy de Beasain.

-Ya conozco…- “Argazkietatik baita ere seguraski”- ¿Y que vas? ¿De turismo?

-Pues sí. A recorrerme el país en quince días- “Erdia ikusten badut con un canto en los dientes esaten dena”.

Une horretan ingurura begiratu zuen Arrantzale Jones bilbotarrak norbait faltako balitz moduan.

-¿Sólo?

Galderak ezustean harrapatu zuen Txomin eta pentsatzen hasterako ezetz erantzun zion. Islandian lagun pare bat zituela eta haiekin pasako zituela oporrak. Lagun alegiazkoengatik ez galdetzeko errezoka hasi zen orduan eta erantzun automatiko horren arrazoia bilatu nahi izan zuen bere kaskezurrean. Alde batetik, bakarrik joatean babes gabe sentitu zitekeela pentsatu zuen eta badaezpada ere, ez zela komeni bakarrik zegoela inork jakiterik. Bere mesfidantza kontuan izanda ez zen harritzekoa izango. Beste alde batetik ordea, gezurra esatearen arrazoia lotsa zela pentsatu zuen, bakarrik zegoela onartzearen lotsa.

Hizketan jarraitu zuten eta arrantzale bilbotarrak urtero arrantza egitera leku ezberdin batera joaten zela kontatu zion. Bakarrik joaten zela “Honi ez dio ba lotsarik ematen bakarrik doala onartzeak…”. Hala ere, ez omen zen erabat bakarrik joaten interneteko arrantzale foro baten bitartez munduko beste arrantzale batzuekin geratzen zelako aukeratutako lekuetan. Islandian arrantzatzeko baimenik behar ote zen galdetu zion Txominek eta bere harridurarako, eremu pribatuetan bakarrik arrantzatuko zutela aitortu zion. Lur eremuaren jabeari adostutako dirua ordaindu ezkero ez omen zegoen inolako arazorik Islandian arrantzatzeko.

-¡Allí hay salmones hasta hartarse! Nadie se preocupa por ese tema. – Jo zuen amaitutzat bilbotarrak. – Mi sueño es ir a pescar a Canadá. He leído en el foro que allí los salmones son como tiburones! – Port O’Brianen Fisherman’s Son arrantzale abenturazalearentzat!”

Horrela doa Finlandia orain arte.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.21

Posted on

Buruan zituen ideiak aldendu nahian edo, hegazkina hartu aurretik zerbait jatea erabaki zuen Txominek. Berandu iritsiko zen Reykjavik City Hostelera eta horixe izango zen ziurrenik zerbait jateko izango zuen azken aukera. Kafetegira bidean, maletak plastikoz forratzen dituzten horietako postu bat topatu eta bere Suncampari horrelako zerbait ederki etorriko zitzaiola pentsatu zuen. Soka mordo bat zituen zintzilik eta hegazkinera bidean, horietako bat nonbait trankatu eta motxila galtzea zen nahi zuen azken gauza. Lehendabizi, bost euro eta hirurogeita bost zentimo kostatu zitzaion sandwicha jan zuen hiru euroko koka-kola baten laguntzarekin. “Islandiako prezioekin ohitzen joateko…”. Soberakinak zakarrontzira bota eta Suncamp handia plastikoz janztera joan zen. Zaku eta guzti forratzeko eskatu zion postuan jo eta su lanean zebilen hegoamerikarrari eta honek lana amaitzean, errugbi baloi erraldoi bat itzuli zion. Hegaldien informazio panelari begiratu eta oraindik berearentzat leihatilarik ez zegoela konturatu zen. Quechua txikia bizkarrean eta errugbi baloi erraldoiari ostikoka, kanpora abiatu zen hegazkinean sartu aurreko azken zigarroa erretzera “Erretzaile eserlekurik ez duzue ezta?” .

Zigarroak ez zion hiru minutu baino gehiago iraun eta Islandiara iristeko ikaragarrizko gogoa zuela konturatu zen. Irribarre txiki batek ihes egin zion pentsatze soilarekin. Terminal barrura sartu zen berriz ere bere ontziratzea zein leihatilatan egingo zen jakiteko grinaz “Venga hostia! Urduri jartzen ari naizela!”. Zortea izan zuen eta zigarroak iraun zituen hiru minutuetan bere hegaldiaren egoera aldatu eta alboan hogeita hamabi bat agertu zitzaion. Hogeita hamabigarren leihatilara gerturatzen hasi zen orduan eta bere harridurarako, hamabost bat pertsona topatu zituen bertan ilara egiten. “Ez nintzen asper-asper eginda zegoen bakarra gero! Zein da azkena?”.

Horrela doa Finlandia orain arte.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.20

Posted on

Flag_of_Iceland

El Ocho potolotik begiak altxatzea ere kostatu egin zitzaion. Atsedenaldi eta arakatze itzuliak barne, bost ordu luzez aritu zen irakurri eta irakurri. Gustura aritu zen baina ez zuen uste liburu horretaz lau urte barru gogoratu egingo zenik ere. 1988an idatzi zuen Katherine Nevillek eta gehiegi nabari zen. Ordenagailuek berebiziko presentzia zuten liburuaren hasieran behintzat eta Catherine protagonista ordenagailuetan aditua zen gainera. Pantaila aurrean ikusten zuena deskribatzen zuen bakoitzean, eskola garaian geometria klaseetan alde batetik bestera zerabilten dortoka puta gogoratzen zuen Txominek. Hori gutxi balitz, Carlo Magnorena izan zen xake joko magiko bat eta bere misterioa ziren istorioaren amua. “Flipada ederra izan behar da hau… kar kar kar”.

El Ocho itxi eta Quechua txikian sartu zuen berriz ere. Lekua egitean aitak bidaiarako oparitutako egunerokoa ikusi zuen. “Para que nunca puedas olvidar este viaje. O para que siempre puedas recordarlo”. Halako zerbait esan zion aitak bi egun lehenago egunerokoa modu erritualean eta seriotasun osoz oparitu zionean. Ideia ona iruditu zitzaion eta bidaian gertatzen zitzaionaz gain, bere ideia handi horren inguruko nota zein ideiak idazteko leku egokia izan zitekeela erabaki zuen. Aitak jakin bazekien Txominek zeraman bizitzak ez zuela betetzen eta guraso guztiek bezalaxe, bere semea zoriontsu izatea desio zuen nahiz eta batzuetan, ez zuen nola adierazi asmatzen. Tiradera zaharren autopsia egin eta idazten hasi zenean izugarri alaitu zen aita eta harrezkero, zertan ari zen galdetzen zion beti. Txominek artikulu txiki eta ipuinez hitz egiten zion orduan amaitu arte, ez baitzuen inorri bere ideia handiaren berri emateko asmorik. “Mundua zur eta lur utziko dut”.

Zortzirak jotzeko hiru minutu besterik ez ziren falta. Ordu eta erdi zuen aurretik oraindik Keflavikeko aireportura eramango zuen hegaldiaren ontziratzea hasteko. Kanpoko beroak terminala hartu zuen arratsaldean zehar eta izerditan blai zegoen dagoeneko “Norena zen ukondoa? Purerik bai?“. Hamaikagarren itzulia eman zuen El Prateko bigarren terminaletik nola ez, bi motxilak gainean zituela. “Ez dizkidate lapurtuko. Ez Horixe!”. Terminalean bertan bera bezalaxe asper-asper eginda zegoen jende mordoxka bat zegoela konturatu zen arratsaldean zehar. Bere alboko eserlekuan siamdarrak ziruditen bi neska asiar gazte zituen “Korearrak fijo!”. Sorbaldak bata besteari itsatsita zituztela zirudien. Eserlekutik altxatu eta ibilaldi txiki bat ematen zutenean ere, erabat koordinatuta eta kontaktua galdu gabe egiten zuten. Behiak errepide ondoan bazkatzen aritzen direnean bezalaxe. “Ni ez naiz inorretaz fido baina hauek ni baino okerrago daude burutik…”. Gainera erabat konjuntatuak zihoazen eta jantzita zituzten eguzkitako betaurreko handiek, beldurrezko filma japoniar bateko pertsonaia izatearen tankera esakintzen zieten “Japoniarrak fijo!”.

Parean, maletak garraiatzeko hiru karrorekin eraiki zuten kanpamenduaren babesean edozein diskotekatik atera berriak ziruditen lau kaniak zituen “Hauek lorik egin gabe daude oraindik. Nik uste japoniarren betaurrekoen behar handiagoa dutela siamdarrak beraiek baino”. Bikote gazte bat ere ikusi zuen behin baino gehiagotan arratsaldean zehar baina une hartan ez zituen topatu. Erabat maiteminduta zeuden “Putakumeak!”. Muxuka, besarkatuta edo elkarri laztanka pasa zuten arratsaldea eta amorru eta inbidiaren arteko zerbait sentiarazi zioten. Eneritzekin gogoratu eta ezinezkoa zela errepikatu zion hamaikagarren aldiz bere buruari.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.

Finlandia (1. atala) – 1.19

Posted on Updated on

Pelikulak fikzio izateari utzi zion pixkanaka eta Europa Iparraldera begira hasi nintzen berriz ere haurtzaroko ametsak berrartuz edo. Finlandia…  Dadoz erabaki eta banderaz jositako munduko txapelketa haietatik hona gauzak asko aldatu ziren eta herrialde eskandinaviar guztien artean, leku berezi bat irabazi zuen Finlandiak.

Ez dakit Erreala gogoratzen zidan koloredun bandera izan zen arrazoia baina betidanik egon zen Finlandia beste guztien gainetik. Gerora, Jari Litmanen futbolariaren jarraitzaile ere egin nintzen eta Munduko Kopa edo Eurokopen aurretiko faseak jokatzen ari ziren bakoitzean egunkarian Finlandiaren emaitza zein zen begiratzen nuen. Niemi atezaina,  Liverpoolen jokatu zuen Sami Hyypiä handia, Riihilahti, Kolkka, Litmanen. Horixe zen Pro Evolution Soccerrean jokatzen nuen bakoitzean aukeratzen nuen taldea. Lastima ez ziren sekula Munduko edo Europako txapelketa bateko fase nagusira iritsi…

Urte batzuk beranduago, Bilbon Soziologia ikasten nebilela, hizkuntza indoeropearrei buruz aritu zitzaigun irakaslea altu zein alu bat Soziolinguistika eskola batean. Talde horretatik kanpo, Europa eta Asia osoan, hiru hizkuntza besterik ez zeudela azaldu zigun. Jatorri ezezaguneko hiru hizkuntza besterik ez halako lur puska zabalean… Jakin banekien gure Euskara zela haietako bat eta jakin-minez itxaron nuen irakasle pedantearen azalpena. “Euskara, Hungariako Magyarra eta Finlandiako Suomia”. Hori esan bezain pronto, garai haietan gustuko nuen azkoitiarrari fitxak sartzera joan zen betiko moduan (Agur bat hemendik putakume harrentzat!).

Bat-batean, lotura horrek lurralde urrun harren eta nire arteko distantzia metro eskas batzuetara murriztu zuen. Haiek ere arraroak ziren, gu bezala, ni bezala. Nire ametsetako lurralde zenak beste dimentsio bat hartu zuen nire irudimenean eta paradisu utopiko baten moduko zerbaitean bilakatzen hasi zen. Guztia ulergarria izango litzatekeen txokoa, ulertuko ninduten lekua, ni neu ulertuko nintzatekeen tokia, Finlandia

Finlandia hitzak gainera bazuen beste esanahi bat. Fin-Landia horri beste zentzu bat ematen nion nire barnean, amaiera.  Ez amaiera  munduaren amaiera moduan (Nahiz eta Ferminek palestinoa galdu zuen lekuan egon) baizik eta ziklo baten amaiera, aldaketa. Hori zen agian bilatzen nuena… Aldaketa, hasiera berri bat. Pause egoera ahaztu eta play-ari sakatzeko leku egoki bat. Eskandinavian edo nire buruan egon zitekeen Finlandia hori. Gerora jakin nuen Fin hori, germanikoko finn-etik datorrela; ehiztaria alegia.

Horrela doa orain arte Finlandia.

Eta horrela non-original soundtracka.

Hauxe izango da denboraldi honetako azken Finlandia dosia. Irailaren lehen asteartean hemen izango duzue berriz online nobela eta gutxi faltako da gainera lehen atala amaitzeko. Ondo izan ordura arte!